jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Gertukoen presioa

2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Merezi du Josean Arruzaren elkarrizketa irakurtzea. Asko baitaki kirolariek jasan behar izaten duten presioaz eta presio horren kudeaketaz. Horretan laguntzen die. Tresnak eskaintzen dizkie. Bidelagun izaten dute.

Goi mailako edo goi errendimenduko kirolarien presioari buruzko elkarrizketa bat da. Lehen ere jakina zen kirolariek presioa jasaten dutela. Beste kontu bat da goi mailako kirolariek jasaten duten presioarekiko ulerberak izan garen edo ez; gure enpatia maila kirolariek urtean irabazten duten diruaren edo haien kirolean egiten duten ahaleginaren —fisikoa eta mentala— araberakoa den.

Simone Bilesek berriro ere agerian jarri du goi mailako kirolariek jasaten duten presioaren karga. Arrakastaren eta perfekzioaren ikurrak esan du batzuetan munduaren zama sentitzen duela bizkar gainean. Olinpiar Jokoen moduko plaza batean azaleratu du, mundu guztia begira zuela.

Bilesen hitzak entzun edo irakurri dituztenek ziurrenik enpatia sentitu dute harekiko. Ulertu dute batzuetan —edo askotan— oso gogorra izan behar duela Biles izatea. Bilesek bere buruari eskatzen dion guztiagatik; baina, batez ere, besteek exijitzen diotenagatik, Arruzak presio exogenoa deitzen duenagatik.

Arruzak berak nabarmentzen duenez, presioa ez da goi mailako kirolarien kontua bakarrik. Gazteak aipatzen ditu. Jolastetik jokatzera pasatzen direnean sentitzen duten presioa eta horrek eragiten dizkien arazoak, presio horri aurre egiteko laguntzarik, tresnarik eta heldutasunik ez dutelako. Haurren eta gazteen ia edozein lehiaketatan ikusten dira seme-alabak estutzen dituzten gurasoak. Biles ulertu bai, baina gero haurrei espektatiba antzu eta astunez betetako motxila bat jartzen dietenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.