Komedia kutsua izango du 'Go!azen' telesailaren laugarren denboraldiak

Astelehenean hasiko dira filmatzen. 'Mugimenduan tinko' bideoklipa grabatu zuten atzo

Telesaileko taldea, Mugimenduan tinko kantaren bideoklipa grabatzen, atzo Lekeition. ETB.
Edu Lartzanguren.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Go!azen telesailaren laugarren denboraldia astelehenean hasiko dira grabatzen. Denera, 45 filmaketa egun beharko dituzte, eta Donostian, Oiartzunen eta Azpeitian (Gipuzkoa) arituko dira. Udazkenean hasiko dira 13 atal berriak ematen ETB1en.«Udaleku berri bat da, eta abesti berriak, dantza berriak eta aktore berri batzuk izango ditugu», esan du Jabi Elortegi zuzendariak. Denboraldia iragartzeko, berriz, Mugimenduan tinko bideoklipa grabatu zuten atzo, Arratzun, Lekeition eta Oiz mendian (Bizkaia).

Denboraldiak dakartzan berrikuntzen artean, Itziar Urretabizkaia aktorea dago. Haren pertsonaiak ingleseko irakasle postua hartuko du Basakabin, iazko Erika ez baita egongo sasoi berrian. «Pertsonaiak sorpresa batzuk dakartza udalekura», iragarri du Elortegik. Urretabizkaiak Lutxirena egiten zuen Goenkale-n, eta Hasiberriak saioan ere aritu zen. «Komediako aktore bat nahi nuen, eta harekin gogoratu nintzen. Casting-ean maitemindu egin nintzen harekin», esan du Elortegik. «Aktore-aktorea da». Irakasleak alaba bat du, baina ez dago ezkonduta. Zuzendariaren pentsamoldearekin talka egingo du horrek. Alaba ere, barnetegian dago, ikasle, baina sekretupean gordeko dute, zuzendarien aurreiritzien beldur. Komedia kutsua emango dio horrek telesailari. Gizarte gaiak landuko dituzte sasoi honetan ere. «Euskal Herriko kaleko bizitzaren ahaide izaten saiatuko gara. Kalean bizitzen dena gure gidoietako alde garrantzitsua izatea nahi dugu», esan du Elortegik. Sakelako telefonoa izango da gai horietako bat: nola erabili, sare sozialetara igotako mezuen arriskuak...

Maria Redondo da beste aktore berrietako bat. Zuri pertsonaiarena egingo du. Ikasle berria izango da. Go!azen lehiaketatik dator Redondo, horren irabazle izan baitzen. «Abesten eta dantzatzen artista bat da», esan du Elortegik. «Oso ondo integratuko dela uste dugu». Antzerkigintzan ibili da 17 urteko gaztea.

Birziklatzearen garrantzia

Sasoi berriaren kantua izango da Iker Laurobak sorturiko Mugimenduan tinko. Ingurumenari buruzko mezua izango du bideoklipak: birziklatzearen garrantziaz ohartarazi nahi dute.

Aurreko denboraldian aritutako Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Aritz Mendiola, Asier Burguete, Oihan Moreno, Nerea Mazo, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristain aktoreek jardungo dute laugarren sasoian ere. Redondorekin batera, Iker Villa eta Aitor Paterson aktoreak hasiko dira telesaileko gaztetxoen lantaldean. Helduen artean, Urretabizkaia hasiko da, eta Ramon Agirrek, Karmele Larrinagak, Inma Fernandezek eta Asier Oruesagastik beren roletan jardungo dute.

Aurtengo errepertorioan, besteak beste, Negu Gorriak, Berri Txarrak, Sugan, Kortatu, Hertzainak, Izaro, Ze Esatek!, Hesian, Delirium Tremens, Gatibu eta Katamaloren kantak sartuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.