HUTSUNEAK BETE EZINIK

Hego Euskal Herrian langabezia tasa %10,2 zen 2017. urte amaieran. Jendea lan bila aritu arren, gero eta enpresa gehiagok diote arazoak dituztela lanpostu jakin batzuk betetzeko. Hezkuntza arloan ere eragin zuzena izaten ari da enpresen eskaria.

Deustuko Unibertsitateak antolatutako Enplegu eta Ekintzailetza Foroa, martxoan, Bilbon. DEUSTO.
Iosu Alberdi.
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Teknologiaren garapena etengabea da, eta horrekin batera sektore jakinetan espezializatutako langileen beharra handiagoa da. Eurostaten arabera, Europako Batasuneko lanpostuen %2 hutsik daude. Hego Euskal Herrian ere 7.000tik gora dira postu hutsak.

Espainiako Estatuan, zifra %0,7 da. Halere, egun, enpresen %56k lanpostu jakinetarako hautagai aproposak aurkitzeko arazoak dituzte, Adecco enpresak eginiko inkestaren arabera. Batez ere, sektore jakin batzuetan du eragina: salmenta (%27,4), teknologia eta informatika (%20,8), eta ingeniaritza eta produkzioa (%19,8). Beste muturrean kokatzen dira hedabide, editorial eta arte grafikoak (%3,9), zuzenbideari lotutakoak (%3,9), eta giza baliabideak (%6,3).

Hego Euskal Herrian, egoera Espainiako Estatuan baino «are okerragoa» da, Adeccoko EAEko zerbitzu zuzendari Sylvia Virtoren esanetan. Hego Euskal Herrian 7.067 lanpostu huts zeuden 2017ko azken hiruhilekoan, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. Kopuruak nabarmen egin du gora, 2016ko datuekin alderatuz gero. 5.200 lanpostu huts kontatu ziren orduan. Nafarroaren kasuan, bete gabeko lanpostuak ia bikoiztu egin dira urtebetean.

EAEn, lanpostu berri gehienak honako alor hauetan sortzen dira, 2016ko Adecco infoempleo txostenaren arabera: saltzaileak (%5,8), industriako behargin espezializatuak (%3,7), industriako langileak (%3,1), aholkulari eta sustatzaileak (%2,6), eta proiektu buruak (%2). Nafarroan ere antzekoak dira enpresen beharrak: saltzaileak (%8), aholkulari eta sustatzaileak (%3,3), industriako beharginak (%3,3), dendako saltzaileak (%2,3) eta soldatzaileak (%2,1) dira lan eskaintza gehien dutenak.

Mondragon taldeak bere inkesta propioa egin zuen taldeko kooperatiben beharrak ikusteko. Kooperatibako talentuaren gestioaren arduradun Iñigo Larrearen esanetan, lanpostuak betetzeko arazoak daudelako. Mondragon taldeko enpresen %67k zailtasunak dituzte ingeniariak aurkitzeko, eta %56k goi mailako formakuntza profesionaleko profilak betetzeko —batez ere, elektrikoa, elektronikoa eta mekatronika—. Bada gero eta zailtasun gehiago ematen dituen profil bat ere, 4.0 industriari lotutakoa. Esaterako, big data analisiak egiteko jendea, aplikazioak sortu eta sustatzeko gai direnak edo marketin digitalean adituak bilatzen dituzte Eroskik edo Laboral Kutxak.

Zergatik daude hutsik?

Adeccok urte hasieran Espainiako Estatuan eginiko inkestaren arabera, hiru dira lanpostuak betetzeko arazo nagusiak. Enpresen %40k adierazi dute «esperientzia falta» dagoela, eta %33,1ek langileek «soldata itxaropen handiegiak» dituztela. Horiekin batera, «zeregin teknikoen jakituria falta» aipatzen dute arazo nagusien artean, %31,3k. «Zeregin teknikoen jakituriak nabarmen eragiten du industriako sektore guztietan, baita autogintzan ere», Virtoren esanetan: «Teknologiaren jakintza beharrezkoa den enpresa guztietan».

