Euskal zinemari gero eta ate zabalagoa eskainiz

'Lasa eta Zabala' eta 'Loreak' emango dituzte Baionako Rencontres sur les docks jaialdian.Gaur hasi eta larunbatean amaituko da

Roberto Castonen Los tontos y los estúpidos filma ere emango dute jaialdian. SPLENDOR FILMS.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Pablo Maloren Lasa eta Zabala filmaren emanaldiarekin abiatuko du Rencontres sur les docks (Kai guneetako topaketak) jaialdia Baionako Atalante zinema gelak, gaur, 21:15ean. Filmaren zuzendaria eta Jon Anza eta Cristian Merchan aktoreak aurkezpenean mintzatzekoak dira. Lekuak aitzinetik hartzea hobe, eta ahal bezain laster, antolatzaileek segurtatu dutenez, ziztu bizian joaten ari baitira. Ikusmina hor dela erakusten duen begi keinua, jaialdiko antolatzaileek poztasunez adierazi dutenez. Euskal zinemari muga administratiboa pasatzen laguntzeko egin ahaleginak beharrezkoak direla baieztatzen laguntzen diena: «Gure eginkizuna da euskal zinemarentzat Ipar Euskal Herriko zinema gelen ate izatea», nabarmendu du aretoa kudeatzen duen elkarteko presidente Jean-Pierre Saint Picq-ek.

Hortik haste, lau egunez izango da 11. jaialdi hau, eta hiru atal berezi ditu jorratzekoak. Batetik, erran bezala, euskal zinema. IazAitor eta Amaia Merinoren Asier ETA biok filma ekarri zuten bezala, aldi honetan euskal zinemaren leihoa handitu dutela dio, nahi eta ahal, ekoizpenak ere «hedadura» hartu duen puntutik, Simon Blondeau Atalanteko animatzaileak. Eta preseski biharJon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak dute proiektatuko 19:00etan. Itziar Ituño aktorea han izanen da ondoko solaserako.

Eta euskal zinemaren atalean sartu dute antolatzaileek Roberto Castonen Los tontos y los estúpidos ere (Tentelak eta ergelak) filma; ostiralean proiektatuko dute larunbatean, 19:00etan, Fernando Diez produktorearen eta Aitor Beltran aktorearen parte hartzea izango duen emanaldian. Lasa eta Zabala eta Loreak filmen kasuan jaialdiko hitzordua nolabaiteko aitzin dasta gisa ikusi daiteke. Apiriletik aitzina Lasa eta Zabala-ren banaketa bat proposatuko baitu zinema gelaz arduratzen den elkarteak Ipar Euskal Herriko zinema geletan zehar. Eta Loreak filma larrazkenean ere Ipar Euskal Herriko pantailetara etortzekoa dela azaldu dute, nahiz eta oraingoz xehetasunetan ez duten sartu nahi izan.

Anartean, jaialdiaren bigarren saila Frantziako film egile gazteen lanekin osatua dute. Thomas Salvador, Alix Delaporte, Thomas Blanchard, Thomas Scimeca, Fred Nicolas eta Helene Zimmer film zuzendari gazteen lanak ezagutu eta haiekin solasak eta trukaketak pentsatuak dituzte: «Beste bizitasun bat agertzen da film egile gazte hauekin. Eta Atalantek horiei laguntzea garrantzitsua zaigu», zehaztu du Saint-Picquek.

Rene Vautierren omenaldia

Hirugarren atala Rene Vautier zinemagile bretoiari (Kameled, 1928-Kemper, 2015) eskainiko diote. Atalante zinema gelako gozaita zenaren obrako zenbait film esanguratsu ikustera emanen dituzte etzi eta larunbatean. Afrique 50 eta Avoir vingt ans dans les Aurès (20 urte ukaitea Aures-en) film ezagunez gain, Le remords (Urrikia) eta Quand les femmes ont pris la colère (Emazteek haserrea berenganatu dutelarik) emanen dituzte. Duela bi hilabete pasatxo hil zen Vautier, urtarrilaren 4an.

Eta jaialdia jaialdi bat denez, filmez gain, beste saio berezi zenbait ere eramango ditu zinema gelara. Musikak leku bat izanen du jaialdiak dirauen bitartean: gaur Goxoa taldearekin, eta larunbatean Stanley Kubrick-en 2001: A Space Odyssey (2001: Espazioko odisea) filmarekin zuzeneko performancea eskainiko duten Zone Libre taldeko Serge Teyssot-Gay eta Cyril Bilbeaud musikariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.