Jokin Altuna

Eta soilik 25 urte ditu

Jokin Altunak bigarrenez jantzi du buruz buruko txapela, finalean Beñat Rezustari nagusitasun osoz irabazita. «Oso harro nago lortzen ari naizenaz», esan du Aspeko pilotariak. David Dominguez haren prestatzaileak abisua eman du: «Ondo bidean, luzerako izango dugu maila honetan. Aireratze plataforman dago oraindik».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Etzi beteko dira zazpi urte Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan profesionaletan debuta egin zuenetik. 18 urte besterik ez zuen. «Odol hotzekoa naiz. Aurkarien jokoa sarri aztertzen dut, burutsu jokatzea garrantzitsua baita. Erasoan jokatzeko aukera dudanean, ez dut bitan pentsatzen. Ez naiz pilotari indartsua, baina bai ausarta. Jendea gozarazi nahi dut», zioen bezperan.

Bada, Altuna III.ak zazpi urte daramatza jendea gozarazten, eta txapelak irabazten. Lau ditu jadanik: buruz buruko bi, eta lau eta erdiko beste bi. Ruben Belokik eta Juan Martinez de Irujok bakarrik irabazi zituzten hark baino txapel gehiago 25 urterekin: bost jantzi zituzten biek. Baina Amezketako aurrelariak aukera du oraindik haiek eginikoa berdintzeko. Hurrengo lau eta erdikoa irabazita lortuko luke —martxoaren 25ean beteko ditu 26 urte—. Finala jokatu du azken bost urteetan. Hain zuzen ere, hura da adin horrekin final gehien jokatu duen pilotaria, bederatzi: bost lau eta erdikoan, hiru buruz burukoan, eta bat Promozio Mailako buruz burukoan. Horretan badago Belokiren eta Irujoren aurretik: zazpi jokatu zituzten haiek. Ohitura da jada: banakako finala non, Altuna III.a han. Binakakoan, ordea, ez du final bakar bat ere jokatu. Ezin perfektua izan. Herenegun, ordea, Miribillan, finalean, perfektu aritu zen. Aukerarik ez zion eman Beñat Rezustari: 22-5. Buruz burukoaren historian hirutan baino ez da egon alde handiagoa finalean.

«Oso pozik nago. Garaipena barneratzen ari naiz. Txapela barneratzeko, ordea, egun batzuk beharko ditut. Lehen txapelari ez nion horrenbesteko balioa eman, ezustean lortu bainuen. Baina hau ezberdina da. Pilotan hasi nintzenean, inoiz ez zuen esperoko final batera iritsiko nintzenik, eta jada zortzi jokatu ditut. Oso harro nago lortzen ari naizenaz», esan zuen atzo, herrian, txapela ondoan zuela emandako prentsaurrekoan.

Oraingoan bai, oraingoan ospatu zuen txapela behar bezala. «Hunkigarria izan zen herrian egin zidaten harrera. Gero, familiarekin afaldu nuen, eta, jarraian, trago batzuk hartu nituen». Ez zuen agindutakoa bete: herri guztia gonbidatzea. «Udaletxeko balkoira igo ninduten, norbait garrantzitsua banintz bezala. Urduri jarri nintzen, eta horixe atera zitzaidan», aitortu zuen, barrez.

Txapelketa bikaina jokatu du, baina ez daki inoizko onena izan ote den: «Oldarkorren aritu naizena izan da», zehaztu zuen. Txapela lortu izana «motibazioa» da lanean «gogor» segitzeko: «Baina horrek ez du esan nahi txapela irabazten ez baduzu ez zarela lana ondo egiten ari. Barruan duzun guztia ez ematea: hori da porrot egitea. Nik ez nioke neure buruari barkatuko pilota uztean barruan nuen guztia eman ez izana».

«Argi» du 22 urterekin buruz buruko lehen txapela irabazi zuen pilotari hura baino hobea dela: «Esperientzia handiagoa dut; fisikoki goraka egin dut; eta konfiantza handiagoa dut neure buruarengan. Urteek patxada ematen dute, eta nabari dut kantxan lasaiago nagoela. Eta horrela errazagoa da jokatzea». Baina ez du galdu gosea eta irabazteko grina: «Egunero hobetzeko gosea eta grina dut. Ez baduzu hori, nekez motibatu zaitezke asteburuari begira».

