Albistea entzun

Zientzia

Piramideak badu oinarria

Ikertzaile gazte eta euskaldunen erakusleiho eta topagune izaten ari da UEUk antolatutako Ikergazte kongresua, Gasteizen. Euskal Herrian egiten den ikerketaren kalitatearen, kantitatearen eta aniztasunaren lagin zabal bat ezagutu daiteke kongresuan.
Ikergazte kongresuko atsedenaldi bat. COVID-19ak erabat baldintzatu du antolaketa.
Ikergazte kongresuko atsedenaldi bat. COVID-19ak erabat baldintzatu du antolaketa. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2021eko ekainak 11

Ikertzaileak, gazteak, euskaldunak eta jakin-minez eta ilusioz beterikoak; baita etorkizunari buruzko zalantzez ere, ikertzaileen ibilbidea luzea eta oztopoz betea izaten baita, eta ikertzaile eta ikertzaile gai asko geratzen baitira bide bazterrean, ikerkuntzaren piramidearen oinarrian gora egin ezinik.

Ikertzaile gazte eta euskaldun horietako 200 elkartu dira egunotan, UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, Ikergazte kongresuan, Gasteizen. Heregun hasi, eta gaur bukatuko dute kongresua. Euskal Herrian itzalean egiten eta sarritan itzalean geratzen den ikerketaren eta aniztasunaren erakusleihoa da Ikergazte.

Ikergazten parte hartzen ari diren ikertzaileetako lau dira Leire Lekunberri, Josu Olmos, Ane Lekuona eta Ainhoa Pardina. Leire Lekunberrik (30 urte) nerabezaroko gehiegizko alkohol kontsumoak sagu emeetan eragiten dituen kalte iraunkorrak ikertzen ditu. Biologia ikasi zuen EHUn, eta Neurozientzia masterra ere egin zuen. Doktoretza tesiaren bigarren urtean ari da, EHUko Neurozientziak Sailean.

Ikerketan ondorioztatu du baietz, nerabezaroko gehiegizko alkohol kontsumoak kalte kognitibo iraunkorrak eragiten dituela sagu emeetan: bai memorian, bai ikasteko ahalmenean. Antsietate maila altuagoa dutela ere ikusi du, alkohola neurotoxikoa baita. Lekunberrik gazteen kaleko edana eta haren eragina du gogoan.

Sagu emeak ikertu ditu Lekunberrik. Zergatik? «Normalean, sagu arretan egiten da oinarrizko ikerketa». Ondorioak ere, beraz, sagu arretan oinarritutakoak izaten dira. «Fisiologikoki, ordea, oso ezberdinak gara arrak eta emeak, eta agerikoa da emakumeetan ere ikertzeko premia».

Lekunberriren ikerketa taldean ikusi zuten alkoholaren gehiegizko kontsumoak kalte oso larriak eragiten zituela sagu arretan. Eta emeetan? Hutsune hori betetzeko abiatu zuen ikerketa.

Saguei portaera probak egiten dizkiete antsietate maila neurtzeko eta ikas ahalmena eta ezagutza nolakoak diren ikusteko. Proba horietako bat azaldu du Lekunberrik: Barnes labirintoa.

Mahai biribil bat da, kanpoko aldean, buelta guztian, hogei zulorekin. Zulo bakoitzaren azpian, kutxa beltz txiki bat, sagu bat sartzeko modukoa. Mahaia gela batean jartzen da, eta mahaiaren inguruan, Lekunberriren ikerketaren kasuan, koloretako posterrak, zulo bakoitza non dagoen jakiten laguntzeko.

«Zulo bakoitzak zenbaki bat du, eta sagu bakoitzari zulo bat ematen diogu aste osorako», azaldu du Lekunberrik. Sagua mahaiaren gainean jartzen dute eta bere zuloan sartu behar du. Zuloa ezagutzeko, bertan edukitzen dute hainbat aldiz. «Kutxan sartzen ikasiz joaten da». Sartzeko joera dute, «berezko jakin-mina dutelako eta han babestuta sentitzen direlako».

Neurtu egiten dute sartzeko denbora, zenbat huts egiten dituzten, eta zer estrategia erabiltzen duten zuloa aurkitzeko: «Ikasten duten neurrian, bi estrategia erabiltzen dituzte: seriala, zulo guztiak banan-banan bisitatzea haiena topatu arte, eta espaziala, gelako erreferentzietan oinarrituta [posterrak] zuloa aurkitzea».

Saguek alkohola hartzen badute eta alkoholaren eraginez memoria eta ezagutza gaitasunak kaltetuta badituzte, ez dute dagokien zuloa aurkitzen.

Hidrogeno trenak

Josu Olmos (25 urte) hidrogenoa baliatuz ibiliko liratekeen trenei buruz ikertzen ari da. Hidrogenoa etorkizuneko garraioaren oinarrietako bat izan daiteke, erregai fosilak ordezkatzeko. Hidrogenoaren bidez argindarra sortzen da, eta argindar horrekin ibilgailuak ibiltzen dira.

