Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Hito

2014ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Hiru aldiz izan dira herbeheretarrak txapeldunorde: 1974an, Alemaniako Errepublika Federalean, bertakoen kontra; 1978an, Argentinan, argentinarren kontra; eta, 2010ean, Hegoafrikan, espainiarren kontra. 78koan, Videlaren diktaduraren pean jokatu zenekoan, etxean geratu zen Cruyff, eta keinu hura erregimen hiltzaileari egindako boikot gisa hartu bazen ere, aurrerago argitu zuen ez zela horregatik izan.

—Atezain bat, Suediako Ronnie Hellstrom, izan zuan jendaurrean salaketa egin zuen bakarrenetakoa —esan zidan Aldok…. Mundialeko irekiera-ekitaldira joan ordez, Maiatzeko Plazako Amei batu zitzaiean. Esan nian: beste kasta batekoak gaituk atezainak!

—Eta zer zerikusi dik honek Anton Geesinkekin?

—Itxoin ezak! Japoniarrek kirol-olinpiko egin ziaten judoa Tokion, 1964ko Olinpiar Jokoetan. Pisu arin, ertain eta astuneko urrezko guztiak irabazi zitiztean, baina garrantzitsuena falta! Itxiera ekitaldiaren aurretik jokatzekoa zuan pisu libreko finala. Japoneko nazio ikurra zen Akio Kaminagak nor eta Anton Geesink herbeheretarra —herbeheretarra!— izango zian aurrez aurre, Hiro Hito enperadorea ere bertan zela. Irudika ezak: hire kirola, hire OlinpiarJokoak, nazio osoa hiri begira...., eta kale! Hura bai Maracanaçoa eta ez Brasilekoa! Niponaçoa! II. Mundu Gerratik jasotako porrotik krudelena! Makina batek egin zian bere buruaz beste! Badakik nolakoak diren japoniarrak...

- Hi, Aldo, non irakurri duk hau dena?

- Ez al didak sinisten?

Herbeheretarrek, argentinarrei irabaziz gero, etxekoak izan ditzakete -berriz!- aurkari finalean. Akaso, futbolaren tenplu handienean, Maracanan, irabaziko dute, euren aberkideak judoarenean nola, kirol honetako tronu garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.