Etxebizitza merkatua. Inbertsio funtsak

Funtsak eta socimiak

Funts erraldoiek asko aldatu dute higiezinen merkatua. Haientzat tresna aproposa dira sozietate zergarik ordaintzen ez duten socimiak

Irune Lasa.
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Dirua diru gehiagoren bila. Burbuilak gorabehera, higiezinena beti izan da dirudunentzat errentak lortzeko biderik eraginkorrenetakoa. Azken urteetan aldaketa sakonak izan dira merkatu horretan, besteak beste, funts erraldoien eta socimien etorrerarekin.

Espainia hipoteken krisi betean zen, funts handiek lur hartu zutenean, 2013. urtean. Mauka topatu zuten sos beharrean zeuden administrazio publikoen jabetzetan (Madrilgo alokairu sozialak), kutxen eta bankuen aktibo toxikoetan, amiltzen ari ziren eraikuntza taldeen promozioetan.

Socimiak (higiezinen merkatuan inbertitzeko sozietate kotizatu Anonimoak) erosketetarako tresna aproposa izan dituzte. Espainiako Gobernuak «alokairuen merkatua sustatu» eta «profesionalizatzeko» sortu zituen socimiak, eta arrakasta izan dute; 90etik gora sortu dira sei urtean.

Alokairuak dituzte negozio. Lokal komertzialak, bulegoak, hotelak, zahar etxeak, etxebizitzak erosi eta alokatzea... Hiri handietan hasi ziren, Madrilen, Bartzelonan. Eta, ondoren, nola ez jarri begiak turismoaren boomarekin puztutako alokairu prezioetan, hala nola Donostian daudenen modukoetan. Blackstonen Testa Residencial socimiarenak dira Benta Berriko babes ofizialeko alokairuko etxebizitzak, eta Testarenak dira Iruñeko babes sozialeko alokairukoak ere. Donostiara iritsi berri den Azorak sortu zuen Espainiako lehen socimia, hoteletan espezializatutako Hispania, zeina Blackstonek erosi zuen 2018an.

Socimiek ez dute sozietate zergarik ordaintzen. Behartuta daude irabazien %80 dibidenduetan banatzera (zeinek, teorian PFEZa ordainduko duten). Socimien negozioaren erakusgarri, bi datu: 50.000 milioi euroren aktiboak dituzte, eta, urte gutxian, ia 1.400 milioi euro banatu dituzte dibidendutan.

Zein dago, egiaz, socimi horien atzean? Batetik, BlackRock, Blackstone, eta AEBetako inbertsio funtsen, pentsio funtsen eta halakoen kudeatzaile erraldoiak daude. Haiek «aurrezleen izenean» hitz egin ohi dute, baina, New Yorkeko funtzionarioen aurrezkiak topatzeko, askotxo murgildu behar da jabetzen matrioxkan, eta tartean dirutzak poltsikoratzen dituen kudeatzaile asko daude. Funts subiranoak, bankuak, aseguru etxeak ere badaude socimien jabeen artean. Eta familia aberatsek euren dirutzak kudeatzeko eratutako sozietateak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.