Udako sasoiari heltzeko «gogoz» dago, are gehiago ikusleen aurrean jokatuko dutela jakinda:«Oso pozik gaude, ikusleek ematen baitiote poza eta saltsa pilotari. Ea partida asko joka ditzakegun. Seinale ona litzateke. Buruz buruko txapeldun gisa jokatuko dudan bigarren uda izango da. Aurrekoan, partida guztiak irabaztearekin itsutu nintzen. %120 eman nuen, eta nekatuta amaitu nuen. Ikasi dut horretatik ere. Halere, beti bezala jokatuko dut».

Luzera begirako prestaketa

Denak bat datoz: arlo fisikoan asko hobetu du Altunak. Horretan zeresan handia du haren prestatzaile David Dominguezek (Sarriguren, Nafarroa, 1969). Hark zuzentzen du Erik Jakak, Julen Martijak, Iñigo Bikuñak eta Altunak berak osatutako taldea. Haren iritziz, «urteek eta bizi izandako esperientziek» heldu egin dute Altuna: «Porrotetatik ikasi du». Adibidez, iaz Jakaren aurka galdu zuen finaletik: «Jokin oso azkarra da, eta segituan ikusi zuen zerbait aldatu behar zuela. Aldatu egin du, eta on egin dio. Aldaketak ez ditu egin kirol arloan, eguneroko bizitzan baizik. Heldutasunaren fruitu dira».

Indarrez sobran dabil azkenaldian Altuna. Sekretua? «Lan handia. Epe luzera eginiko prestaketa baten fruitua da. Guk epe luzera egiten baitugu lan, etapaz etapa; ez dugu bakar bat ere uzten egin gabe. Baten bat egin gabe utziz gero, arriskua dago kirolaria erretzeko». Hala jardun dute beti Altunarekin: urratsez urrats: «Hasieran, jendeak pentsatuko zuen indarra falta zitzaiola, eta estutu egin behar genuela. Baina gu oso leialak izan gara beti: pausoz pauso joan gara, arlo fisikoan ezarritako helburuak lortuz. Horri esker, hobeto joka dezake. Eta, noski, baita Jokinekin [Etxaniz, Aspeko zuzendari teknikoa] eginiko lanari esker».

Urratsez urrats joateko, pazientzia izan beharra dago.Altunak badu: «Lantaldeko guztiek oso argi dute gure lan egiteko era. Ez dute presarik. Guztiak oso diziplinatuak eta profesionalak dira. Argi dute pilota dela beren lanbidea eta lehentasuna». Gogotik egin dute lan harekin: astean bizpahiru egunetan aurrez aurre, baina ia egunero dute zerbait egiteko. Pandemiak «mesede» egin diela dio: «Denbora izan dute egiten ez zituzten lan batzuk egiteko. Horri esker, gora egin dute guztiek».

«Sinetsita» dago ez dela Altunarik onena ikusi: «Teknikoki ez dakit, baina fisikoki, goraka ari da oraindik: aireratze plataforman dago. 25 urte besterik ez du, eta 28-29rekin iritsi ohi da kirolaria heldutasunera. Hiruzpalau urte ditu fisikoki hobetzeko. Ondo bidean, 35-36 urtera arte aritu daiteke maila honetan. Gainera, oso ona da estrategian. Oso ondo kontrolatzen ditu partidak, eta dominatzen duenak gutxiago egiten du korri. Eskarmentuari esker ikasi du hori». Lesio larririk ere ez du izan. Hori ere landu dute: «Lesioak saihesteko lan handia egin dugu. Oinarri sendoa dugu. Gerta dakioke Eriki pasatu zaiona, perikarditis bat izatea, baina hori ez dago inoren esku. Ezta eskuetako mina izatea ere. Baina, ondo bidean, denbora luzean izango dugu Jokin punta-puntan».

Azken hausnarketa bat egin du Altuna egiten ari dena nabarmentzeko: «Jendea ohituta dago hura irabazten ikustera, eta ez dio merezi duen balioa ematen. Baina meritu galanta du. Sekulako lana dago horren atzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.