Hedabideak, finalari begira

BERRIAk luze eta zabal landuko du webgunean.Tele5 kateak emango du partida, 21:30ean

Athleticeko eta Bartzelonako zaleak, giro onean, finalaren atarian. MIGUEL TOÑA / EFE.
urtzi urkizu
2015eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Camp Noun jokatuko dute Espainiako Kopako finala Athleticek eta Bartzelonak, gaur. Zelaian izango dira milaka zale zuri-gorri. Baina izango dira finalaren berri zuzenean jasotzeko beste modu batzuk ere, telebistaz, irratiz eta Internet bidez. Telebistaz ikusiko dute askok, Tele5ren bidez (21:30). Manu Carreñok egingo du kontakizuna, Kiko Narvaez eta Lobo Carrascoren laguntzarekin.

BERRIAk partidaren inguruko gorabehera guztiak kontatuko ditu webgunean. Bartzelonatik egingo du kontakizuna Imanol Magro kazetariak, eta Lara Madinabeitiak giroaren eta partidaren ondorengo erreakzioen bideoak egingo ditu Berria Telebistarako.

Euskadi Irratirako, Haritz Gallastegik eta Maitane Urbietak egingo dute finalaren kontakizuna, Bartzelonatik. Athletic Hiriko giroaren berri Lander Eizagirrek emango du. Aditu taldean, Angel Garitano Ondarru, Aitzol Atutxa, Juanan Larrañaga eta Bittor Alkiza izango dira.

ETBk programazio berezia prestatu du gaurko finala dela-eta. ETB2k ¡Aupa Athletic! saioa emango du, 13:30etik 21:00etara —tartean albistegia izango da—. Klaudio Landak eta Jose Ituartek aurkeztuko dute Bartzelonatik. ETB1ek, berriz, 21:00etan hasiko du lau orduko zuzeneko saioa. Sara Gandara izango da aurkezle, Bilboko EITBren egoitzatik, eta Txemi Galarraga Bartzelonan ariko da. San Mames estazioan jarriko dute arreta nagusia, han milaka zalek ikusiko baitute finala. Giroaren berri emango dute Joseba Urkiolak eta Iban Bengoetxeak. Hiriko beste toki batzuekin ere egingo dituzte konexioak: Amane Ibañez Plaza Barrian egongo da, eta Iker Zabala, Poza Lizentziatua kalean. Bermeon ere izango da ETB. Finala amaitutakoan, partidaren analisia egin eta protagonistak elkarrizketatuko dituzte.

Interneten eskaintza berezia egin dute aurreko egunetan Bilboko Uriolak, Geuria.info-k eta Jauziak. #GabarrarekinAmesten bideo sortan Athleticen inguruko hainbat testigantza bildu dituzte, lehen pertsonako bizipenak azaleratu eta klubak gizartean duen eragina irudikatzeko. Euskarazko bideo sortan, Igor Elortza bertsolaria, Endika Guarrotxena jokalari ohia, Josu Bergara kantaria eta Janire Fragua kazetaria elkarrizketatu dituzte. Athleticeko jokalari batzuen lekukotzak ere jaso dituzte. Horrekin batera, hainbat herritar grabatu dituzte taldeari animoak ematen.

Hamaikaren Hamaikakoa saioan finalaren inguruan ariko dira astelehenean, 22:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.