Irratiaren Munduko Egunean, mikroak kalera

Euskadi Irratiak Donostiako Tabakaleran egingo ditu gaur hiru saio. Gazteak 'Gure kontu' leloa zabalduko du, 30. urteurrena ospatzeko

Joseina Etxeberriak Tabakaleran aurkeztuko du gaur Kantu kontari. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Irratiaren munduko eguna da gaur, eta zenbait irratik estudiotik kalera aterako dituzte mikroak eta txoko desberdinetan egingo dituzte programak. Euskadi Irratiak, esate baterako, Donostiako Tabakalerako sarrerara eramango du bere programazioaren parte bat: Faktoria magazina bertan egingo dute, eta Manu Etxezortuk Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabal eta Tabakalerako kultur zuzendari Klara Montero elkarrizketatuko ditu. Gero, 12:00etan, Gatibu taldeak joko du zuzenean. Joseina Etxeberriak ere bertan aurkeztuko du Kantu kontari saioa. Eta 16:00etatik aurrera, Baipasa magazina nola egiten duten ikusi ahalko dute bertara gerturatzen direnek; nazioarteko berriemaileen tertulia bat egingo dute Skype bidez, pantaila handi batean. Halaber, Olatz Salvador musikariak abestuko du.

Radio Euskadiko Boulevard saioa Donostiako Parte Zaharrean egingo dute, Bretxa ondoan jarritako set berezian. Elkarrizketatuen artean, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Ander Gonzalez sukaldaria egongo dira. Boulevard Magazine-n, berriz, gonbidatuak Mikel Erentxun abeslaria, Pedro Usabiaga argazkilaria eta Elena Arzak sukaldaria izango dira. Iflandia kultur saioan, Ramon Saizarbitoria idazlea elkarrizketatuko dute. Graffiti saioan, Amancay Gaztañaga eta Iraia Elias aktoreak gonbidatuko dituzte, eta Imanol Ituiñok magia egingo du zuzenean. La mecánica del caracol saioan, bestalde, irratia hitzaren adiera desberdinak aztertuko dituzte.

Gaztean opariak

Beste alde batetik, Gazteak 30 urte beteko ditu aurten, eta urteurrenaren leloa aurkezteko baliatuko dute gaurko eguna. Leloa Gure kontu izango da. Entzuleen artean opariak banatuko dituzte gaur egun osoan. Datorren astean iragarriko dituzte urteurreneko ekitaldiak.

Radio Vitoriak, berriz, ate irekien eguna izango du. EITBren Gasteizko egoitzako ateak zabalduko dituzte, eta herritarrek bertara hurbildu eta irratia nola egiten den zuzenean ikusteko aukera izango dute.

Unescok duela bederatzi urte izendatu zuen otsailaren 13a munduko irratiaren eguna. Urtero mezu bat zabaltzen du irratigintzan ari direnentzat, eta aurten «aniztasuna» defendatzeko eskatu du. Halaber, honako gomendio hauek egin ditu Unescok: «Pluralismoaren alde egitea, irrati publikoak, pribatuak eta komunitarioak egon daitezen; erredakzioetan ordezkaritza sustatzea, gizarteko talde desberdinak lantaldeetan integratuak egon daitezen; eta eduki editorialetan eta irratsaioen tipologian aniztasuna sustatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.