EITBn konfiantzako karguen sistema amaitzeko proposatu du EH Bilduk

Albistegiburuak irizpide profesionalekin jartzea eta ikus-entzulearen babeslea sortzea nahi dute

Iñigo Cabacasen gurasoak Joseba Egibarrekin. Bideo horrengatik editore bat kargugabetu zutela salatu du LABek. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2016ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Sortuz geroztik, agerikoa izan da beti [EITBren] menpekotasun harremana botere politikoarekiko, Jaurlaritzarekiko». Hala salatu zuten atzo, Eusko Legebiltzarrean, Estitxu Breñas eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideek. Taldeak bi lege proposamen aurkeztu ditu EITBko albistegiak «benetan independenteak» direla bermatzeko. Orain, Jaurlaritzan agintean diren alderdietako konfiantzako kargudunek erabaki eta gainbegiratzen dituzte hedabide publikoetako informazio saioetako edukiak. Sistema hori kentzea eta editoreak «karrera profesionalean» oinarrituta jartzea proposatu dute. Horrez gain, ikuslearen babeslearen «figura autonomoa» sortzea nahi dute.

EITBn albistegietako buruak, erredakzio buruak, editoreak eta arlo buruak, besteak beste, agintean den alderdiak izendatzen ditu, EH Bilduko legebiltzarkideek salatu dutenez. «Hori da EAJk betidanik elikatu duen eredua, bere konfiantzako jendea ildo editoriala erabakitzen duten karguetan jartzeko aukera izateko». Aurreko legealdian PSEk eredu berari jarraitu ziola esan dute Breñasek eta Drondak.

Eskaera egin diote EITBko zuzendari nagusiari, bi hilabeteko epean proposamen zehatza aurkez dezala «karrera profesionala» sustatzeko. «Bermatu nahi dugu ildo editoriala erabakitzen duten kargu guztiak irizpide periodistiko objektibo eta profesionalen arabera bakarrik izendatuko direla». EITBko sindikatuek ere halako eredua ezartzeko eskatu dute, EH Bilduren arabera.

Iazko ekainean gertaturikoa kontrol politikoaren adibide gisa jarri du EH Bilduk: LAB sindikatuak salatu zuenez, eitb.eus atariko albistegietako arduradunak editore bat kargutik kendu zuen, «konfiantza galera» argudiatuta. Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramailea eta Iñigo Cabacasen gurasoen arteko eztabaida agertzen zuen bideo bat «bigarren mailan» jartzeko agindua ez betetzeagatik kendu zuten kargutik zuten editorea.

Ikuslearen defendatzailea

Bigarren proposamenean, ikus-entzulearen babeslearen figura autonomoa sortzea eskatu duEH Bilduk. Gaur egun, EITBko Administrazio Batzordeko buruak betetzen du eginkizun hori, baina EH Bilduk uste du egokia litzatekeela kargu hori sortzea, lan horretara dedikatzeko, «munduko beste telebista publiko askoren antzera». Defendatzaileak herritar orok egiazko informazio independentea eta plurala jasotzeko duen eskubidea zaintzea luke eginkizun. Bi hilabeteko epean,ikus-entzulearen babeslearen estatutuen inguruko «egitasmo zehatza» eskatu dio EH Bilduk EITBko zuzendaritzari.

EITB sortzeko legeak, besteak beste, informazioan «objektibotasuna, egiazkotasuna, alderdikeriarik eza eta aniztasunarekiko begirunea» zaintzea eskatzen die taldeko buruei komunikabide publikoen jardunaren oinarrizko irizpideetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.