Esti Blanco-Elorrieta. Psikolinguista eta neurozientzietako ikerlaria

«Elebitasunaren kontrako iritziek ez dute zerikusirik zientziarekin»

Elebidun batek garun isuri bat duenean, hizkuntza bakarra erabili ohi da afasia tratatzeko. Hori aldatu nahi du Blanco-Elorrietak. Elebidunen burmuinaren funtzionamendua ikertzen dihardu.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iker Tubia.
Donostia
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Euskal filologiatik neurozientzietara salto egin zuen Esti Blanco-Elorrietak (Bilbo, 1990). Psikolinguista da, eta elebitasunaren neurozientzia ikertzen dihardu Harvard Unibertsitatean (AEB). Euskal Herrira itzuli da, asteartean Donostia, Zientzia Hiria zikloan hitzaldia eman baitzuen. Neurolinguistikaz eta bere ikerketez mintzatu da DIPC Donostia International Physics Centerren, egun hauetarako utzi dioten bulegoan.

Zer mekanismo ditu burmuinak hizkuntzetarako?

Jendeak askotan pentsatzen du hizkuntza garunaren parte batean daukagula; ez da horrela. Hizkuntzak zenbait maila ditu: soinuak, hitzak, esaldiak, morfologia... eta horietako bakoitzak zenbait mekanismo erabiltzen ditu. Garuneko parte asko dira, elkarrekin harremana dutenak, eta denak batera erabiliz lortzen dugu hizkuntzarako gaitasuna.

Nola funtzionatzen du elebidunen burmuinak?

Garai batean pentsatzen zen hizkuntzak nolabait aparte zeudela maila kognitiboan anatomikoan, ez, elebakarren ikuspuntutik ematen zuelako bi instantzia oso ezberdin zirela. Baina elebidunaren ikuspuntutik, batez bere inguru elebidunean bizita, sistemak bestelakoa izan behar du, hizkuntzak etengabe nahasten ditugulako. Haien artean nolabaiteko harremana dago, nahitaez.

Eta nolakoa da harreman hori?

Sistema bakarrean batzen ditugu hizkuntza denen arauketak, eta gero aukeratzen dugu berbak hizkuntza batean edo bestean erabili. Norbaitek esaten duenean: «Esan dit que etorriko naizela», hori gramatikala da euskaraz eta gaztelaniaz. Que erlatibozko perpausaren partikula eta euskarazko -la ipini ditu. «Esan dit que etorriko da» ez da hain ona.

Zer tresna edo teknika baliatzen dituzu ikerketak egiteko?

Neuroirudietan, bi familia daude, gehienbat. Erresonantzia magnetikoa da bat: garunera ailegatzen den odol kantitatea neurtzea. Beste familiakoek zera neurtzen dute: neuronak euren artean komunikatzean sortzen duten korronte elektriko txikia edo horren inguruan sortzen den eremu elektromagnetikoa.

Hizkuntza bat ikasteko orduan, ahoskera zaila izaten da, ezta?

Zure fonemak edo soinu kategoriak beste hizkuntzan ez badaude edo ezberdinak badira, azentua sortzen da. Azal auditiboak aldaketak behar ditu garunak soinu horiek prozesatu ahal izateko.

Elebidunak hizkuntza batetik bestera pasatu daitezke, edo oharkabean hitz bat beste hizkuntza batean esan. Zergatik?

Arrazoi bat baino gehiago daude. Orokorrean, dauzkazun berba denen artean aktibazio handienekoa aukeratzen duzu, eta hori konbinazio baten araberakoa da: zelako ohikoa den berba hori, zelako match [bat etortze] ona den esan gura duzuna esateko edo testuingururako... Berba batek ez badu transmititzen gura duzun emozioa beste baten moduan, aldatzea dago. Edo ez bazaizu burura etortzen txakur berba, aktibazioa txikiagoa delako, agian perro esango duzu gura gabe.

Hizkuntzak errazago ikasten dira txikitan?

Bai. Berbak ikastea badago, nahiz eta 60 urterekin hasi, baina, soinuei dagokionez, zure hizkuntzan berba baten eta bestearen esanahiaren artean bereizketa egiten dutenak ikasten dituzu. Adibidez, euskarak lehen ez zituen bereizten b eta p soinuak, gehienetan ez duelako ardura: barkatu/parkatu; behean/pean; baina frantsesez, e soinuaren arabera esanahia ezberdina da. Hazten zaren heinean, zure soinuen sistema hori fosildu egiten da, nolabait, eta hasieran ez dituzu soinu horiek entzuten; egokitu egin behar duzu. Gramatika eta sintaxia nagusiagotan ikastea ere oso gaitza izaten da. Behin arkitektura dena eginda daukazunean, askotan arkitektura horregaz beste hizkuntzako berbak sartzen dituzu. Adibidez, erdaldunek euskara ikasten dutenean aditza hasieran jartzen dute askotan.

Zein da adin tarterik interesgarriena hizkuntzak ikasteko?

Ez dago adin kategoriko bat, linguistika arloan debate handia da hori, eta Chomskyk ideia asko ditu horri buruz. Hala ere, zenbat eta arinago, hobe; eta normalean 5-6 urte baino lehen ikasten dena bikain ikas dezakezu.

