Eurokopa. D multzoa

Errusiara gehiegi begiratu gabe

Ingalaterraren eta Kroaziaren arteko partidarekin abiatuko da bihar D multzoa, Londresen. «Multzo gogorrenetan bigarrena» da, Ante Budimir aurrelari kroaziarraren ustez. Zlatko Dalic hautatzaileak «kalitate handiko» jokalari «asko» dituela azpimarratu du. Ligaxka gainditzea dute lehen helburua.

Ante Budimir, eskuinean, Kroaziarekin jokatutako partida batean. ERDEM SAHIN / EFE.
Iñaki Berastegi.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Bere historiako emaitzarik onena lortzetik dator Kroazia, Errusiako 2018ko Munduko Kopan txapeldunorde izanda: Frantziaren aurka 4-2 galdu zuen finala. Talde indartsua izanagatik ere, ezustekoa izan zen Zlatko Dalicek zuzentzen duen selekzioak orduan emandako maila eta lortutako emaitza. Ligaxkako hiru partidak irabazi eta gero, Danimarka, Errusia eta Ingalaterra menderatu zituen kanporaketetan, hurrenez hurren. Historia laburra dute Kroaziako futbol federazioak eta selekzioak: 1991n eratu ziren, Kroaziak herrialde gisa independentzia deklaratu ostean. Bost urte geroago jokatu zuten lehen azken fasea, 1996ko Eurokopan, Ingalaterran, eta bi urte geroago, Frantziako Munduko Kopan, hirugarren postuan sailkatu ziren. Denera, bost Munduko Kopa eta beste horrenbeste Eurokopa jokatu ditu, eta Europako txapelketan sekula ez du final-laurdenen langa gainditu. Seigarrena izango da hau.

Argi dago Eurokopako multzo zailena Frantziak, Portugalek, Alemaniak eta Hungariak osatzen duten F multzoa dela. Baina D multzoa ere ez da batere samurra. Ingalaterra, Kroazia, Eskozia eta Txekiako Errepublika ariko dira, eta Londresko Wembley estadioan eta Glasgowko (Eskozia) Hampden Parken jokatuko dira neurketak.

Multzoak aztertuta, Ante Budimir (Zenika, Bosnia, 1991) Kroaziako eta Osasunako aurrelariak uste du Eurokopa honetako «multzo gogorrenetan bigarrena» egokitu zaiela: «Ingalaterra Eurokopa irabazteko hautagai nagusietako bat da, eta Eskoziak, urte asko daraman arren txapelketa jokatu gabe, azken faseetan aritzeko moduko taldea dauka. Gainera, bi selekzio horiek etxean jokatuko dute. Txekiako Errepublikari dagokionez, ondo prestatutako taldea da, fisikoki oso indartsua. Multzo zaila da».

Lehendabiziko jardunaldian, Ingalaterraren aurka ariko da bihar Kroazia, eta etzi jokatuko dute Eskoziak eta Txekiako Errepublikak euren artekoa. «Dugun izaeragatik, mesede egingo digu Eurokopa Ingalaterraren aurka hasteak. Pizgarri handi bat behar dugu txapelketan gure onena emanez abiatzeko. Ondoren, argi dago Eskoziaren eta Txekiako Errepublikaren aurkakoak finalak izango direla».

Errusiako Munduko Koparekin alderatuta, badirudi Dalicen taldeak maila apalagoa duela orain. «Ez da batere erraza Ivan Rakitic edo Mario Mandzukicen gisako jokalariak ordezkatzea, eta ikusiko dugu min hartuta dagoen Dejan Lovrenek jokatu ahal izango duen; espero dugu baietz». Txapelketa honetarako jokalari «garrantzitsu» batzuen hutsunea duten arren, Kroaziako hautatzaileak «maila handiko» jokalari «asko» dauzkala nabarmendu du Budimirrek: «Luka Modric Real Madrilen ari da; Mateo Kovacic, Chelsean; Ivan Perisic eta Marcelo Brozovic, Inter Milanen; eta Ante Rebic, Milanen, besteak beste. Talde indartsuetan ari diren kalitate handiko jokalariak dauzkagu. Modric da gure liderra eta kapitaina».

Errusiako “zama”

Errusiako Munduko Kopan finalera iritsi baziren ere, Osasunako aurrelariak esan du ez dutela hori “zama” izatea nahi: “Gure pasarte propioa idatzi nahi dugu. Errusian finala jokatzeak ez du esan nahi orain gutxienez finalerdietara iristera behartuta gaudenik. Momentuz, kanporaketetarako sailkatu nahi dugu. Gero gerokoak”.

Armenia eta Belgikaren aurka jokatu ditu Kroaziak azken bi lagunartekoak, eta bi neurketa horietan minutu bakar bat jokatu ez badu ere, Budimir bere aukeraren zain dago.“Nire postu berean jokalari oso onak daude. Ez naiz erotzen, pazientzia behar da. Nire momentua iristen bada, ez nau ezustean harrapatuko”.

Osasunako aurrelariaren estreineko aldiz ariko da azken fase batean. Hamaika herrialdetan jokatuko da lehen aldiz Eurokopa, eta pandemia bete-betean. Hori horrela, eta azken urte eta erdian egoerara “egokitu” badira ere, Budimirrek ezin du ukatu bere lehen Eurokopa egoera “arraro” batean jokatuko denik. Gainera, arriskuak murriztearren, Kroaziako selekzioak bere egoitza nagusia Kroazian bertan, Rovinj hirian, ezarri du, eta bertatik bidaiatuko dute neurketa guztietara: “Pozik nago aldaketarekin, etxean eta lasai gaudelako”. Zalantzaz beteriko Eurokopa izango da, eta denboraldi hasieran Covid-19a gainditu zuen Budimirrek badu beste kezka bat: “Ez dakit Kroaziako zaleak joango ote diren Ingalaterrara eta Eskoziara gure partidak ikustera”.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.