Juan Martinez de Irujo

Bosgarrena, «bereziena»

Ezin hobeto jokatu eta buruz buruko bosgarren txapela lortuta, zoriontsu da iberoarra, sufrikarioak gozamena ekarri baitio. Merezi duen gisan ospatuta, atseden hartuko du hiru astez.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2014ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Biharamun gozoa izan zuen atzo Juan Martinez de Irujok. «Bizitzan izan dudan biharamunik gozoena, akaso». Bezperan parranda egin eta lo gutxi eginda esnatu arren «zoriontsu»baitzegoen iberoarra. Ez da gutxiagorako, «buruz buruko txapela ez da-eta egunero irabazten». Horregatik, egoerak eskatzen zuen neurriko ospakizunetan murgildurik ibili zen finalaren ondoren. Julen Retegiri 22-9 irabazi, dutxa eder bat hartu, Iruñera joan eta, ohi legez, sagardotegi batean afaldu zuen txapeldunak. «Txuleta batzuk nik erre nituen, gainera». Luze joan zitzaion gaua, baina, dudarik gabe, merezitako parranda egin ahal izan zuen.

Afarian kantuaz, musikaz, txisteez eta bestelakoez gozatu ondoren, etxera ordu txikietan erretiratu zen, baina goizeko hamaiketarako zabal-zabalik zituen begiak. «Ez nuen ohera sartu ere egin nahi. Halako momentuetan esna egon nahi izaten da une oro, bizitzen ari zarena gehiago gozatzeko». Ohean denbora gutxi igaro arren, luze egin zitzaion. «Kalera atera nahi nuen». Hori bai, ez zuen emandako hitza bete. «Egia da. Finala bukatzean esan nuen txapela jantzita egingo nuela lo, baina ez nuen hala egin. Halere, begiak irekitzean txapela izan zen ikusitako lehen gauza, eta finaleko momentuak etorri zaizkit burura».

Egiari zor, ongi sufritutako txapela jantzi zuen Irujok. Ezker eskuko minaren ondorioz, txapelketari uko egiteko zorian egon zen orain bi hilabete, eta txapeldun izan da; «ez nuen espero», adierazi du. «Sufritu dudan guztiagatik, hauxe izan da profesionaletako txapelik bereziena. Lehenengoak baino ilusio handiagoa egin dit». Finalean aparteko arazorik gabe menderatu zuen Retegi Bi, batez ere eskuin kolpeari esker. «Ezkerrean mina nuelako, eskuinez joko serioagoa egin dut partida guztietan, eta ongi atera zait. Oso fresko heldu naiz bukaerara, baina ez dut uste jokoa jendeak esaten duen adina kanbiatu dudanik».

Gomendioei entzungor

Jokoa ez du aldatu, eta berak ere debutatu zuenean bezala jarraitzen du. «Beti izan naiz kastakoa, eta sufritzen dakien mutila». 2004an ere aurtengo egoeraren antzekoa izan zuen. «Jokin Etxanizek eta aitak esaten zidaten buruz buruko txapelketan ez parte hartzeko, handi samar geratuko zitzaidalako-edo. Nik ez nien kasurik egin, eta txapeldun izan nintzen gero». Aurten ere askok esan diote atseden hartzeko, baina alferrik izan da. «Familian horixe aholkatzen zidaten, ez zela ezer gertatzen urtebetean parte ez hartuta. Eta begira, jada binakako eta buruz buruko txapelak jantzi ditut». Orain beste helburu bat du. «Eskuak sendatu eta lau t'erdikoaren bila joango naiz».

Hain zuzen ere, bosgarren txapela izan du iberoarrak buruz burukoari dagokionez. Hala, izen handien artean ageri da jada Irujorena. Julian Retegik 11 ditu irabaziak, Retegi I.ak eta Azkaratek seina, eta bostekin Irujo bakarrik dago. Atzetik ditu, laurekin, Atano III.a, Beloki eta Olaizola II.a. «Nik datu horiei ez diet begiratzen. Nahiago dut erretiratzen naizenean aztertu lortutako zenbakiak, baina egia esan behar badut, harro nago lortutakoaz, eta txapel gehiago irabazi gabe ere pozik gera naiteke».

Harro dago irabazitakoaz, eta harro dago familiaz ere. «June nire alaba gazteenari eskaintzen diot txapela. Oraindik ere gauza gutxirekin ohartzen da, baina niri asko laguntzen dit». Txapeldunak aitortu duenez, momentu gogorrak izan ditu lesioen ondorioz, eta jende askok lagundu dio. «Dena zor diet nire ingurukoei. Haiengatik ez balitz, ez nintzateke hainbeste txapelaren jabe izango». Txapelketa guztiak kontuan hartuta, hamabi ditu. «Asko dira, baina familiari gehiago eskainiko nizkioke gustura».

Horretarako, bada, lesioak gainditu eta pilotan beldur gabe jokatu nahi du. Hori lortu nahian, hiru asteko atsedena hartuko du. «Denbora asko daramat arrastaka, eta gelditzeko momentua iritsi da. Enpresari aspaldi esan nion ezin nuela gehiago, eta hiru aste eman dizkidate». Ordea, ezin izango du lasai ederrean etzanda egon. «Eskua ez da sendatzen alferkerian egonda. Masaje emaileari bisita batzuk egitea tokatuko zait». Uztailaren 23an itzuliko da kantxetara iberoarra, Errenterian (Gipuzkoa). Hortaz, sanferminetako feria harmailetatik ikusi beharko du. «Pena handia ematen dit, eta inbidia ere sentituko dut. Gainera, iaz lau t'erdikoa zein binakakoa irabazi nituen». Buruz buruko txapelak pena horiek arintzen lagunduko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.