KRITIKA. Musika

Kolibriaren hegaldia

2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Gemma New.Biolina: Vadim Gluzman. Egitaraua: S. Prokofieven Biolinerako2. kontzertua eta R. Schumannen3. Sinfonia, Renaniarra. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Martxoak 12.

Alderraia izatea musikariaren ogibideari esentziala zaion ezaugarria dela esan genezake: nekez topatu daiteke musikaren historian aukera onenaren bilaketak, jazoera historiko-sozial kaltegarrietatik ihes egiteko beharrak edota grina esploratzaileak berak sorlekutik behin baino gehiagotan urrutiratu ez duen musikaririk. Programa honetan, Euskadiko Orkestrak ia ehun urteko aldeaz gertatu ziren bi bidaia ekarri dizkigu gogora.

Sergei Prokofievek Sobietar Batasunera behin betiko itzuli baino urtebete lehenago, 1935ean konposatu zuen bere Biolinerako 2. kontzertua, Robert Soët biolin jotzaile frantsesaren enkarguz. Samurtasuna eta limurtzea biltzen dira hiru mugimenduetan, hizkuntzaren sinpletasun garbian nolabait ere mehatxu beltza azalarazi egiten dutenak. Vadim Gluzman ukrainarrak lirismo ilunez ekin zion lehen mugimenduaren gai nagusiari, gero kontrabaxuen koloreak sakondu zuena. Andante assai-aren kontraste argitsuan dotorea izan zen Gluzman, Gemma Newen batuta askea lagun. Gluzmanen arkuaren ricochet zehatzek eta zuzendari zeelandaberritarraren oinek bat egin zuten azken mugimenduan, kaskainetek indartzen duten dantza giroarekin.

Robert eta Clara Schuman 1850an Dusseldorfera aldatu zirenean festa handiz hartu zituen hiriak; bertan, oso denbora laburrean idatzi zuen Robertek bere 3. Sinfonia, Koloniako katedralera egindako bisitek eragindako lilurak bultzatuta. Arrakasta handia lortu zuen, baina gogamenaren deabruek eman zioten atsedenaldia ez zen luzea izan, hiru urte geroago Rhin ibaira bota baitzuen bere burua. Edonola ere, Renaniarra sinfoniak baditu oraindik ere handitasun eta argitasun printzak. Newen zuzendaritzak horiek azpimarratu zituen, behar zen tokian dinamikak gailenduz, kolibri baten antzera esekiduran, hegalak arin eta orkestraren koloreak doi-doi xurgatzen. Hala izan zen Scherzo lasaian zein Feierlich ospetsu eta zabalean; azken honetan, gainera, metalen distira nabarmendu behar da, nektar gozoa balitz bezala taularen atzean gordeta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.