Koronabirusa

Sindikatuek Jaurlaritzaren murrizketak salatu dituzte

Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT «oso kezkatuta» daude ikasturtearen amaieran eta hurrengoaren hasieran egon daitekeen egoerarekin. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari bilera bat eskatu zioten, baina ez diete erantzun. «Administrazio publikoari dagokionez, guk erregistratu genituen kezken inguruko erantzun batzuk jaso ditugu, baina ez haien eskutik, baizik eta ikastetxeetako zuzendaritzetatik, langileengandik edo beste bide batzuetatik: Berritzeguneetatik, Iraletik, prentsatik...». Sindikatuen arabera, erantzun horiek ez dira izan «eurek nahi zituztenak». «Baliabide ekonomikoak eta pertsonalak handitu beharrean, murrizketak egitea inposatzen dute».

Nabarmendu dutenez, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan iazko berak dira taldeak eta lanpostu zerrendak osatzeko zirriborroak. HHko eta LHko behin-behineko lanpostu zerrendak ikastetxeetara iristen hasi direla diote, eta murrizketak ezartzen ari direla jangela orduetan, eskola txikietan, espezialistetan, pedagogo terapeuten zerbitzuetan eta IBTetan.

Iraleren ikastaroak ere bertan behera utzi nahi dituzte, sindikatuek diotenez. Kezkatuta daude maila apaleneko ikasleei laguntzeko Hamaika Esku programagatik ere. Sindikatuen hitzetan, zerbitzu eginkizun horiek bertan behera uzteko agindua dago. Aipagarria iruditzen zaie hezkuntza laguntzako espezialisten kasua ere. «Ezinbestekoa da lantaldeak handitzea eta ikasleen ratioak jaistea, baina hurrengo ikasturteko aurreikuspenek ez diote erantzuten gure eskaerari».

Sukaldeko langileetan ere murrizketek eragina izango dutela diote, eta garbiketa indartzeko asmorik ere ez dute ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.