Arrauna. Kontxako Bandera

Gaur goizean hasiko dira argitzen hainbat zalantza

Hamabigarren bandera izango dute gaur jokoan emakumezkoek Kontxan, eta Orio da faboritoa. Arraunek zenbat estutuko duen ikusi beharko da, eta Riveirak kendu egin du bere burua faborito zerrendatik

Riveirako arraunlariak atzo, irribarrez, Donostiako badian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Kontxako Banderan emakumezkoak arraunean hasi zirela badira hamaika urte, eta aurten hamabigarren aldia izango dute. Ametsik handiena, jakina, bandera irabaztea dute arraunlariek, eta, oraingoz, hiru talde bakarrik ageri dira palmaresean: Galiziak irabazi zituen aurreneko bost banderak, Zumaiak seigarrena, eta San Juaneko bost erreskadan kateatu zituen. Azken biak dira garaipena berriz lor dezaketen talde bakarrak, gainontzeko seiak ez baitira inoiz irabazle izan Kontxan: Orio, Arraun Lagunak, Hibaika, Hondarribia, Donostiarra eta Riveira.

Aurreneko zalantza horren erantzuna ez da jakingo gaur zortzi arte, baina aukera handiak ditu Oriok lehen aldiz irabazteko bandera preziatua. Faboritoa da, Euskotren ligan estropada bat ez beste guztiak irabazi dituelako, eta Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan ere garaile izan zelako. Duela hamar urte sortu zuten taldea oriotarrek, eta urteetako lanak aurten eman duen fruitu oparoa erabat gozatzeko aukera handia dauka bi igande hauetan.

Arraun Lagunak du gertuen, edo hala behar luke, behintzat. Ligan atzetik izan du estropada guztietan, eta aurrea ere hartu zion behin, uztail hasiera hura urrun badago ere. Ikusi egin beharko da ea orain arteko maila onena emateko gai den Donostiako taldea, eta horrek balioko liokeen Orio estutzeko. Uda honetan, behin bakarrik ez da joan Oriorekin txanda berean, eta Euskadiko Txapelketan izan zen. Erraz menderatu zuen txanda Arraunek, eta gutxi behar izan zuen Orio menderatzeko. Gaur ere ez dira txanda berean joango: oriotarrak aurrenekoan, eta Arraun bigarrengoan, txapelketan ez bezala, orduan Arraun izan baitzen lehiatzen lehenengoa.

Bi talde horiek ageri dira beste seiak baino koska bat gorago, eta bi horien artean ere bada tarterik. Gainontzekoek zer emango duten asmatzen ez dago erraza. Galiziako ordezkari bakarra Riveira izango da. Iaz banderaren lehiara etorri zen, baina aurten ez du ematen hala izango denik, atzo Natalia Tubio patroiak esan zuenez goizeko entrenamenduaren ondoren: «Sailkatze estropadan ez genuen onena erakutsi, baina horrek ez du esan nahi Orioren parean gabiltzanik».

Besteak, berdinduta

Datorren igandeko ohorezko txandan sartzeko egongo da lehia bizia, eta zail dago asmatzen zein bi talde ariko diren Orio eta Arraunekin batera, horiek berea eginez gero txanda nagusian behar lukete eta. Hibaika, Zumaia, Hondarribia, San Juan, Riveira... Nerea Perez Hondarribia taldeko patroiak argi esan zuen: «Lan ona egiteko itxaropenez eta gogoz gaude. Ea itsasoa gaizto jartzen den: guretzat, hobe».

Gaur, txanda batetik bestera ez da eguraldi aldaketarik espero, eta horrek ere berdindu egingo du borroka hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.