Oriok aldea lortu du Zarauzko lehen egunean

Arraun Lagunaki 10,96 segundo atera dizkio Ikurrina irabazteko lehian. Behealdean, Tolosaldea puntu batera jarri zaio Donostiarrari

Orio atzo Zarautzen, barruranzko luzean, branka uretatik kanpo duela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Oriok sendo segitzen du Euskotren ligan. Lehiaketa aurreko larunbatean irabazi zuen Ondarroan, eta atzo, Zarauzko estropada irabazteko lehen pausoa eman zuen. Sendoa eman ere. Arraun Lagunaki 10,96 segundo atera zizkion, eta gaurko bigarren jardunaldirako (11:30) gauza asko dauzka alde bandera preziatua irabazteko.

Hasieratik hartu zuen burua Oriok, lehen kaletik. Alboan izan zuen Arraun, eta harago, Donostiarra eta Tolosaldea. Itsasoa zakar, ia bi metroko olatuekin, baina nahasia. Arraunerako txarra. Orio moldatu zen ondoen. Ziabogan, bost segundo atera zizkion Arrauni, baina bigarren luzean, kaleak kondenatuta, ezin etekin gehiago atera. Baina beharrik ere ez. Atzetik, Arraunek nahikoa lan zeukan trainerua gogortuta eta zuzen ekartzen. Ziaboga eman orduko, Oriok are gehiago egin zion ospa. Ez zen ezusterik izan bukaeran.

Beste lehia bat, eta ez edonolakoa, Tolosaldeak eta Donostiarrak izan zuten. Ligako azkeneko postuak kondena dauka: jaitsierako kanporaketa jokatu beharra. Donostiarrak bi puntu goitik ekin zion, baina bat galdu zuen bidean, eta bat bakarrik du fabore orain. Tolosaldeak aurrea hartu zion, eta, estropada nola joan zen ikusita, ezustea ez zen izan. Soilik hasieran sartu zio branka aurkariak. Hortik aurrera, Tolosakoen urdina aurretik. Bospasei segundoko koska ere izan zuen alde, eta poparean, ez zuen aparte izan Arraun bera ere. Donostiarra suspertu egin zen barrurantz, baina ezin aurrea hartu Tolosaldeari.

Gaur erabakiko dute zein doan kanporaketara. Berdinketa egoteko, Tolosaldeak irabazi egin behar dio berriz ere Donostiarrari, eta, elkarren arteko lehiak kontuan izanda, berdinduta bukatuko zuketenez, Tolosakoak lirateke hirugarren.

Datorren urtekoa, zehazten

Liga nagusian Hondarribia eta Hibaika ere ariko dira datorren udan. ETE ligako lehen bi postuetan amaitzea bermatu zuten atzo bi taldeek Zarautzen, azken-hirugarren jardunaldian. Ligako garailea bietako bat izango da; Hondarribia da bost puntu goitik. Atzo ere hurrenkera horretan amaitu zuten. Zumaiak egin zuen hirugarren, eta lau puntu jan zizkion Deusturi, igoerako kanporaketako lehian. Gaur Bilbon daukate estropada, azken-aurrekoa (11:45).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.