Arlo tekniko eta teknologikoan eskaria gorantz doa, eta horrek ez die unibertsitatetik ateratzen direnei bakarrik eragiten, baita lanbide heziketakoei ere. Halere, Adeccoko kideak azpimarratu du kontratatzeko garaian enpresek ez dituztela ikasketak bakarrik begiratzen: «Profil oso teknikoaren beharra dagoenean, gaitasun pertsonalek pisu txikiagoa dute, baina humanitate arloan, sektore komertzialean... pertsonen gaitasunek indarra hartzen dute. Curriculumetik harago». Virtoren esanetan, bakoitzaren izaera ez da beti bat etortzen enpresaren beharrekin.

Ados dago Larrea: «Gure bezero, lantegi eta hornitzaileak nazioartekoak dira. Erlazio zuzenak izateko eta kanpoko fabriketako langileekin harremanak izateko gaitasunak beharrezkoak dira». Nahitaezkotzat jotzen ditu malgutasuna eta azkar ikasteko gaitasuna ere: «Teknologia gero eta azkarrago mugitzen da».

Deustuko Unibertsitateko Alumni zerbitzuko enplegu teknikari Belen Gandariasen arabera, profilek industriaren garapenera egokituz joan behar dute: digitalizaziora, robotizaziora... Halere, industria 4.0k ekarriko duen aldaketarekin, profil eta gaitasun anitzetako profesionalak beharko direla uste du, «ez teknikoak bakarrik», baita sozialak ere, «non zeharkako gaitasunak eta funtzio ezberdinak betetzeko malgutasun handia eskatuko den». Deusto Alumnik unibertsitateko ikasle ohiak lanpostu horietara gerturatzea du helburu: «Bitartekariak gara graduatuen eta enpresa edo erakundeen artean».

Ikasketak erdigunean

Virtok azaldu du enpresak hainbat metodo jorratzen hasi direla arazoari aurre egiteko. Horien artean daude Lanbide Heziketako zentroekin hasitako elkarlanak. Enpresa eta Lanbide Heziketako zentroen arteko harremana «interes komunen» ondorio dela azpimarratu du, eta horren fruitu dela lanbide heziketa duala ere. Elkarlan hori unibertsitate mailan sustatzearen aldekoa da Virto: «Lehen bi edo hiru urteak oinarrizko gaitasunak eta jakituria hartzeko erabili behar dira. Azken urtean, ordea, lana eta ikasketak uztartu daitezke. Lanak berak ikasketak zer ekarriko dizuten erakutsiko dizu, ikasitakoa aplikatzen».

Heziketa duala jada ari da unibertsitatera iristen, esaterako, EHUko Bizkaiko Campusak azaldu du datorren ikasturtean formakuntza dualerako aukera izango dutela hainbat graduk. Gandariasen arabera, Deustuko Unibertsitatea ere «ahalegin handia» egiten ari da lan merkatuko beharrizanei erantzuteko: «Enpresak unibertsitatean daude, gure zati dira». Ahalegin horren adibide jarri ditu gradu bikoitzak: «Balio anitzeko profesionalak eskatzen ditu merkatuak».

Unibertsitatean ikasitakoenartean, bi profil ezberdindu ditu Virtok. Hainbat profesionalen kasuan, esaterako, enpresen zuzendaritza eta kudeaketan graduatuenean, «espezializazio puntu bat» eskatzen dela dio: «Agian finantza arloan edo giza baliabideetan espezializatzea, gradua generiko samarra izan ohi baita». Horri hizkuntzak gehitzen dizkio, ingelesa, eta hirugarren edo laugarren bat, «enpresaren beharren arabera». Bigarren talde batean kokatu ditu, besteak beste, ingeniariak, «profil zehatzagoak» dituztenak. Kasu horietan, arazoa esperientzia falta dela azpimarratu du: «Hori ezin dute eman hautagai berriek».

Industria 4.0rako bilakaerarekin, Gandariasek baieztatu du aipaturiko ikasketetan profesionalak bilatzen dituztela arlo industrialeko enpresek. Deusto Alumniko enplegu teknikariaren ustez, ordea, merkatua sektore batez ahazten ari da, giza zientzietan prestatutako profilez: «Oraintsu izan dugu lan eskaera bat; zuzendari komertziala eskatzen zuten. Enpresa ez zen arlo industrialekoa, eta, halere, ingeniari bat nahi zuten. Modan jarri da guztiak ingeniariak izan behar direla».

