Javier Garcia Martinez. Kimika Puru eta Aplikatuaren, Nazioarteko Batasuneko presidentea

«Ekoizteko modu berri bat behar dugu, zientzia eta teknologia ardatz dituena»

Kimika da ekonomia zirkularra lortzeko muina, Garciak azaldu duenez. Esan du produktu bat sortzerakoan berreskurapena aintzat hartu behar dela hura diseinatzeko garaian.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iker Tubia.
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Klima larrialdiaren aurrean, ekonomia bestela planteatzeko deia egin dute Bilbon, molekuletara jota. Herenegun, kimika zirkularraz hitz egin zuen Javier Garcia Martinez fisikako doktoreak (Logroño, Espainia, 1973), Bidebarrietako liburutegian. Urtarrilaz geroztik IUPAC Kimika Puru eta Aplikatuaren Nazioarteko Batasuneko presidentea da bera. Hondakinak baliabide bihurtuta klima aldaketari aurre egiteko moduez aritu zen.

Ekonomia zirkularraz barra-barra hitz egiten da, baina zer da kimika zirkularra?

Kimika zirkularra da ekonomia zirkularra posible egin dezakeen zientzia eta industria. Berrerabiltzeaz eta birziklatzeaz ari garelarik, beharrezkoa dugu erregai berriak sortzea ahalbidetuko digun kimika berri bat. Kimika industria erraldoi bat da; beraz, aukera ona da garapen jasangarriari buruzko helburu horiek guziak bete daitezen. Horretarako, oinarri oso sendoak dituen zientzia eta industria handia birpentsatu behar da. Ekonomia berrasmatu dezakegu, eta adibide zehatzak eman ditzakegu: hidrogeno berdea, eguzki erregaiak eta biodegradagarriak ez, berrerabilgarriak diren plastiko belaunaldi berri bat, esaterako.

Alegia, zientziak eta teknologiak ekarriko dutela soluzioa?

Igandean COP-27 bilera hasiko da. Zientzia eta teknologia soluzioak eta aukerak ematen ari zaizkigu eredu ekonomikoa aldatzeko, baina beharrezkoa da borondate politikoa eta gizartearen presioa ere. Herritarrok irtenbide jasangarriak eskatu behar ditugu gure botoarekin, baina baita erosketekin ere.

Kimika zirkularrera itzulita. Gaur egun ezarrita dagoen birziklatze eredua ez da egokia?

Ez da egokia, arazoa bukaeran konpontzen saiatzen garelako, hondakina esku artean dugunean. Hondakinik ez sortzeko molekulak eta prozesuak diseinatzean datza kimika zirkularra, eta hondakinik sortuko balu, horren berreskurapena eta berrerabilpena ahalik eta sinpleena izatean. Ez gaude bide horretan; adibiderik agerikoena sakelako telefonoa izan daiteke. Azkarrenak izateko, bateriak asko irauteko eta besteak baino hobeak izateko diseinatzen dira, eta horiek birziklatzea ia ezinezkoa da. Kimika zirkularra zera da: produktu bat sortzeko unean, hasieran, diseinatzerakoan, berreskurapena aintzat hartzea.

Nola bilakatu daiteke hondakin bat baliabide?

Bi adibide erraz aipatuko dizkizut. Bat: plastiko belaunaldi berri bat dago, bere egituran moztu daitezkeen loturak dituena. Orain erabiltzen diren plastikoetan ez dago loturarik, esaterako, aiztur molekular batzuekin plastikoa bere oinarrizko osagaietan bereizteko —monumeroetan—; beraz, oso zaila da plastiko horiek birziklatzea. Arestian aipatu ditudan plastiko berri horiek prestatzean, hausteko puntuak dituzte. Kasu horretan, molekula hasieratik diseinatu da berreskurapena ahalbidetzeko.

Bigarren adibidea: CO2a lehengai gisa erabil daiteke. Posible da CO2a erregaiak egiteko erabiltzea, adibidez, energia berriztagarrien bidez edo hidrogeno berdearen bidez.

CO2 isurketak dira klima aldaketaren eragileetako bat. Prozesu zirkular batean sar daiteke?

CO2tik abiatuta, energia garbiarekin edo hidrogeno berdearekin, erregai berriak sortu daitezke. Horiek erretzean, CO2a sortuko da, eta, modu zirkularrean, CO2 hori berriz ere erregai bihurtuko genuke. Nik aipatzen ditudan guziak prozesu zirkularrak dira, eta hori ez da deus berria; naturak horrela funtzionatzen du. Are, gauzek modu bakarrean funtzionatu dezakete: ziklo batean. Bestela, hondakinak pilatzen dira.

Hidrogeno berdea aipatu duzu. Erregai fosilen alternatiba izan daiteke?

