Alaves 2-0 Levante

Altzairua itzuli da

Joko handirik ez egin arren, Alavesek merezita irabazi dio Levanteri, eta bolada txarra eten du. Europako postuetan da

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Alaves. Pacheco, Duarte, Laguardia, Maripan, Ximo Navarro; Brasanac (Manu Garcia, 73.min.), Wakaso; Pina, Jony, Inui (Rolan, 88. min.) eta Calleri (Baston, 90.min.).

Levante. Aitor, Luna (Owamena, 85. min.), Vezo, Cabaco, Coke, Jason; Doukoure, Vukcevic (Bardhi, 60. min.), Morales; Simon (Mayoral, 67. min.) eta Roger.

Golak. 1-0. Laguardiak (23. m.); 2-0 Jonyk (93.m).

Epailea. Undiano Mallenco. Txartel horiak: Alaveseko Pinari, Laguardiari eta Brasanaci; eta Levanteko Cabaco eta Lunari.

Bestelakoak. 13.691 ikusle Mendizorrotzan. Lehen bost minutuetan harmailak ia hutsak egon ziren ikusle gehienek astelehenetan futbola egotearen aurkako protestaldian parte hartu zutelako. Zale talde batek harmailetako buelta osoa egin zuen hilkutxa bat bizkarrean hartuta futbolaren heriotza irudikatzeko.

Alaves arrastora itzuli da, sasoi hasierako bide onera. Azken hiru asteetako emaitza eta joko bolada txarra alboratu, eta nagusitasunez irabazi zion atzo Levanteri. Nagusitasunez bai, azken txanpara arte ez zuelako gehiegi sufritu, baina beste munduko distirarik egin gabe. Abelardoren Alaves horrelakoa baita, altzairuzkoa, sendoa baina astuna, eta geldikako jokaldi bat baliatu zuen irabazteko. Garaipenak balio moral garrantzitsua du, burua altxatzeko, baina sailkapena pragmatikoa da, eta Gasteizko taldea Europa Ligako postuetara itzuli da.

Alavesek partida oso serioa jokatu zuen. Bere bertute eta gabezien erakustaldia egin zuen. Levanteri ez zion konbinatzen utzi, jokoa zelai erdian trabatuz, eta Morales kapitain sutsuaren korrikaldiak izan ziren arriskua sortzeko modu bakarra. Etxekoen aldetik, beste behin, Calleri izan zen iparrorratza, eta hura aurkitzeko bidea hegalak eta geldikako jokaldiak. Horrela iritsi zen lehen sustoa (15.min), aurrelariak langara bidalitako burukadarekin, eta Callerik berak eta Inuik baliatu ez zuten aldaratze banarekin. Japoniarrak lehen partida zuen, eta maila ona eman zuen. Zerbait ezberdina emango dio taldeari.

Gola geldikako jokaldi batean iritsi zen, korner batean (23. min.). Jonyk eskularrua du ezker oinean eta bere erdiraketa itxia Laguardiak buruz bidali zuen sareetara, bigarren zutoinean jauzi handia egin ondoren. Irten beharrean, Aitor Fernandez atezain arrasatearra atepean gelditu zen, eta gola erraztu zuen.

Alavesek nahi zuen tokian zuen partida, eta kontrolpean hartu zuen. Levantek jokoa sortzeko dituen arazoak agerian gelditu ziren, eta hark ere geldikako jokaldietan bakarrik sortu zuen arriskua bigarren zatian, baina ez askorik, etxekoek ondo zaindu zituztelako. 2-0ekoa Jonyk sartu zuen, 93.minutuan, Levanteren atzeko lerroaren opari handia baliatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.