Aitzol King

Lauburu itxura duen hirusta

Euskal jatorria du Aitzol King errugbi jokalari irlandarrak. 20 urtez azpiko Sei Nazioen Torneoa irabazi berri du. Ikurrinarekin ospatu zuen garaipena, eta lauburu baten tatuajea du besoetako batean. Ingalaterrari bi entsegu ikusgarri egin zizkion.

VICTOR KING.
Iñaki Berastegi.
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Irlandako itsasoaren kostaldean dago Balbriggan hiria, Leinster probintzian, Dublin hiriburutik 33 kilometro iparraldera, hain zuzen ere. Hiriko biztanleen artean badira, gutxienez, euskal jatorria duten sei bizilagun. Horietako bat da Aitzol King Arenzana (Balbriggan, Irlanda, 2002) errugbi jokalaria. Han jaio eta bizi da guraso eta anai-arrebekin. Victor aita irlandarra da, eta ama, Amaia, bilbotarra. Beste lau ere badira etxean: Aitzolekin batera hirukiak diren Kealan eta Iker, Uxoa arreba eta Jon anaia gazteena.

Azken asteetan Aitzol Kingen izena bolo bolo ibili da Euskal Herrian eta Irlandan. Izan ere, birala bihurtu da 20 urtez azpiko Sei Nazioen Torneoan Irlandako selekzioarekin ari zen Kingek Ingalaterrari sartu zizkion bi entseguen bideoa. Dena den,protagonistak ez du uste horrek pertsona «famatu» bihurtu duenik. «Famatua, ni? Ez dut uste. Mutil normal bat besterik ez naiz».

Haren inguruko beste mutil «normal» askoren gisan, Balbriggan hiriko taldean hasi zen errugbian King, 6 urterekin, nahiz eta ondoren eten txiki bat egin zuen. 9 urterekin berrekin zion, eta orain helburua errugbi jokalari profesionala izatea da. «Aitarengandik datorkit errugbiarekiko pasioa. Gogoan dut oso txikia nintzenean errugbi partidak ikustera eramaten ninduela». Dena den, beste kirol batzuetan aritutakoa ere bada King: «Futbol gaelikoan eta futbolean ere aritu nintzen tarte batez. Athleticeko jokalari izatearekin ere amestu nuen behin edo behin. Horrez gain, atletismoa ere praktikatu nuen».

Balbriggan hiriko taldea txikia da, eta klub txikietatik selekziora iristea zailagoa izan daiteke: «Baliteke, baina iritsi naizen tokira iristeko egin dudan bidea maite dut». Clontarf taldean ari da orain. Baina beste amets bat zuen: Leinsterko akademian sartzea. Bada, atzo bete zuen, hiru urteko kontratua sinatu baitzuen. «Pauso handia da». Azken hilabeteetan Leinster akademiako 20 urtez azpiko taldearekin hainbat partida jokatu ditu: «Asko gozatu nuen partida horiek jokatzen: intentsitate handiz jokatzen da, eta akademiako entrenatzaileen maila aparta da».

Irlandako selekzioaren lehen deia 18 urtez azpiko taldearekin jokatzeko lortu zuen: «Orduan jabetu nintzen, agian, bidea egin nezakeela errugbiaren elitean».

Hegaleko jokalari garai eta indartsua da King: 1,90 luze da, eta 95 kiloko pisua du. «Askatasunarekin eta korrika egiteko metroekin jokatzea gustatzen zait. Offloads-ak egitea gustatzen zait, eta hankekin jokatzen ere ahalegintzen naiz. Nire indargunea baloia eramateko gaitasuna da», halaxe definitu du bere jokatzeko modua. Hobetzeko zer duen galdetuta, argi du erantzuna: «Defentsako kokapena hobetu behar dut goi mailan aritzeko».

Haren lehendabiziko parte hartzea izan da Sei Nazioen Torneo batean, 20 urtez azpikoan, zehazki. Hasiera bikaina, Irlanda txapeldun izan delako, eta Grand Slama erdietsita, gainera. «Surrealista izan da. Asko gozatu dut, eta pribilegiatu bat sentitzen naiz izan dudan aukeragatik. Uste dut nire ibilbidean torneo hau oso garrantzitsua izango dela. Asko ikasi dut dugun entrenatzaile taldearengandik. Maila honetan izan dugun esposizioa, entrenamenduen maila, kalitatea eta giroa perfektuak izan dira».

Aulkitik aterata, gakoa izan zen bere selekzioaren azken garaipenean. Bereziki, Ingalaterraren aurkako neurketan, bi entsegu sartu baitzituen. Bigarrenarekin zur eta lur geratu ziren asko eta asko, gorputzetik zintzilik bi jokalari zituela, azken metroak egiteko gai izan baitzen. «Zelaian mantendu eta aurrera egiten saiatu nintzen, besterik gabe. Egia esan, jauzia egin nuenean ez nengoen ziur entsegua lortu nuen edo ez!». Jokalari garrantzitsua izan da garaipenetan, baina Kingek ez du meriturik hartu nahi: «Nire taldekideak oso ondo aritu dira».

Lotura estua

Ingalaterraren aurkako garaipenaren ostean zein Sei Nazioen Torneoko azken partida amaituta, ikurrina ateraz ospatu zuen garaipena Kingek: «Nondik zatozen gogoratzea oso garrantzitsua da. Euskal jatorria izateaz oso harro nago. Oso euskal herritarra sentitzen naiz! Askotan joaten gara Miren, Alaitz eta Bea izebei bisita egitera. Etxean ere oso presente dugu euskal kultura, eta bertako janariaz gozatzen dugu: txuleta da nire jakirik gustukoena». Baina, ez hori bakarrik, lauburu baten tatuajea ere badarama besoetako batean: «Hirukiek eta Uxoak dugu lauburua, eta Jonek ere egingo du helduagoa denean».

Ekainean 20 urte beteko ditu Kingek, eta profesional izateko bidean urratsak egiten jarraitu behar du. Eraikuntza kudeaketako ikasketak egiten ari da Dublinen, eta «gogorra» egiten zaio errugbiarekin uztartzea, ikasketak «gustuko» dituen arren. Zeinek daki, baina noizbait euskal talderen batean jokatu lezake. Ez da izango taldeak ezagutzen ez dituelako: «Iñaki Laskuraini esker, badut euskal errugbian gertatzen den guztiaren berri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.