Katalunia. Erreferendumaren ondorena. Elisenda Alamany. Catalunya en Comu alderdiko eleduna

«Kataluniak eskatzen duen aldaketa ezin da Espainiaren esku utzi»

Espainiak 155. artikulua aplikatzea «inboluzio demokratikoa» izango dela uste du Alamanyk. Zentralizazioa garatzeko aitzakia bat dela: «Bidegabea da. 120 diputatuk onartu zuten estatutuaren kontra doa».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Catalunya en Comuko aurpegi berrietako bat da Elisenda Alamany (Bartzelona, 1983). Filologia Katalanean lizentziaduna da, eta ibilbide profesionala irakaskuntzan egin du. Apirilaz geroztik da alderdiko eleduna, eta komunikazio koordinatzailea ere bada. 155. artikulua aplikatzear dela elkarrizketatu du BERRIAk.

Ortziralean onartuko du Espainiako Senatuak 155. artikuluaren aplikazioa.

Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatuko du. Inboluzioa da demokraziarentzat eta aitzakiabat lurraldetasuna zentralizatzeko. Kataluniaz aparte Euskal Herrian ere agertu da mehatxua. 155. artikuluaren aplikazioa bidegabea da, ez bakarrik Puigdemontek gidatu duen prozesuaren kontra doalako, baizik eta, Kataluniako Parlamentuko 120 diputatuk onartu zuen Autonomia Estatutuaren kontra doalako ere bai.

Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikapena egingo al du?

Duda-muda momentuak bizi ditugu. Argi dagoena da Espainiako Gobernuaren errepresioaren kontra azken egunotan kalera atera den jendearentzat independentzia deklarazioa albiste txarra izango litzatekeela. Izan ere, ezin dugu ahaztu kaleko protestak handitu direla, ez independentziaren alde bakarrik, baizik eta demokraziaren alde. Urriaren 3ko greba orokorrak ehunka milaka lagun atera bazituen kalera, izan zen Kataluniaren oinarrizko eskubideak babesteko.

Alderdi subiranista desberdinen arteko fronterik egitea posible ikusten duzue?

Hori da gure apustua: Kataluniako gizartearen ordezkari izango den elkartasun frontea egitea. Hori bai, fronte horretan alderdi independentistetaz eta En Comukoetaz haratagokoak ere sartu behar dira; hala nola, eragile sozial eta sindikal guztiak. Eta horretarako ezinbestekoa da onartzea independentismoaren bide orria akituta dagoela, eta fase berri bat ireki behar dela. Indartsuagoak izango gara erabakitzeko eskubidearen alde dagoen gizartearen %80 horretatik.

Badago uste duenik Espainiako Gobernuaren errepresioak prozesu subiranistara gerturatu duela Catalunya En Comu. Ados al zaude?

Betidanik aldarrikatu izan dugu indar subiranista garela, eta Rajoyren borra kolpe eta kolpe artean demokraziaren babesak elkartzen gaituela. Hemen beti aurkituko gaituzte, baina sekula ez proiektu independentistak jartzen dituen mugen barruan.

PSOEk 155a babestuko du. Espero zenuten?

Plurinazionaltasunaren kontakizunarekin Pedro Sanchezek irabazi zituen hauteskunde primarioen ondoren, argi gelditu da iruzur egin dietela PSOEren eraberritzean sinisten zuten hautesleei. Sanchez Rajoyren makulua izan da demokraziaren inboluzio honetan. PSCri dagokionez, erabakiarekin bat ez datozen ahotsak ikusi ditugun arren, argi dago joera kritiko horrek irmoki bereizi beharko duela aurrerantzean, euren estatutuek agintzen duten aurrerakoitasuna bermatu nahi badute.

Barcelona En Comu presiopean dago orain; Bartzelonako Udaleko gobernukide duzue PSC. Ada Colauk Jaume Collbonirekin hautsiko al du?

Akordio hauetan garrantzitsuena da hiriaren interesak babestea. Tira, Barcelona En Comuk atzo abiatu zuen PSCrekin duen hitzarmena hautsiko duen edo ez argitzekoeztabaida. Hala ere, atzo PDECatek eta ERCek egin zuten proposamena, Barcelona en Comuk PSCrekin hitzarmena hautsi eta eurak sartzeko, oportunista da, eta alderdi interesak asetzeko balio du bakarrik. Argi dagoena da eutsiezina dela Kataluniako eskubideak bahitzen dituzten horiekin gobernatzea.

Eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart kartzelan daude.

155. artikuluaren aplikazioa inkonstituzionala den bezala, gabeziak ditu sedizio akusazioak ere, denek dakitelako baketsuak izan zirela erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazioak. Gizarte zibileko bi buruak espetxeratzea sinbolikoa da, eta ez da inprobisatutako gertakari bat. Agerikoa da Alderdi Popularrak eskubideen estatua defendatzen duenean ahanzten duela horretarako ezinbestekoa dela botere banaketa, eta, estrategikoki, begi bistan gelditzen da PP muineraino ustelduta egoteaz aparte, bere esku dituen baliabide guztiak erabiltzen dituela herri osoaren askatasunak akitzeko.

Adostutako erreferendumaren aldeko apustua egin izan duzue zuek. PPren gobernu batekin posible al da hori?

Kataluniako herriaren eskakizunari erantzuteko proposatu izan dugu, beti, adostutako erreferenduma. Gorteetako hauteskundeetan egin genuen apustua, baina orain gure aldarrikapena da Kataluniarako bide berri bat irekitzea. Autonomien sistema akituta dago eta ezinbestekoa da diagnosi hau egiten dugun alderdien arteko prozesu eraikitzaile bat abiatzea. Alegia, ez dugu Espainiako aldaketa egin arte itxarongo etorkizuneko Katalunia eraikitzeko. Kataluniak eskatzen duen aldaketa ezin da Espainiaren esku utzi. Irreala litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.