Goienak 'Hurretik' elkarrizketa saioa estreinatuko du gaur gauean

Bihar erreportaje landuen sorta berri bat ematen hasiko dira; lehena bikiei buruzkoa izango da

Kepa Errasti aktorea elkarrizketatuko dute bihar Hurretik saioko aurreneko atalean. GOIENA.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Debagoiena eskualdeko pertsonen (Gipuzkoa) jarduna gertutik ezagutzeko asmoz, Goiena telebistak Hurretik elkarrizketa saioa estreinatuko du gaur, 21:00etan—23:00etan berriro emango dute—. Julen Iriondo kazetariak aurkeztuko du programa, eta ikusleak harekin batera ezagutu ahalko ditu protagonistak. Aurreneko protagonista Kepa Errasti aktorea (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1981) izango da. Errastik azkeneko hilabeteetan Xake Produkzioak taldearen Mami Lebrun antzezlanean parte hartu du, eta lan horrek XVIII. Donostia antzerki saria irabazi du —hilaren 27an emango diete saria, eta egun horretan Viktoria Eugenia antzokian antzeztuko dute—.

Oihane Agirre Goiena telebistako zuzendariak iragarri du pertsonak «gertuago» ezagutzeko aukera emango duela saio berriak. «Errasti ezaguna da, baina datozen asteetako protagonista asko herrian ezagunak izan daitezke, baina ez oso ospetsuak». Aitor Montes Aramaioko (Araba) medikua eta Itziar Arkauz Oñatiko (Gipuzkoa) pailazioa izango dira elkarrizketatuetako batzuk.

Berrikuntza gehiago ere prestatu ditu Goienak egunotarako; bihartik aurrera «dokumental itxurako gertuko erreportajeak» emango dituztela iragarri du Agirrek. Ostegunean, bikiei buruzko Biki bizi lana estreinatuko dute, 21:30ean —23:30ean berriro ikusi ahalko da—. Hainbat galderari erantzuten saiatuko dira erreportajean: Nola sortzen dira bikiak? Genetikoki berdinak izateak badu eraginik euren izaeran? Zer-nolako lortura dute euren artean? Biki batzuk hizketan azalduko dira, eta tartean izango dira Arrasateko (Gipuzkoa) Mikel eta Aitor Orobengoa.

Datozen asteetan iritsiko diren erreportajeen artean, Urkulu urtegia egin aurretik auzo horretan zeuden baserrien eta herritarren istorioak jasoko dituzte Hura zen Goroeta lanean —Loriamendirekin elkarlanean egin dute—. Leintz ibarreko nerabeen artean drogaren kontsumo ohiturak nolakoak diren aztertuko dute Drogak nerabezaroan erreportajean. San Juan de Dios ospitalea (Arrasate) eta Uda kirol elkartea egiten ari diren lanketari buruzko erreportaje bat ere emango dute.

'Barru' kirol erreportajeak

Kirolarekin lotutako programazioan, bestalde, berrikuntza bat iritsiko da hilaren 22an: #HRMT saioaren lekukoa hartuko du Barru programak. Bertan, askotariko kirol erreportajeak aurkeztuko ditu Xabier Urzelai kazetariak. Aurreneko atalean, Debagoieneko eskalatzaileekin egongo da Urzelai.

Bihar, era berean, Kulturrizketak saioaren atal sorta berri bat emititzen hasiko dira. Biharko atalean, Zuriñe Hidalgo eta Amancay Gaztañaga ariko dira solasean aurrez aurre.

Harira saioan, herriz herriko mahai inguruekin hasi ziren atzo gauean. Udalekin lotutako gaiez eztabaidatuko dute astero, Eneko Azkarate aurkezleak gidatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.