Euskalerria Irratia FMko 98.3an adituko da astelehenetik aurrera

Lizentzia lortu arren, frekuentzia aldatzeko prozesua atzeratu egin du Opuseko unibertsitateak

Euskalerria Irratia osatzen duen komunitate zabaleko kideak izan dira frekuentzia berriaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / ARP.
Iker Tubia.
Iruñea
2016ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Astelehenean bukatuko dute mudantza. Euskalerria Irratiak azken orduak ditu FMko 91.4an, FM 98.3 frekuentziara salto eginen baitu astelehenean. «Legezkotasun, indar eta kalitate osoz» hasiko direla azaldu du Maialen Uharte esatariak, eta «bazterkeriarik gabe». 28 urte luze igaro dira Iruñerriko irrati euskalduna emititzen hasi zela, eta azkenean behar bezala lan egiteko aukera izanen dute.

Traba asko izan dituzte bidean, baita azken txanpan ere. Nafarroako Gobernuak abuztuan iragarri zuen lizentzia emanen ziola irratiari, baina orain arte ezin izan dute maiztasuna aldatu. Azaldu dutenez, Opuseko unibertsitateak behin-behineko luzapena eskatu zion epaileari, eta horregatik berandutu da aldaketa.

Atzerapenak atzerapen, azkenean ailegatu da lizentziarik gabe lan egiteak zekarren zama alde batera uzteko garaia. Ezkaba menditik emitituko du Euskalerria Irratiak, 2 kilowatteko potentziarekin. Aldaketa egiteko 25.000 euro inguru behar izan dituzte, eta, horretarako, bazkideen eta iragarleen laguntza izan dute. Gainera, legezko izaerak instituzioekin harremanak normaltzeko aukera eman die.

Uhartek urratsaren garrantzia nabarmendu du: «Egun handia da Iruñerriko euskaldunentzat, behingoz euskarazko irratia entzuterik izanen baitute, arazo teknikorik gabe, traba administratiborik gabe, azpikeria politikorik gabe». Antzera mintzatu da Juan Kruz Lakasta esataria: «Hemen arazo bat izan dugu bizikidetzarekin, bazterkeriarekin eta demokraziarik ezarekin».

Lakastak nabarmendu du, lehen bezala, «ahalik eta zerbitzurik onena» eskainiko dutela, baina orain gainerako irratiekin aukera berdintasunean lehiatuz. Frekuentzia berria estreinatzeko aldaketa izanen dute hizpide. Hala, Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Iñaki Iriarte UPNko parlamentari eta EHUko irakaslea izanen dira FMko 98.3an mintzatuko diren lehenbiziko gonbidatuetako hiru.

Gertatutakoa ahantzi gabe

Aurrera begira baikor eta gogotsu agertu dira Euskalerria Irratiko langileak, baina atzean ere jarri dute soa. Mikel Bujanda irratiko zuzendaria arduratu da horretaz. Gogorarazi du 28 urte egin dituztela lizentziarik gabe emititzen. «Behin-behinean hasi ginen baimenik gabe, eta oraintxe bukatu da behin-behinekotasun egoera hori». Ez baitziren lizentzia lortu arte zain egon emititzen hasteko. Erabaki hori txalotu du Bujandak, baimena lortzeko zenbat denbora igaro den ikusirik.

Gogoan izan du «oztopo jartzaile indartsuak» ere izan dituztela aurka: «Sare instituzional, politiko, mediatiko eta akademiko bat». Horregatik, eskerrak eman dizkie traba horiek gainditzeko bidean lagun izan dituztenei. Euskalerria Irratiaren inguruko komunitateko kide batzuk agerraldian egon dira, babes hori berresteko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.