Emakumeen hilabetea La2en

Martxoaren 8aren atarian, emakumeekin lotutako hainbat saio eta film emango dituzte

Katherine Hepburn aktoreari buruzko dokumental bat emango dute gaur gauean La2 katean. TVE.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, egunotan TVEk andreekin eta berdintasunarekin lotutako emankizunak sartuko ditu bere kate guztietako programazioetan. La2 katean, martxoa emakumeen hilabetea izango da; ostegunean hasi ziren saio bereziekin. Gaur, adibidez, La noche temática saioan Katherine Hepburn eta Rita Hayworth aktoreei buruzko dokumental bana emango dute (23:25).

Astelehenean, Josefina Carabias kazetariaren inguruko lana emango dute Imprescindibles saioaren barne. Asteartean, berriz, Documentos TV saioan La poetisa dokumentala emango dute. Hissa Helal olerkaria da lan horretako protagonista, Milioiaren olerkaria lehiaketa arabean parte hartu duen aurreneko emakumea. Hilaren 10ean, Arabia Saudin emakume batek zuzendutako aurreneko filma emango da: Wadjda.

La1 katean, emakumeen ikuspegitik prestatuko dituzte programa nagusiak martxoaren 8an. Haurrei zuzendutako Clan katean, berriz, Monica Chefek hainbat pieza egingo ditu, neskek euren ametsak betetzen saiatzeak duen garrantzia adierazteko.

RNE irratian, emakumeengana gerturatuko dira hilaren 11 bitartean, hainbat ikuspegi aintzat hartuz bai albistegietan bai magazinetan.

Playz kanal digitalean, En la brecha dokumental interaktiboa estreinatu dute; bertan, lan arloan dauden ezberdintasunak jaso dituzte.

Bestela, CCOO sindikatuak salatu du RTVEn parekidetasunik ez dagoela. Eman dituen datuen arabera, RTVEn lan egiten duten emakumeek %6,7 gutxiago kobratzen dute gizonezkoek baino. Zuzendaritza postuetan, %23,46 dira emakumezkoak. «Gizonek zuzentzen gaituzte, ez gaituzte aintzat hartzen, merezi bezala», salatu du CCOOk. RNEn, zuzendaritzako bederatzi postuetan ez dago emakume bakar bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.