ERREAKZIOAK

2015eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
«Ez bada Oskorri mantentzeko gai, gure herriak ez du ezertarako balio»

Mikel Markez Kantaria

«Jexuxmai Lopetegirekin hitz egin nuen orain denbora bat, eta esan zidan Oskorrik, definitiboki, utzi egin behar zuela. Harritu egin nintzen. Dena den, Natxok [De Felipe] orain urte pare bat eman zituen elkarrizketa batzuk, eta horietan aipatzen zituen bere desadostasunak, edo bere minak. Gure herria ez baldin bada herri gisa Oskorri bezalako talde bat mantentzeko gai —badakit modu oso sinplean esanda dagoela—, ez baldin bada bere ikono kulturalak errespetuarekin zaintzeko gauza, herri honek, garbi esanda, ez du ezertarako balio. Egingo dugu borroka beste atal batzuetan, baina ez gara sekula herri izango. Honek erakusten du, berriz ere, ez garela herri. Pertsona baten osasuna bezalakoa da. Ezin duzu esan osasuntsu zaudela deneko minak baldin badauzkazu. Hau min bat gehiago da. Arrazoia baldin bada ez dagoela emanaldirik, horrek emango luke gure herriaren termometroa, sinpleki.

»Oso zalea izan naiz. Garai batean, Iparraldetik, haize berriak heldu ziren Mixel Labegerieren bidez eta. Horiek sustraitu ziren Gipuzkoan gehiago, Ez dok Amairuren bueltan. Baina garai bertsuan, Natxo bereziki, ari zen kantuak egiten Bizkaian. Bultzada izugarria eragin zuen horrek. Natxo izan zen gerora folk deitu izan zaion hizkuntza musikal hori bideratu zuena Oskorrirekin, Gabriel Arestiren poesiarekin, eta beste iruditeria batekin: Bilbo, langile mugimenduak... Gure Euskal Herriaren zati handi baten pentsamenduaren lekuko izan ziren Oskorrikoak hasierako garai haietan. Gerora erreferente izan dira, dudarik gabe. Hor daude dozena bat kantu gure subkontziente kolektiboan daudenak, eta hori ez du edonork egin gure herrian. Horregatik da mingarriagoa: haiek jarraitu nahi baldin bazuten eta ez badute biderik ikusten...».

«Oskorri ez da pasarte huts bat euskal musikaren barruan»

Amaia Zubiria Kantaria

«Kantuan dabilena ez da sekula erretiratzen, baina pena ematen dit Oskorri desagertzeak, izen eta talde gisa. Sentimentalki pena ematen dit, eta zerbait egiten dit barruan. Oso talde inportantea izan baita Oskorri. Denek, taldekide guztiek egin dute beren ibilbidea, eta denak izan dira maisu. Asko maite ditut Natxo, Bixente, Anton eta beste. Maite ditut, eta maite dut haiek egindako musika. Izugarrizko lana utzi digute; ez da pasarte huts bat euskal musikaren barruan. Askoz ere gehiago da Oskorri. Disko asko, kantu asko, beti ondo egindako lana... Profesional handiak dira, eta egin duten lan bakoitza izan da oso landua. Hor izango dugu beti haren musika. Ez dakit zerk eraman dituen erabaki hau hartzera, baina hoberena opa diet. Baina egia da, era berean, gauzak hasi eta bukatu egiten direla. Dena dela, pentsatu nahi dut segituko dutela musikan».

«Nabarmenduko nuke Oskorrik kanta bakoitza mimatzeko duen modua»

Kepa Junkera Musikaria

«Euskal musikan erreferente argia da Oskorri, baita mundu osoan ere. Oskorriren zale izatetik Oskorriren parte izatera pasatu nintzen ni, eta ekoizle ere aritu nintzen Ura diskoan. Niri, Oskorrik musikalki hazteko aukera eman zidan. Ni murgilduagoa nengoen erromeria eta mundu tradizionaleko musikan, eta, haien bidez, beste musika batzuk ezagutu nituen. Eternoa da nire esker ona horregatik. Kanta bakoitza mimatzeko beti izan duen modua nabarmenduko nuke nik Oskorri aipatzean. Sustraietatik abiatuta unibertsal izatera heldu dira. Oso berezia den zerbait dute; kanta bakoitza kontu handiz lantzen dute, konponketa guztiak zaintzen dituzte... Pena bat da halako talde baten agurra, baina taldekideak ez dira desagertuko, eta ziur ez direla geldi egongo».

