RIO16. IPANEMAKO MUTILA

'Obrigado' Rio de Janeiro

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Obrigado Rio de Janeiro. Eskerrak eman behar dizkizut. Eskerrak, duela lau urteko min bat sendatzen lagundu didazulako. Duela lau urte Londresen egon nintzen Olinpiar Jokoetan, eta handik are kazetariago itzuli nintzela sentitu nuen. Kazetariago, Jokoen ingurua eta kanpoko aldea ezagutu eta kontatu ahal izan nuelako. Askotan, pixka bat urrundu beharra dago zerbaiten benetako tamaina ikusteko. Kirol kazetari moduan, baina, Jokoak barnetik ezagutu ez izanaren atsekabez gelditu nintzen. Kreditazioa eduki edo ez, bi mundu dira, festara gonbidatua izan edo ez. Min hori Rion sendatu dut, eta, berriz ere, are kazetariago itzuli naiz. Urrezko kaiolan sartuta egon naiz, baina hausten jakin dut, eta jadanik bi Olinpiar Joko ezagutu ditut, kanpotik eta barrutik.

Kazetaritzan amets hitza gehiegitan erabiltzen dela esan ohi dut, baina, nire kasuan, hori bizi izan dut Rion. Ametsak, paradisuak bezala, oso gauza pertsonal eta intimoak dira, eta, nik esperientzia honekin gozatu badut, jende askori esker izan da. Hasteko, eskerrak Telle zutabekide eta etxekide apartari, harekin partekatutako garagardo, zabor janari eta konfesioengatik. Noski, Andoainen testuak jaso, atondu, eta artelan bilakatu dituzten lagunei, baita 6. Uztaiko lantaldeari ere. Biba zuek! Laster naiz bueltan. Etxekoak ezin ahaztu: whatsapp ahots mezuen beste aldean zeudenei eta gau itxian aireportura eraman ninduenari. Skypeko beste pantailan agertu zaren horri ere, eskerrik asko. Eta, noski, zuri, irakurle, euskararen aldeko apustua egin eta informazioa euskaraz jasotzea aukeratzeagatik. Honek guztiak zuregatik eta zuri esker du zentzua. Zugana iritsi nahi izan dugu, hori da irismenik garrantzitsuena. Besarkada bat, Rio; Konnichiwa, Tokio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.