Baionatik, urte bat geroago

Euskal Irratiek ETAren armagabetzeaz saioa egin dute, eta BERRIAren webgunean ikus daiteke

Mixel Berhokoirigoin, Enekoitz Esnaola, Goizeder Taberna eta Battitt Crouspeyre, Baionako herriko etxean, atzo. BOB EDME.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Urte bat beteko da bihar ETAren armagabetzea gertatu zela. 2017ko apirilaren 8a zen: Baionako Herriko Etxean jaso zuten ETAren armen eta lehergaiei buruzko informazioa, eta Frantziako autoritateen esku utzi zuten. Orduan jazotakoak eta ondotik etorritakoak aztertu zituzten atzo goizean Euskal Irratiek, Baionako Herriko Etxean bertan —lehen aldia da han irratsaio bat egiten dutena—. Battitt Crouspeyre eta Kristof Arotzarena esatariek gidatu zuten Goiz Berri saioa, bake prozesuaz mintzatzeko. Berria telebistak ere zuzenean eskaini zuen emankizuna, eta irratsaioa osorik ikus eta entzun daiteke noiznahi BERRIAren webgunean.

Armagabetzeaz, Luhusoko ekinbideaz eta bake artisauen lanaz aritzeko, hainbat gonbidatu izan zituzten programan: Txetx Etxeberri bake artisaua eta Maitena Tikoipe Bake Bidea elkarteko kidea 2017ko apirilaren 8an bizitakoaz mintzatu ziren; ondotik, iraganaz eta geroaz hitz egin zuten Mixel Berhokoirigoin bakegileak, Anaiz Funosas Bake Bidea-ko kideak eta Foro Sozialeko kide Agus Hernanek. Lucien Betbedere Auzapezen Biltzarreko burua eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza izan ziren beste gonbidatu batzuk.

Armagabetzearen gaia gertutik jorratu duten kazetariek ere hartu zuten hitza irratsaioan: Goizeder Taberna Mediabask-eko kazetaria eta Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetaria aritu ziren solasean; Esnaolak Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua idatzi du —BERRIAren webgunean eros daiteke—.

Armagabetzearen urteurrenean, bestalde, Bake Bideak hiru eguneko foro bat antolatu du asteburu honetarako, eta horietan esandakoak jasoko dituzte bai Euskal Irratiek bai BERRIAk. Gaur, Baionan euskal presoen inguruko eztabaida bat egingo dute. Bihar, Koldobika Jauregi eskultorearen Arbolaren egia obra estreinatuko dute Baionan bertan, eta Euskal Irratiko esatariek horren berri ere emango dute. Kanaldude telebistak foroko ekitaldiak grabatuko ditu egunotan.

EITBko irratiak

EITB taldeko irratietan ere ETAren armagabetzeaz eta bake prozesuaz mintzatuko dira asteburu honetan. Euskadi Irratiko Amarauna saioan, Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetaria elkarrizketatuko dute gaur —10:00etatik 11:00etarako tartean—. Bixente Vrignon Radio Franceko kazetariarekin ere hitz egingo dute. Andoni Lizeaga berriemailea Baionatik ariko da eta Bake Bideak antolatutako foroaren berri emango du Euskadi Irratirako.

Radio Euskadirako Nerea Olaso berriemaileak egingo du gaur kontakizuna. Bihar, berriz, gaztelaniazko irratiak Baionatik egingo ditu 08:00etako eta 14:00etako albistegiak. Ander Arzak esatariak gidatuta, honako gonbidatu hauek izango dituzte: Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkaria, Juliette Brgouignan Bake Bideko kidea eta Txetx Etxeberri bakegilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.