Virto eta Gandarias ados dira industriaren etengabeko aldaketek profilen egokitzapena eskatzen dutela. Ikasketek lan merkatuarekin batera aldatuz joan behar dutela azaldu du Virtok, lanpostu berriak sortzen direlako: «Batzuetan, ordea, merkatuak eskatu baino motelago egiten dira aldaketak». Adeccoko kideak uste du utzi egin behar dela unibertsitateko graduak «eremu itxitzat» hartzea: «Graduak gaitasun eta jakituria ugari ematen dizkizu, lan anitzetan aplikagarriak direnak».

Gandariasen esanetan, berriz, unibertsitateak etengabe ari dira ikasketa planak aztertzen, merkatuaren eskariei erantzuteko, eta enpresek ere lan egin behar dute hobekuntza horiek ahalik eta ondoen aprobetxatzeko: «Egia da unibertsitateak bere planak lanpostuetara egokitu behar dituela, baina postu horiek ere etengabe diseinatu behar dira, unibertsitate prestakuntza hobeto aprobetxatzeko».

Mondragonek ere badu unibertsitate propio bat, baita programa dualak eta praktikak. Halere, azpimarratu du jada enpresetan lanean ari diren langileen formakuntza dela arazo nagusia: «Enplegagarritasuna mantentzea ezinbestekoa da. Horretarako, Mondragon kooperatibako 170 langile formakuntza profesionaleko zikloetan daudela azaldu du, postu kalifikatuak betetzeko: «Produkzio linea bat automatizatzen bada, zerbait egin behar da bertako langileekin».

Etorkizuneko arazoa

Hezkuntzan aldaketak egin arren, arazoa okerrera doa. Larreak uste du «arazo demografiko handiak» egoera zailduko duela: «Langile gero eta zaharragoak ditugu, eta gazte gutxiago». Datorren urteetako erretiroei eta lanpostu berriei aurre egin beharra bihurtuko da, beraz, enpresen ardura nagusia. Adibidetzat jarri du Alemania, testuinguru industriala duena, «hemen bezala».

Alemanian lanpostu guztien %2,8 daude hutsik, eta 2017. urte amaieran 1.183.000 lanpostu betetzeko langileak behar zituzten. Horren aurrean, lan eskaintzez gain, enpresek programa dualak ere eskaintzen dituztela nabarmendu du Larreak.

Gandariasek ere demografian ezartzen du etorkizuneko joeraren gakoa, baina beste hainbat irizpide ere azpimarratu ditu: industria 4.0, nazioartekotzea eta robotizazioa, besteak beste. Virtoren esanetan, digitalizazioan, automatizazioan eta robotikan gertatzen ari diren aldaketen ondorioz, teknikoki gero eta eskakizun gehiago dituzte enpresek: «Industria gero eta automatizatuago batek profil konplexuagoak eskatzen ditu, eta ez postu teknikoetan bakarrik». Beraz, oinarrizko formakuntza teknologikoa beharrezko ikusten du alor guztietarako.

Larrea ere bat dator teknologia alor guztietara zabaltzearekin: «Arrakala digitala eragotzi behar dugu. Halako zerbaitek desberdintasunak areagotuko lituzke gizartean». Horretarako, Mondragon kooperatiba eskolekin elkarlanean ari dela azaldu du, 10 eta 16 urte arteko gazteekin: «Bokazio zientifiko teknologikoa eta beharrezko gaitasunak garatzea da elkarlanaren helburua, esaterako arazoei aurre egiteko gaitasuna».

Egungo arazoei aurre egiteko ere hainbat pauso eman ditu Mondragonek. Esanguratsuena Mondragon people webgunea da. «Behar ditugun lanpostuak jarri eta gure berri emateko». Bi helburu ditu orriak. Batetik, enpresen beharren berri ematea. Egun, 11 kooperatiba daude bertan, eta 70 lanpostu eskaintzen dituzte. Bigarren helburua kooperatiben berri ematea da: «Ez dira ezagunak gazteen artean. Gure diskurtsoa gaurkotu nahi dugu, lanpostu bat baino gehiago dela azaldu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.