«Musikatik harago doazen sentipenak datozkit gogora Oskorri aipatzean»

Mikel Urdangarin Kantaria

«Pena hartu nuen jakin nuenean. Benitorekin [Lertxundi]-eta gertatzen zaidan bezala, musikatik harago doazen pentsamenduak eta sentipenak datozkit gogora Oskorri aipatzerakoan. Txiki-txikitatik lagundu nauen ahots lagun bat da Oskorrirena. Haurra nintzela etxean entzuten nituen kantuak, eta, pentsa, 40 urte luzez aritu direnez, beti gertu sentitu izan ditut. Hortaz, nahi gabe ere afektibotasun bat sortzen da. Oso identifikagarria den ahots bat izan da; eta hala izango da aurrerantzean ere, diskoek eta kantuek iraungo baitute.

»Sekulako pisua izan du herri honen kantugintzan; bai sortzaile moduan, bai eta transmisore eta eragile gisa ere. Gustuko izan ez duenak ere sarri entzun du Oskorri, urte askoan eta toki askotan, oso-oso presente egon den talde bat izan baita.

»Ekarpen handia egin du, eta, era berean, nabarmentzekoa da musikalki maila oso handiko taldea izan dela. Falta sentituko dugu».

«Hemen ez dakigu gureak zaintzen»

Txuma Murugarren Kantaria

«Sintomatikoa da Oskorriren agurra. Plazarik ez dagoelako eta gaur egun interes handirik ere ez dagoelako, pena da Oskorri bezalako proiektu mardul batek agur esan behar izatea, nahiz eta erreferentziazko proiektua izan, kanta gogoangarri asko utzi dituena bere ibilbidean. Kultura izeneko marasma horren erdigunean dago sortzailea, baina ez da oso kontuan hartzen. Ematen du garrantzitsuagoa dela kontzertua programatzen duena, kontzertua ematen duena baino. Taldearen ibilbidea nabarmentzeko modukoa dela uste dut, eta pena sentiarazten dit agurraren albisteak. Pena da ezin mantentzea Oskorri bezalako talde bat. Hemen ez dakigu gureak zaintzen».

«Tradizioa berrasmatzeko gaitasun itzela erakutsi dute»

Harkaitz Cano Idazlea

«Oskorri ume-umetatik euskal kulturara erakarri ninduen taldea izan zen niretzat. In fraganti diskoa bereziki garrantzitsua izan zen. 1986an edo, 11 bat urte nituela, umoretik eta jolastitik asko zuten kantu haiek, Hau da debilidadea eta abar, bizipozaren erakusle. Baina aldi berean, bazuten beste alde hori ere, festatik urrundu eta lirismora sentiberatasun handiz hurbiltzen zena: Ostatuko neskatxaren koplak, adibidez, nire kuttunetakoa. Talde gutxik dituzte txanponaren bi alde horiek, bi tenore horiek, malenkoniatsua eta festarakoa, hain ongi eta trebeki dosifikatuta. Obaba hitza ere, disko bereko Obabatxue sehaska kantuan entzun nuela uste dut lehen aldiz. Tradizioa berrasmatzeko eta gaurko testuingurura ekartzeko gaitasun itzela erakutsi dute: haien kantuetako asko ereserki bihurtu dira, egokitutakoak izan arren... Niretzat shock bat izan zen, adibidez, Gora ta gora-ren doinua gurea ez zela jakitea, txekiar batek idatzitako polka zela, gero Andrew Sistersek abestuko zutena beste askoren artean; izan ere, hain ongi besarkatzen zuten elkar letrak eta doinuak. Sinkretismo lezio bat hor ere... Gabriel Arestiren kantuak berreskuratuz egindako kontzertu sortan ikusi nituen azken aldiz Viktoria Eugenia antzokian, eta inpresio sakona utzi zidan kantu horien gaurkotasunak, bai letrari eta bai musikari zegokionez.

»1999an, Xabier Zeberio taldera iritsi berri zela, kantu bat eskatu zidaten, eta Desertore diskoan ere kolaboratu nuen haiekin. Pentsaezina zen orduan halako talde mitiko batek niri ezer eskatzea, ohore bat. Euskal klasiko baten agurra da, zalantzarik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.