ainara arratibel gascon
Tokio 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Keinuak

2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Olinpiar Joko guztietan izaten dira zeresana ematen duten kirolarien keinuak. Tokiokoak ez dira salbuespena. Gianmarco Tamberi eta Mutaz Essa Barshimena izan da bat, gorako jauziko domina partekatzea; bestea, Isaiah Jewett eta Nijel Amos elkar hartuta helmugara iristea, 800 metroko finalerdietan estropezu egin eta gero. Tom Daley jauzilaria ere kakorratza egiten aritu da igeriketa probak ikusten zituen bitartean... Baina nik beste bi keinutan jarri nahi dut arreta oraingo honetan. Novak Djokovicek egindakoa brontzezko domina galdu zuenean, eta Reven Saundersek zilarrezko domina jasotzerakoan pisu jaurtiketan.

Gero barkamena eskatu arren, Djokovicek erraketa lurrera bota zuen, amorruz. Saundersek, berriz, X bat irudikatu zuen besoekin, «zapalduta» dauden pertsonen aldeko keinu gisa. Bi keinuei begiratuta, argi dago Djokovicena kirolen balioen kontrakoa dela. Une horretan milioika pertsona arituko ziren haren partida ikusten, horietako asko Djokovic eredutzat zuten umeak. Zer mezu jaso zuten ume horiek?

Saundersenak, berriz, giza konpromisoa erakusten du, eta, olinpiar esperientzia honetako lehen zutabean aipatzen nuen moduan, Olinpiar Jokoetako kirolariek bestelako gizarte borroka batzuk aldarrikatzeko eta ikusarazteko duten indarra.

Baina, zein da Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ikertu duen keinua? Bada, sinestezina eta amorragarria bada ere, Saundersena. Olinpiar Kartaren 50. artikulua urratu ote duen aztertuko dute. Haren arabera, olinpiar guneetan ezin da politikari, erlijioari eta arrazari lotutako keinurik egin.

Olinpiar balioen lehenengoetarikoa ez al da kirol legea? Bada, argi dago ikertu beharko luketena Djokovicena dela. Baina, noski, Djokovic da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.