Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. kritika. Antzinako Musika Zikloa

Barrokoak lohia zeharkatu

2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Conductus Ensemble

Lekua: Donostiako Koruko Andre Maria basilika. Eguna: abuztuak 13.

Ezin uka daiteke Donostiako Koruko Andre Maria basilikaren handitasunak eragina baduela aldare nagusitik egiten diren kontzertuetan: Musika Hamabostaldia bezalako jaialdi batean eserleku nahikoa eta interpreteen berealdiko irudia eskaintzen dizkio publikoari, erretaula nagusia atzean; baina akustika tamalgarriak dikzioa zikindu, ñabardurak nahastu eta dinamikak otzantzen ditu. Oztopo nabarmenak musika barrokoari behar duen arnasa eman ahal izateko, Conductus Ensemblek maiz entzuten ez den programa batean arrakasta erlatiboaz saihestu zituenak.

J. S. Bachek latinezko testua erabili zuen Kyrie eta Gloria zatiez soilik osatutako lau meza motzetan, 1730eko hamarkadan idatziak. Meza hauen material gehiena, gainera, beste hainbat kantatetatik hartu zuen. Andoni Sierrak zuzentzen duen taldeak Missa brevis sol minorren BWV 235 eskaini zuen lehenengo. Kyrie eleison neurritsua eta arina, obra osoaren izaera orraztu zuena, oboeen eta harien hartu-eman sotiletan, hasieratik altoen kolore ederra azaleratuz. Ezti Jesus Garcia Arejula Gratias-en, Gabriel Diazek jainkozko zentzu osoa eman zion Domine Fili-ri, adierazkortasunez betea Ariel Hernandezen Qui tollis. Orkestrak Cum sancto Spiritu bizitasun eta doitasunez jantzi zuen. Abesbatza beti orekatua, gehiegizko erreberberaziaren kalteetatik ihesi, tarteka ezkutuan.

Organo continuoak izan zuen arazo txiki bat gaindituta, Missa brevis fa maiorren BWV 233 taularatzeari ekin zion Conductusek. Aipatzekoa eta laudatzekoa tronpa naturalen jardutea, Kyrie eleison eta Gloria in exelsis zatietan nabarmenki, baita baxuen lana ere, jarraitutasuna eta norabidea batuz. Diazek oinarri sendoko Qui tollis eskani zuen oraingoan, eta Jone Martinezek lerro goxo eta gardenaz gidatu zuen Domine Fili, oboearen fraseatze leunaz lagunduta. Abesbatzako kideak ere plano argian mugitu ziren une oro, Cum sancto Spiritu pasarte fugatuan trazuak apur bat lausotu baziren ere. Hats biziko barroko garbia, baina espazio lohituan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.