Googlek kazetaritza enpresa handiei laguntzeko egitasmo bat abiarazi du

243 milioi euro inbertituko dituzte, harpidetzak egiten lagundu eta albiste faltsuei aurre egiteko

Richard Gingras, Google Newseko zuzendaria. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Google enpresak etekina atera ohi du kazetaritza enpresen edukien kontura; haien beharra du, neurri batean, eta asteon egitasmo handinahi bat aurkeztu du munduko egunkari handi batzuei laguntzeko. Google News Initiative izeneko egitasmoaren bitartez, enpresak «kalitatezko kazetaritza» indartu nahi du. Negozio eredu berriek hazkuntza «iraunkorra» izatea nahiko luke, eta hedabideei eskura jarriko dizkiete berrikuntza teknologiko batzuk.

Googlek egitasmo horrekin lotutakozerbitzu ugarijarriko ditu martxan; Subscribe with Google da horietako bat. Horren bitartez, erabiltzaileek zuzenean erosi ahalko dute hedabide baten harpidetza, kontuari lotutako datu pertsonalak erabiliz. Konpainiak hedabideen posizionamendua eta fidelizazioa erraztu nahi ditu. Ameriketako Estatu Batuetako Washington Post eta Miami Herald egunkariak hasi dira zerbitzua erabiltzen —Googlen profila, harpidedunaren kontua eta aukeratutako ordainketa modua integratzen dira klik bakarrean—. Modu horretan, erraztasunak ematen dituzte sakelako telefonoen erabiltzaileentzat.

Bestalde, harpidedun berriak lortzeko, Googlek irakurleen jokabidea antzemateko tresna bat jarri du hedabideen eskura: Propensity to subscribe izeneko tresnak inteligentzia artifiziala erabiltzen du horretarako.

Gaur egun, denbora urrea da sakelako telefonoen erabiltzaileentzat. Albiste bat kargatzeko denbora asko pasatzen baldin bada, arriskua dago irakurleak beste norabait jo dezan. Hartara, Googlek Accelerated Mobile Pages sistema sortu du, informazioa bizkor kargatzeko eta erabiltzaileek ez ditzaten hamar segundo baino gehiago itxaron behar albistera iristeko. Sistemak Stories izeneko aukera emango dio irakurleari; denbora laburrean, irakurleak irudiz eta bideoz osatutako diaporamak ikus ditzake bertikalean.

Albiste faltsuak

Doako hedabideei zuzenduta, inteligentzia artifizialeko aplikazio bat sortu dute, informazioari lotutako publizitatea filtratu eta hautatzeko. Bulletin aplikazioa sortu dute tokian tokiko hedabideentzat, «komunitatea sortzeko» xedez. Tresnak herritarren parte hartzea errazten du, sakelako telefonoaren bidez bereziki.

Googleko arduradunek ohartarazi dute gero eta zailagoa dela Interneten zer den egia eta zer ez bereiztea. Konpainiak iragarri du sistemak prestatu dituela azken orduko albisteen egoerak ezagutu eta «iturri fidagarriei» lehentasuna emateko. Googlek Disinfo Lab proiektua abiarazi du Harvardeko Unibertsitatearekin batera, hauteskunde garaian eta azken orduetan informazio faltsuei aurre egiteko.

Googlek Outline izeneko tresna ere aurkeztu du. Kazetariei Interneterako sarbide segurua emateko da, eta VPN zerbitzari baten konfigurazioa errazten du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.