Arrauna

Sekretua gorde du Ben Guunek

Hondarribiak ondo babestu du etxean gordea zuen altxorra, eta Euskadiko Txapelketa irabazi du zaleen aurrean, elkarteak 50 urte betetzen dituen urtean

Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Hondarribiak dauka oraindik arraun munduko altxor preziatu bat. Iaz egin zen haren jabe, eta baita atzo ere. Euskadiko txapeldun izan zen seigarren aldiz, eta bigarrena du etxean lortzen duena, 2005ekoarekin batera, noiz eta elkarteak 50 urte betetzen dituen urtean.

Zortzi traineru abiatu ziren altxorraren bila, zein baino zein azkarragoak batzuk. Herrikoak bazuen zerbait alde: etxetik gertu zeukala altxorra gordetzen zuen uhartea. Etxe alboko eremuetatik nabigatzen ondo baino hobeto dakiela erakutsi zuen atzo ere Ama Guadalupekoa traineruak.

Traineru bakoitzak eraman zituen bere armak eta estrategiak atzo ere, ikurrin preziatua eskuratzeko asmoz. Hondarribia izeneko uhartera iritsi zirenean, mapei jarraituz, harrera hotza izan zuten. Arnasa hotsik ez: basamortu bilakatua zen lur pusketa hura. Batek bakarrik zekien altxorraren kokalekuaren berri: etxeko taldeak. Eta Ben Guunek, naufrago bakartiak.

Altxorraren bila ez ziren arraunlari guztiak batera atera. Aurreneko joaldian, lau taldeetakoak abiatu ziren, bakoitza bere lekutik, baina ibilbide beraren barruan. Donostiarrek zapi zuri-urdina zeramaten; zarauztarrek, urdina; Ondarroak, zuria eta gorria; eta Zierbenak, zuria. Ederki ikus zitekeen bakoitza nondik zihoan. Eguraldia ere ez zuten txarra, haizea deseroso samar bazebilen ere, alderrai bezala, iparretik jotzen une batzuetan, ipar-ekialdetik besteetan, eta ekialdetik ere bai noizbehinka.

Berehala nabarmendu ziren zapi zuridun taldeak, Zarautzen urdina atzean geratzen zen bitartean. Donostiarrakoak zihoazen lehen kaletik, ondarroarrak hirugarrenetik, eta Zierbena laugarrenetik. Altxorraren bila ondo zihoazen ustean, konturatu ziren halako batean buelta eman behar zutela, joandako lekutik itzultzeko, eta Donostiarra izan zen azkarrena, Zierbena gero bost segundora, eta Ondarroa ondoren, zazpira. Zarautz hamazazpi segundo atzerago zetorren.

Ezustean, gauzak berdindu egin ziren hasierako lekura itzultzen ari ziren bitartean. Itsasoaren laguntza baliatuz, Ondarroak erakustaldia egin zuen, mapa eskuan altxorra ondoen bilatzen ari zela erakutsiz. Baina berriz ohartu ziren bide hartan lehen ere ibiliak zirela, eta buelta atzera lehengora, beste noranzko batekin. Ezin, baina, eremu hartatik atera, balizaz betea bezala baitzegoen, mugatua. Haien aurretik altxorraren bila ibilitako batzuek mugatuko zutelakoan, bila segitu zuten, eta egin zituzten beste bi joan-etorri. Azkenean, Zierbena heldu zen azkarren, Ondarroa eta Donostiarra atzean utziz, eta Zarautz askoz atzerago.

Zierbenak zerbaiten usaina hartua izango zuen, nonbait, eta han geratu zen, altxorra gertu zuelakoan. Berehala atera ziren beste lau taldeetako arraunlariak, eta hauei ere bi joan-etorri egitea tokatu zitzaien. Lehenengoan ia parean ziren Hondarribia hirugarren kaletik, Orio laugarrenetik, eta Santurtzi lehenengotik. Baina hortik aurrera, Hondarribia ibili zen azkarren, eta ederki baliatu zuen aukera, aurkariak atzean utzi eta txanda irabazteko. Gainditu zuten aldi berean Zierbenak egindako denbora, eta altxor preziatuaren jabe egin zen etxeko eremuaren jabea. Eman zuen atentzioa azken etorrian bukaeran hartu zuen norabideak, istriborrera joan baitzen. Huraxe izan, nonbait, Ben Guunen sekretua altxorra non zegoen jakiteko, eta belarrira esana omen zion lehenagotik Ioseba Amunarriz patroiari, handik itzultzeko etxe aldera. Ez, ordea, Zierbenako Borja Gomez patroiari, eta, Hondarribiaren garaipenarekin, salbu ikusi zuen altxor preziatua Ben Guun naufragoak ere.

Pozarren iritsi zen etxera altxorrarekin Amunarriz patroia, bere izena Euskadiko Txapelketa gehien irabazia zeukan Juan Karlos Fontanen parean ikusita. Piratak balira bezala, behar den moduan ospatu omen zen atzo Hondarribian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.