HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK (VI)

Estereotipoak apurtuz

Maia hizkuntzak hiztunak galdu ditu azkeneko urteetan. Yuuyum irratiak egoerari buelta eman nahi dio. Internet bidez emititzen dute, eta Mexikoko eta AEBetako entzuleen mezu ugari jasotzen dituzte.

Elisa Chavarrea Chim esatariak Jaalk'ab Tuukul literatur saioa egiten du Yuuyum irrati maian. YUUYUM.
urtzi urkizu
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Gure hizkuntzan egin dezakeguna eramaten dugu irratira: informatu, kantatu, entzun, protesta egin, seinalatu, hausnartu eta batu». Hala dio Yazmin Novelok, Yuuyum irratiko esatariak —irratiaren ekoizpen lanetaz ere arduratzen da—. Maiaz emititzen du irratiak, Meridatik (Yucatan, Mexiko). 2016ko otsailaren 22an hasi zituzten emankizunak, eta Novelok nabarmendu du herritar askoren borondateari esker ari direla aurrera egiten. «Irratian parte hartzen dugunok ez dugu soldatarik jasotzen. Horren eraginez, batetik, askoren batuketa da irratiaren emaitza. Baina, bestetik, zailtasunak ditugu aurrera egiteko, irratian ari garenok ezin diogulako proiektuari nahi adina denbora eskaini», gaineratu du.

Irratiak Internet bidez baino ez du emititzen. Programa gehienak astelehenean egiten dituzte, 17:00etatik 22:00etara —gero, entzuleen eskura izaten dira www.yuuyum.org webgunean—. Kan Maaya irratsaioan, Mirna Canul eta Tere Pool esatariek maieraz ikasteko eskola praktikoak ematen dituzte astero; maia herriaren pertsonaia garrantzitsuen inguruko irrati-nobela bat egiten dute; Guadalupe Chan kazetariaren esku gelditzen da asteroko albistegia; Elisa Chavarreak, berriz, literatura maiari buruzko Jaalk'ab tuukul saioa egiten du; Novelok eta Socorro Cauichek xKumalo'ob saioa gidatzen dute —askotariko gaiak lantzen dituzte ikuspegi feministatik—; eta Jose Icek, Orlando Balamek eta Betty Gomezek idazle maien testuak errezitatzen dituzte Ki'ichkelem T'aan saioan. Saio hori eta maia ikasteko programa elebidunak dira, eta gainontzeko guztiak maia hutsean egiten dituzte.

«Hizkuntza ikusarazteko»

Novelok nabarmendu du irratia kolektibo bat dela eta ez dutela egitura hierarkikorik. «Lanak banatu ditugu, baina saiatu gara partaide bakoitza bere lan erritmora egokitu dadila eta bere interes profesionalen arabera har ditzala betebeharrak».

Yuuyum irratiko partaideak pozik daude, gizartean erantzun ona izaten ari direlako. «Ez gara bakarrik maia hiztunentzat ari, eta ez ditugu soilik Mexikotik jasotzen mezuak. AEBetan bizi diren maiek entzuten gaituzte: Portlanden, San Frantziskon, Los Angelesen, Seattelen eta Arizonan. Hartzaileentzat, Yuuyum irratia entzutea haien sustraiekin berriro konektatzea bezala da», azaldu du Novelok. Irratiak orri bat du Facebooken, eta entzuleek iruzkin asko idazten dituzte. «Motibatzailea da, erakusten digulako entzuleak adi daudela».

Gaineratu du irratiko denek argi dutela zeintzuk diren irratiaren helburuak: «Gure hizkuntza ikusarazteko tresna izatea, erabilerarako espazio bat sortzea, eta maia izatearen estereotipoen aurka rol aglutinatzailea jokatzea». Irratiko partaideen artean, bestalde, hainbat jatorri eta ogibidekoak daude. «Maia herria pobrea eta itxaropenik gabekoa delako ideia zabaldua hankaz gora jartzen du horrek», dio esatariak.

Helburuen artean, berriz, orain arteko kolektiboa figura juridiko egonkortu bihurtzea dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.