Langileek ozen eta beltzez salatu dute PPk «bahitua» duela RTVE

RTVEko zuzendaritza ez da irail arte berrituko, PPk beste alderdien akordioa blokeatu duelako
RTVEko langile ugarik protestak egin zituzten atzo, beltzez jantzita, kameraren aurrean eta atzean.
RTVEko langile ugarik protestak egin zituzten atzo, beltzez jantzita, kameraren aurrean eta atzean. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2018ko apirilak 28
Luze jotzen ari da RTVE Espainiako irrati-telebista publikoaren zuzendaritza, kontseilua eta antolakuntza berritzeko prozesua. RTVEko langileak ez daude eroso egoerarekin, eta protestak egin zituzten atzo egoitza nagusietan, PPren «blokeoa» salatzeko. CCOOk eta langileen beste erakunde batzuek diote alderdi popularrak «bahitua» duela RTVE. «PPren helburua da ildo editorialaren bahiketari eustea, gutxienez, 2019ko hauteskundeak iritsi arte», kritikatu du CCOOk.

PSOEk, Podemosek eta Ciudadanosek akordio bat zuten, talde publikoa berritzeko eta lehiaketa publikora deitzeko. Alabaina, herenegun, PPk prozesua gehiago atzeratzeko erabakia hartu zuen. RTVEren zuzendaritza eta kontseilua berritzea onartzeko, Espainiako Kongresuko eta Senatuko mahaiek eman behar dute onespena. PPk gehiengoa du Senatuko mahaian, eta horrek erabaki du zerbitzu juridikoei bi txosten eskatzea: oposizioak proposatutako lehiaketa publikoaren prozedurari buruzkoa bata, eta azken erabakiko bozketaren formulari buruzkoa bestea. Kongresuak ere txostenak eskatuko ditu.

Senatuko presidenteorde Pedro Sanzek (PP) ohartarazi du urtarrilaren hasieran PSOEren eta PPren arteko akordio bat egon zela lehiaketa publikoaren deialdia egiteko: «Aurreko legearekin prozedura aldatzeko aukera bazegoen, baina beste taldeak ez zeuden ados».

PSOEko Margarita Roblesek, berriz, iragarri du ardura politikoak eskatuko dizkiola Kongresuko presidente Ana Pastorri, taldeen gehiengoak onartutako akordioa ez betetzeagatik. PPren erabakiz, Kongresuak eta Senatuak nork bere aldetik bozkatu beharko dituzte datozen hilabeteetan RTVE berritzeko prozedurak. Irailera arte, ez da aldaketarik egongo.

PSOEk legez besteko proposamen bat aurkeztuko du, RTVEren inguruko legeak batzeko. «Irrati-telebistaren independentzia indartzea, zerbitzu publikoa definitzea, kudeaketa gardena bermatzea eta finantzaketa sistema gaurkotzea» eskatuko du alderdi sozialistak, bide batez.

Manipulazioaren salaketak

PPren erabakiaren ostean, RTVEko langileak beltzez jantzi ziren atzo. Kamera atzean eta kamera aurrean egin zituzten protestak —albistegietako hainbat kazetari eta aurkezle beltzez agertu ziren, eta Maria Escariok esan zuen ez direla isilduko—. Albistegietako kontseiluak iragarri du astero egingo dituztela protestak: ostiralero jantziko dira beltzez, eta kanpaina bat jarriko dute martxan.

TVEko albistegietako kontseiluko hainbat ordezkari Bruselan egon dira egunotan. Telebistaren «manipulazioa» eta «zentsura» ikertzeko, Europako Parlamentuak haien eskaera onartu du, eta maiatzaren erdialdean egingo dute horren inguruko eztabaida. Kontseiluak eskaeraren berri eman dio Cecilia Wikstromi, eskaeren batzordeko presidenteari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna