Tokikomeko edizio digitaletako edukiak 'Gurean.eus'-en, une oro

Euskarazko komunikabide digital berriak gertuko errealitatearen «leiho globala» eskaini nahi du

Tokikomek iragarri du sakelako telefonoetako diseinuak izango duela lehentasuna Gurean.eus-en. TOKIKOM.
urtzi urkizu
2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Euskarazko hedabide digital berri bat sortu du Tokikomek, toki komunikabideen bateraguneak: Gurean.eus. Euskal Herriko gertuko errealitatearen «leiho globala» izatea du helburu, Tokikomen arabera, eta sarean dagoen elkarlanerako gune irekia ere izan nahi du; gai bakoitzaren gainean hainbat komunikabidek sortutako kronika eta analisiei zein Tokikom osatzen duten komunikabideen irakurleen eta erabiltzaileen iritzi eta ekarpenei irekia egingo da. Gurean.eus-ek Tokikom osatzen duten 60 komunikabideen edizio digitalek sortutako albiste guztiak bateratzen ditu, komunikabide jeneralisten ohiko sailetan antolatuta: Gizartea, politika, ekonomia, kultura, kirolak, ekitaldiak, hezkuntza, euskara eta iritzia.

Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendariak nabarmendu du edukien biltzaile bat eskaini nahi dutela hedabide digital berriarekin: «Abiapuntua sinplea da: Tokikomeko toki komunikabideen sarean informazio kopuru erraldoiak sortzen ditu egunero. Gurean.eus-en atzean dagoen ideia da herriz herri, auzoz auzo sortutako eduki hori guztia batu eta erakusleiho berri batean erakustea, tokiaren arabera bainoago, gaiaren arabera ordenatuta». Hartzaileari begirako proposamena da. «Hedabide berriarekin egunerokotasunaren ikuspegi guztiz ezberdina erakutsi ahal izango diogu publikoari, gertutasunean oinarrituta, ohiko hedabideen agendatik kanpo gelditzen diren gaiak azaleratuz». Artolazabalek hedabide berriaren sorrerarekin emandako pausoa nabarmendu du: «Gure mundua, ikuspuntua eta ideiak handiago egin nahi ditugu, guztion artean integratzaileagoa eta hobeto informatua den oraina eraikitzeko».

Nahiz eta hedabide digitala edozein gailutan irakur daitekeen, Tokikomeko iturriek adierazi dute lehen diseinua eta lehentasunezkoa sakelako telefonoetarako izango dela. Edonola ere, tableten eta mahaiko ordenagailuen bidez irakurtzeko ere prestatua dago Gurean.eus.

Era berean, edozein tokiko komunikabidek bere webgunean Gurean.eus txertatzeko aukera emango dute, azaleko edukiarekin edo atal jakin bateko edukiarekin (https://gurean.eus /info/widget/).

Artolazabal pozik azaldu da hedabide digital berriak ematen dituen aukerekin: «Gurean-i esker, hainbat komunikabidetan sortzen diren albisteak eta haien tratamendua ia momentuan jarraitzea ahalbidetzen digun tresna boteretsua daukagu, zeharka nolakoak garen, nola pentsatzen eta sentitzen dugun ere erakutsiko diguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.