Emakumeen Bira

Agertokirik onena

Bizkaia-Durango maila onean ari da lehiatzen aurtengo Emakumeen Biran, ohikoa duen lan serio eta lehiakorra erakutsiz. Proba garrantzitsua da haientzat, bai kirol mailan, baita hortik kanpo ere.

ainara arratibel gascon
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Italiako Giroarekin batera, Bizkaia-Durango taldearentzat urteko probarik garrantzitsuenetakoak dira Durango-Durango klasikoa eta Emakumeen Bira: «Etxeko lasterketak beti dira guretzat bereziak, eta ilusioz bizi ditugu», esan du Agurtzane Elorriaga taldeko zuzendariak. Munduko talde eta txirrindularirik onenen artean nabarmentzea «zaila» dela onartu du. «Baina nik beti esaten diet txirrindulariei ausartak izateko, eta ez kikiltzeko. Hala egiten dute, dugun maila kontuan hartuta, Biran lan oso ona egiten dugulako urtero. Guretzat oso inportantea da hori, eta gure zaleei egiten dugun lana erakustea».

Oraingo honetan, euskal herritar bakarra egon da seikotean: Aroa Gorostiza. Baina kanpokoek ere oso barneratuta dute Emakumeen Birak Bizkaia-Durangorentzat duen garrantzia. «Lasterketa prestatzeko dugun modua ikusten dutenean jada jabetzen dira berezia dela. Izan ere, aurreko asteetan etapa guztiak ikuskatzen egon ginen, eta hori ez da ohikoa izaten beste probetan. Zaleek gurekin duten gertutasuna ere ikusten dute, eta hori eskertzeko nahia erakusten dute».

Azken asteetako lan horrek fruituak eman ditu berriro ere. Izan ere, lehen bi etapetan taldeko txirrindulari bat egon zen aurreneko hamar sailkatuen artean. Lehenbizikoan, Iurretan izandako esprintean, Sandra Alonso hamargarren izan zen, eta podiumera igo zen, 23 urtez azpiko txirrindulari onena izan baitzen. Aduna eta Amasa arteko etapa gorabeheratsuan, berriz, Cristina Martinez bederatzigarren helmugaratu zen, eta onenekin iritsi zen: Amanda Spratt eta Annemiek Van Vleuten (Mitchelton Scott), Soraya Paladin (Ale Cipollini), Elisa Longo Borghini (Trek) eta enparauak. Alde horretatik, pozik daude.

Baina etxeko proba izatetik harago, Bizkaia-Durangorentzat garrantzitsua da Bira beste arrazoi batzuengatik ere: batetik, balio dielako txirrindulariek UCI World Tour mailan eskarmentua pilatzen segitu dezaten. «Halako proba bakoitza ikasgaia da haientzat, eta hazten jarraitzen laguntzen die. Adibidez, Bira test ona izaten ari da uztailean jokatu behar dugun Giroari begira. Iaz maila onean aritu ginen, eta errepikatu egin nahi dugu». Bestetik, lan ona egiteak ateak irekitzen dizkie beste lasterketa batzuetan parte hartzeko. «Azken batean, UCI World Tour mailako gonbidapenak garesti daude, eta horiek jasotzeko funtsezkoa da parte hartzen duzun lasterketetan maila onean aritzea eta proiektuak bide bat izatea. Uste dut lan horretan ondo ari garela».

Denboraldiarekin «pozik»

Elorriaga gustura dago denboraldi hasierarekin. «Neskak oso ondo ari dira lanean: lasterketaren bat irabazi dugu, eta horrek indarra eta ilusioa ematen dizkigu aurrera jarraitzeko. Proiektu honek zerbait behar badu aurrera egiteko, lana eta ilusioa dira». Urtero buelta bat eman behar izaten diote egitasmoari. Aurten, adibidez, Muriasen babesa galdu zuten. Baina horri buruz ez du hitz egin nahi Elorriagak, eta arreta osoa babesle berriak lortu eta erakartzean jarri nahi du. «Ez da erraza, geu ari garelako horiek bilatzen, eta ez dugu nahikoa denbora. Azken batean, ez gara profesionalak. Ni neu irakaslea naiz, eta ez da erraza bi aldeak uztartzea. Batetik lana duzu, eta bestetik hau; honek ahalegin handia eskatzen dizu, kirol mailari lotutako ardurak ez ezik ardura sozialak ere badituzulako. Etorkizunari begira, nahiko nuke profesionalizatuagoak egotea bai txirrindulariak, baita gu ere». Horrek esparru guztietan urrats bat egiteko modua emango lieke:«Baina batez ere kirol mailan. Horretarako, halere, baliabideak behar ditugu».

Elorriagak argi du zeintzuk diren horiek lortzeko bermerik onenak: «Lortzen ari garen emaitzak eta harrobiarekin egiten ari garen lana». Gazteekin egiten ari diren lana ondo doala dio. «Sasoi honetan, taldean ditugu Aroa Gorostiza, Enara Lopez, Ainara Elbusto, Luisa Ibarrola, Irene Loizate... Oso ondo ari dira lanean, eta pazientzia izan behar dugu haiekin. Astiro-astiro bada ere, harrobiaren maila igotzen ari da. Junior mailan ere txirrindulari onak daude. Horretan segitu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.