«Ez du NPBk gure urteko irabazia egiten»

Ez zen etxalde batean handitu Miren Harinordoki (1988, Baigorri, Baxenabarre). Agronomia ikasketak egin ondotik, teknikari gisa aritu zen, eta aurten instalatu da bere etxaldean. «Lan luze bat da, eta energia anitz eskatzen du», esplikatu du, prestakuntza, proiektua pentsatu eta borobiltzea, eta lurraren xerkatzea aipatuz. «Bada ere trantsizio denbora bat; bizpahiru urte». 2017-2018an landatu zituen zuhaitzak. «Banuen bizitzeko lan bat, eta denbora librean baratzeko lanetan ari nintzen».
Hala ere, «inguratua» izan zela erran du. Afog elkartea proiektua borobiltzeko; BLE elkartea arlo teknikorako, etxe ekoizleen elkartea salmentarako; eta EHLG dosierra pausatzeko eta jarraipen orokorrerako. «Ipar Euskal Herrian bada sare hori gazte bat instalatzen laguntzeko. Egiturarik gabe aise zailagoa da plantatzea etxalderik gabe. Horrez gain, sare horrek ere badu kontzientzia gazteak plantatu behar direla, eta tresna berriak sortzen ditu horretan laguntzeko».
1.310 euroko laguntza
Arlo ekonomikoaz galdetuta, aipatu du laborari diploma izateagatik instalatzeko diru laguntza bat izan zuela. Halaber, ahoan bilorik gabe eman ditu NPB Nekazaritza Politika Bateratutik jasotako kopuruak: «Taulak begien aitzinean ditut. Eremuari lotua, 740 euro ukitu nituen 2018an, bi hektarea pasa ditudalako». Biologikora pasatzeagatik, 570 euro eskuratu zituen. «Aski sinbolikoa da. Ez du horrek gure urteko irabazia egiten».
Argi mintzo da: NPB ez zaio «ez egokia, ez zuzena» iruditzen. «Eremuari lotua denez, bultzatzen du beti handitzera». Frantziako datuak ditu eskuetan: «70eko hamarkadatik fruitu eta barazki ekoizpena apaldu da. Gaur egun %40 inportatua da. Ez da bultzatzen fruitu eta barazki ekoizpena». Alta, enplegu sortzailea dela dio. «Lan anitz eskatzen du fruituak eta barazkiak biltzeak». Baina estatu batetik bestera lehiakortasun handia dela dio ere. «Espainian adibidez, sasoilariak hartzen dituzte bizi baldintza prekarioetan; anitzetan immigranteak». Horrela prezio merkeagoak lortzen dituztela dio.
«Bestelako estrategiak garatzen ditugu gure lanaz bizitzeko. Ahal bezainbat salmenta zuzenean izatea, merkatuko prezioen menpe ez izateko. Eta etxaldean berean eraldatzea, ekoizpenari balio erantsia emateko».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.