Castillo Suarez

«Poema liburu batek ez zaitu poeta egiten»

ANDONI CANELLADA / FOKU.
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Poema liburu batek ez zaitu poeta egiten, eta badira poema libururik gabeko poetak: Xabier Gantzarain, esate baterako. Bere idatzien poetikotasunak ez du zalantza izpirik uzten: egun poetarik onenetakoa da ISBNrik eduki ez arren.

Iruditzen zait Euskal Herrian poema liburu asko argitaratzen direla, baina ez ditugula horrenbeste poeta, nahi baduzu, on. Iruditzen zait poema liburu bat erraz xamar argitaratu daitekeela Euskal Herrian, baina estilo aldetik poesiaren mugan daudenak. Izan ere, ez da nahikoa lerroak haustea poema on bat egiteko.

Euskal Herrian dauden poetak zenbatzea eskatuko balidate, argitaratutako lanei erreparatu gabe, oso gutxi aterako lirateke, baina ez beste herrialde batzuetan baino gutxiago —proportzioez ari naiz, betiere—. Gainera, iruditzen zait poetarik onenek poema liburuak besterik ez edo batik bat poema liburuak idazten dituztela: Jon Gerediaga eta Jose Luis Otamendiren kasua litzateke. Bi poeta handi.

Batzuetan, literaturaz kanpoko arrazoiek bultzatuta idazten dira poema liburuak. Kartzela da horietako bat. Iruditzen zait kartzelari buruz eta oro har gatazka politikoarekin lotutako poema liburu on bat egitea dela lanbiderik zailena. Ez da nire asmoa failure report bat egitea, baina fail asko daude poema liburuen artean, eta agian eleberrietan baino gehiago. Nire libururenbat sartuko nuke hor.

Poema liburuak idazten ditugunoi maiz galdetzen digute noiz idatziko ote dugun eleberri bat, idazle titulua ez baita poemekin bakarrik eskuratzen ahal. Poeta on bat liburu batek egiten du, baina poeta estatusa beste gauza batzuek ematen diote; errezitalek, esango nuke. Testuinguru honetan, deigarria zait Rikardo Arregi Diaz de Herediaren kasua. Euskal Herriak nazioartean gehien esportatzen duen poetetako bat da, eta aspaldi ez du libururik argitaratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.