Athleticek Kopan sendatu nahi du Superkopako zauria

Zuri-gorriek final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute gaur, Bartzelonaren kontra. Marcelinok aldaketak iragarri ditu hamaikakoan

ainara arratibel gascon
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Futbolaren legea da: porrot baten ostean, egun gutxira duzu arantza ateratzeko aukera. Athleticek Espainiako Superkopako finala galdu zuen igandean Real Madrilen aurka. Bada, gaur zauri hori sendatzeko aukera aproposa du, bere txapelketa kutunenean: Espainiako Kopan. Osagai guztiak ditu horretarako: etxean jokatzen du, eta aurkari handi baten kontra: Bartzelona.

Ia duela bi urte, 2020ko otsailaren 6an, San Mamesen bizitakoa errepikatu nahi dute. Partida amaitzear zela Williamsek sartutako gol bati esker, zuri-gorriek Bartzelona kanporatu zuten, eta Kopako finalerdietarako sailkatu ziren. Oraingoan jokoan dagoena final-laurdenetarako sailkapena da.

Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak aurreratu zuen «aldaketa batzuk» egingo dituela hamaikakoan. «Taldeak ahalegin fisiko eta mental handia egin zuen Superkopan, eta freskotasuna behar du». Hala, Yurik, Vivianek, Vesgak, Nico Williamsek eta Raul Garciak hasieratik jokatzeko aukera izan dezakete. Min hartuta dago, berriz, Unai Vencedor, eta igandean ere ezingo du jokatu.

Xavi Hernandezek kataluniarren aulkiaren ardura hartu duenetik, haien jokoa aldatu egin dela nabarmendu zuen. «Intentsitate eta erritmo handiagoz jokatzen dute. Gainera, aurrean arrisku handiko jokalariak dituzte: Ferran Torres, Ansu Fati...».

Ez zaie joan-etorriko partida bat komeni. «Gure ohiko jokoa egiten ahaleginduko gara. Goian egingo dugu presioa, haien baloi irteera oztopatu, eta jabetze haien atetik ahalik eta gertuena berreskuratzeko».

Bartzelonan Luk de Jongek ez du jokatuko, zigortuta baitago. Haren herrikide Memphys de Depai, berriz, zalantza da.Xavik laudorioak izan zituen Athleticentzat. «Asko eskatuko digu baloi irteeran, eta adi egon beharko dugu haien aurrealdeko jokalarien abiadurarekin. Asko miresten dut haren filosofia. Bereziak dira. Azken urteetako harrobiko belaunaldi onena dute, gainera».

ATHLETIC-BARTZELONA
Athletic. Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Nico Williams, Zarraga, Dani Garcia, Muniain; Sancet eta Iñaki Williams
Bartzelona. Neto; Alves, Araujo, Pique Jordi Alba; Busquets, Pedri, Gavi; Ferran Torres, Dembeleeta Ansu Fati.
Epailea. Munuera Montero.
Lekua. San Mames.
Ordua. 21:30 (Telecinco).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.