Ane Santesteban.
Emakumeen Bira. SEKRETURIK GABE

Sufrikarioa izan da guztiontzat

2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herriko txirrindulariak ohituta gaude euriarekin entrenatzera eta lehiatzera. Hemengo patua da hori, eta ni ondo moldatzen naiz. Baina atzokoa, Opakuan eta Santa Teodosian gora, benetako sufrikarioa izan zen. Egun osoan euria, hotza eta behe-lainoa izan genituen. Etapa asko gogortuko zela aurreikusita, lehen kilometroetan jatea erabaki nuen, banekielako gero ezinezkoa izango zela.

Bada, asmatu egin nuen. Izan ere, hasieratik bizi joan zen etapa. Mitcheltonek ondo kontrolatu zituen ihesaldiak. Baina Opakuan gora Trek eta Movistar oso lehiakor eta erasokor aritu ziren. Hor asko sufritu nuen. Hori ikusita, beldurra nuen Santa Teodosian zer pasatu zitekeen. Ez nuen ezagutzen, eta aurretik hainbat txirrindularirekin egon nintzen igoeraren inguruan hizketan. Oso gogorra zela esan zidaten, eta, halakoetan gertatu ohi den bezala, azkenerako niri ez zitzaidan hainbeste iruditu.

Gaurko oso zabalik geratu da lasterketa, eta hori polita da zaleentzat. Atzo bezala,euria espero da. Kontuan hartuta lau mendate igo behar ditugula, eta etapa Birako luzeena dela, ikuskizuna ziurtatuta dago. Ea nork irabazten duen sailkapen nagusia.

Nire helburuei dagokienez, atzo bederatzigarren postura igo nintzen. Handia litzateke lehen hamarren artean amaitzea Bira, eta lehen euskalduna izatea. Are gehiago duela egun batzuk bizkarra nola nuen kontuan hartuta. Hori lortzeko lehia estuan nabil Eider Merinorekin. Atzo ere bata bestearen atzetik sartu ginen helmugara, eta harekin lehiatzea ederra izaten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.