Bai noski. Begira: ura. Energia berriztagarriekin, molekula apurtzen dugu hidrogenoa sortzeko, eta hidrogeno hori erregai garbia da. Erregai gelaxkan berriz erretzen da ura sortuz, eta ur horrek hidrogenoa sortuko du. Ziklo itxi horretan ez da hondakinik sortzen. Energia hori garraiorako edo industria prozesu jasangarrietarako erabil dezakegu. Aukera anitz daude; kontua da energia berriztagarriak erabiltzea ekoizpen katean sartu daitezkeen energia, materia eta balio erantsiko produktuak ekoizteko. Kimika da ekonomia zirkularraren muina.

Ekonomia zirkularrak edo kimika zirkularrak etengabeko hazkundea etetea exijitzen du?

Hori beste gai bat litzateke. Pentsamendu eskola asko daude, eta badira desazkundea proposatzen duten ekonomistak. Nik soilik ikuspegi teknikoari erreparatzen diot, eta eredu honek ez dakar hazkunde ekonomiko txikiagoa. Posible da hazten jarraitzea; kontsumo ondasun, lanpostu eta aberastasun gehiago sortzea ingurumenean gutxiago eraginez. Ekonomia zirkularraren bidez, hazkunde ekonomikoa eta ingurumen eragina banandu egiten dira. Hori lortzeko, ekoizteko modu berri bat behar dugu, zientzia eta teknologia ardatz dituena.

Horrek eskatzen du zientziari bestela begiratzea ere?

Zientziak erakusteko modu diferente bat da hau, baita ikerketa pentsatzeko beste manera bat ere. Kasu honetan, jasangarritasuna ez da irakasgai baten bukaerako gaia, abiapuntua baizik; hortik aurrera eraiki behar dugu gainerakoa. Ikasi behar dugu baliabide naturalak ez direla mugagabeak, nik karreran ikasi nuenaz bestera. Oso baliabide mugatuak ditugu, eta gure jardunak eragina du ingurumenean.

Nola sortu daiteke ekonomia berri bat eskala molekularrean?

Lehenbizi, zientziaren hitzarmenetatik ekintza planera igaro behar dugu. Plan bat egin dezakegu; badugu horretarako teknologia eta ahalmen ekonomikoa. Parisen helburu batzuk ezarri ziren, tenperaturaren igoera gradu bat eta erdikoa izatea, eta esan beharra dago nahiko gaizki daramagula. Baina helburuaz baino gehiago, planaz aritu behar dugu: nola lortuko dugu hori? Plana ez da zaila: hori eragin dezaketen pertsona guziak lanean jarri behar ditugu: zientzialariak, enpresariak, gobernuak eta gizarte zibila; epeekin, helburuak betetzeko betebeharra duten arduradunekin eta baliabideekin. Gizarte zibilak egiteko garrantzitsua du honetan, eskari bat egon behar delako araudia sortu dadin.

Zuk egindako planteamendu hau, adibidez, serio hartzen dute erabakiguneetan?

Bai. Ez litzateke justua esatea Espainian eta Europan duela 20-30-50 urte bezala ekoizten direnik kontsumo ondasunak. Energia iturri berriztagarriak, gaur egun, oso garrantzitsuak dira. Aldaketa horiek egiten ari dira, bai, baina ez behar dugun abiaduran. Klima larrialdi bat dugu, agudo ibili behar dugu. Ukrainako gerrak albo batera utzi ditu afera hauek. Garapen jasangarriaren helburuen ekuatorean gaude, baina orain nazioarteko kooperazio gutxiago dago. Klima aldaketaren erregulazioan eta ekonomiaren deskarbonizazioan seguruenik Europa izanen da buru. Gas naturalaren txorrota itxi digutenean ohartu gara zein urruti dagoen ekonomia deskarbonizatuaren helburua. Aurrera egin dugu, baina erregai fosil hori beharrezkoa dugu.

IUPACeko presidente zara. Zer egin dezakezu postu horretatik aipatutako gaiei dagokienez?

IUPAC kimikaren burua da munduan. Erakundearen presidentetzatik aukera dut COP-27 bilerako solasaldietan eragiteko, adibidez. IUPACen, urtero hamar teknologia aukeratzen ditugu industriek eta gobernuek jakin dezaten zer egin daitekeen zientziaren eta teknologiaren alorrean trantsiziorako bidean. Ikerketa proiektuak finantzatzen ditugu behar ditugun soluzioak ebazteko, baina, horretaz gainera, saiatzen gara eragina izaten teknologiarik onenak aplikatu ditzagun eta, batez ere, hain premiazkoa den aldaketa hori bizkortzeko.

Urtarrilean hartu zenuen presidente kargua. Zer moduz joan da orain artekoa?

Garapen jasangarrirako zientzian buru-belarri ariko ginela uste nuen, eta bat-batean gerra piztu da. Gure kideak herrialdeak izanik, distrakzio bat ez ezik, giza drama bat ere izan da. Zientzialari askok ezin izan dute beren lana egin; unibertsitate eta liburutegiak eraitsi dituzte, eta giza drama bat egon da. Bestalde, lehenbiziko espainiarra naiz postu horretan, harro nago, eta gogotsu nago hainbeste behar ditugun soluzio horietan gidari izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.