Ezberdina da inguratzen ez zaituen hizkuntza bat ikastea? Adibidez, hemen, ingelesa.

Bai; inguruko hizkuntza ikasten duzunean, ikasten dituzun berbek asoziazio aberatsa dute. Beldurra sentitzen duzu, eta ikasten duzu berba horrek zer emoziogaz daukan harremana. Eskolan ikasten duzu: beldurra berdin fear. Kasu horretan asoziazioak txiroagoak izaten dira, eta errazago galdu edo ahaztu daitezke.

Heldu batek euskara ikastean, mekanismo berak erabiliko ditu erdaraz eta euskaraz?

Hasieran ez; bigarren hizkuntza lehenaren parasito modukoa izango da. Itzulpena egingo du. Ikasten jarraituz gero, bigarren hizkuntzan pentsatzen hasiko da.

Itzulpena egitean ezberdin jokatzen du burmuinak?

Ez du ezberdin funtzionatzen. Maila kognitiboan, edo linguistikoan, esan dezakezu mekanismo berak erabiltzen direla, baina pentsatu garunean distribuzio probabilistiko bat daukazula. 15 urtegaz ingelesa ikasten hasi den euskaldun baten garuneko hiztegi mentalean, euskarazko berbekaskoz bere aktibazio handiagoa izango dute, mila bider entzun baititu. Baina 15 urtegaz AEBetara joan eta ez bada bueltatu, ingelesezko aktibazioa handituz joango da, eta euskararena, jaisten.

2020an, Forbes aldizkariak 30 under 30 zientzialari gazteen zerrendan sartu zintuen. Horrek eragina izan du zure karreran?

Mundu akademikotik kanpo izan du eragina, batez ere. Nire alorreko aurkikuntzak ez ditut ikusten egunkarian, eta uste dut horrek ikusgaitasuna eman zidala, nolabait. Mundu akademikoan, artikulu kopuru bat eskatzen digute, beka mota batzuk...

Orain zertan ari zara buru-belarri lanean? Zein da zure ikergaia?

Proiektu polit bat egiten ari naiz afasia daukan jendeagaz. Afasia daukan jendeak hizkuntzaren errehabilitazioa behar du, eta, elebakarren kasuan, nahikoa ikertu da hori nola egin, nahiz eta ez den perfektua. Elebidunen kasuan, ez. Elebidun batek gaur garun isuri bat badu, ez dakigu zer hizkuntza galduko duen, zenbateraino... Odol isuri horren aurreko ezaugarriak zein ziren aztertuko dugu, lesioa zehazki non duen eta garun azaleko zer atal kaltetu diren ikusi. Hortik tiraka, saiatuko gara errehabilitaziorako estrategiarik onenak garatzen. Izan ere, isuri baten ostean, denbora tarte batean lantzen eta berreskuratzen duzuna betiko berreskuratzen duzu.

Gaur egun, hizkuntza bakarrarekin lantzen da afasia?

Lekuaren arabera, beharbada, ospitaleko jendeak ez daki zure hizkuntzan hitz egiten. Hori arazo bat da. Hizkuntza hori dakienik balego ere, baliteke biak nahastea zentzu handirik gabe, ez dagoelako sistematizatuta zein den protokolorik egokiena hizkuntza gaitasun handiena berreskuratzeko.

Elebitasuna ona edo txarra den eztabaidagai da oraindik?

Eztabaida sekulakoa da. Batez bere asko pasatzen da iragan koloniala daukaten herrialdeetan eta identitate nazional bakarra bultzatzeko interesa dagoenetan. AEBetan, etorkin asko dauden eskola publikoetan, oraindik esaten diete gurasoei ez egiteko haien hizkuntzan, umea nahastuko dela. Umeak biak ikasiko ditu, noski; ez dago arazorik. Bitxia da, Harlemen eta Bronxen esaten diete gazteleraz ez egiteko, baina Wall Streeteko bankarien umeen eskolan frantsesez irakasten dute. Horrek ez du zerikusirik zientziagaz; kontu politiko eta sozioekonomiko bat da.

Garunarentzat badu abantailarik zenbait hizkuntza jakiteak?

Azken 15-20 urteetan, zientzialari batzuek topatu dute elebitasunak erraztasun batzuk ematen dituela funtzio exekutiboekaz harremana daukaten ariketetan, baina beste batzuek ez. Dena den, hori egia balitz ere, horrelako ariketa bat egitean 50 milisegundoko abantaila izateak ez du ardura egunerokoan. Elebidun izatearen abantaila da mundua bi eratara adierazteko gaitasuna izatea.

Oro har, zein erronka ditu neurohizkuntzaren alorrak?

Neurozientziaren Erdi Aroan gaude oraindik; teknologiak sekulako aurrerapena ekarri du, baina oraindik ez dira nahikoa sofistikatuak bene-benetan ikusteko gure garunak gauza batzuk zelan egiten dituen. Seinalea neurtzen dugu 10.000 neurona batera aktibatzen direnean. Garezurra ireki barik seinale hori atzemateko eta bereizmena izateko gai izango liratekeen makinak behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.