Hidrogenoa, baina, gehiago lotzen zaie autoei, trenei baino. Hala ere, Olmosek ohartarazi du teknologia hastapenetan dagoela oraindik, bai autoetan, bai trenetan. «Trenak ezaugarri propioak ditu», zehaztu du. Energia Berriztagarrien Ingeniaritza ikasi zuen EHUn; masterra ere egin zuen, eta orain Ikerlan zentro teknologikoan ari da tesia egiten.

Bere tesian teknologia berriak aztertzen ditu, baina Ikergazten aurkeztu duen lanean gehiago oinarritu da hidrogenoaren bidez ibiliko litzatekeen trenean. «Trenak hidrogenozko motor bat —hidrogeno pila deitzen dena—, eta bateria behar ditu».

Bien artean osatu behar dute trenak une oro eskatzen duen energia. «Trenak, demagun, hamarreko energia eskaria egiten badu, gai izan behar dugu hamar horiek emateko: agian pilak eman behar ditu zazpi eta bateriak hiru», jarri du adibide gisa. Ez da hain sinplea, ordea: «Estrategia moduko bat definitu behar da, trenak eskatzen duen energiaren eta ibilbidearen zati bakoitzaren arabera, energia iturri bakoitzak zenbat eman behar duen zehazteko».

Helburua motorraren eta bateriaren bizitza ahalik eta gehien luzatzea da, eta, baita, jakina, ahalik eta hidrogeno gutxien kontsumitzea ere. Olmosek algoritmoak erabili ditu horretarako, hori guztia optimizatzeko.

Euskal Herrian ez dago hidrogenoa baliatuz ibiltzen den trenik. Alemanian proiektu bat abiatu zuten duela bi urte, eta badabiltza. Espainiak hurrengo urtean abiatuko du, Aragoin, Zaragozatik Canfrancera. Olmosek, hain zuzen, ibilbide horretarako egin du optimizazioa.

Ane Lekuona (27 urte) Euskal Herriko artearen historia ikertzen ari da, batez ere frankismo garaian, 1950etik 1975era: «Historia hori nola sortu zen, nondik, zein irizpideren arabera... Kanon hori aztertu dut, ikuspegi feminista batetik».

Artearen Historia ikasi zuen EHUn, eta master bat egin zuen Madrilen. Laster bukatuko du tesia. Abenduan egin nahi du tesiaren defentsa.

«Konturatu naiz artearen historia hori batez ere trantsiziotik aurrera hasi zela errotzen, orduan finkatu zirela gaur egun jaso ditugun ideiak, eta ideia horietan genero indar oso handi bat dagoela: androzentrismoa», laburbildu du Lekuonak: «Askotan, euskalduntasunarekin lotu ziren ideiak maskulinitatearen araberakoak izan ziren».

Horrez gain, garai horretako emakume artistak aldarrikatu eta ezagutarazi nahi ditu; baita emakume horiek nola irudikatu ziren ere, irudietan, arte kritiketan... «Estereotipoetan oinarrituta».

Ainhoa Pardina (23 urte) Lizarrako (Nafarroa) euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa ikertzen ari da, herriko ikastolako familietan. Gazteak ikertzen hasi zen, baina, gero, ikerketa zabaldu egin zuen gazte horien gurasoetara eta aitona-amonetara.

Transmisiorik ez Lizarran

Euskal Ikasketetako gradua egin zuen EHUn, eta orain Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia masterra egiten ari da. Irailean hasiko du tesia.

Pardinak azaldu duenez, Lizarran XX. mendearen hasieran galdu zen euskara, baina berreskuratzen hasi zen 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, gaueko eskolei eta ikastolari esker, besteak beste.

Ikerketan ondorioztatu du ia inork ez zuela euskara etxean jaso: «Gazteetatik eta gurasoetatik, inork ez; aitona-amonen kasuan, gutxik, eta horiek Nafarroako beste herriren batekoak ziren. Lizarrara joan zirenean, ez zuten euskara transmititu». Gazteengan du itxaropena, «hizkuntz gaitasuna dutelako eta euskara biziberritzen ari delako, ikastolari esker, esaterako».

Lekunberri, Olmos, Lekuona eta Pardina. Ikertzaile gazteak. Laurei gustatuko litzaieke ikerketan jardutea, baina badakite zaila dela, neurri handi batean ikerketa sistemaren antolaketagatik. «Artearen historiaren kasuan, ikertzea unibertsitatean sartzea da», Lekuonaren arabera. «Aukerak ez dira errazak; oso bide luzea da».

Lekunberrirentzat unibertsitatean lan egitea litzateke egoera ideala, «irakaskuntza asko gustatzen baitzait, eta unibertsitatean ikerkuntza eta irakaskuntza bateratu baititzakezu». Ez dauka argi, ordea, zertan arituko den: «Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta beharrak gehiago bultzatzen gaitu pazientziak baino».

Olmosek aukera gehixeago izan ditzake, ingeniaritzaren kasuan zentro teknologikoetan eta industrian bertan ere ikertu dezakeelako. «Edozein lekutan buka dezaket», onartu du, «baina espero dut nik erabaki ahal izatea».

Pardinari gustatuko litzaioke ikertzen jarraitzea, baina oso zaila iruditzen zaio, «are zailagoa gure sailean, gure gaiak gutxi lantzen direlako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Food 4 Future kongresuko azoka, BECen. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Etorkizuna ate joka BECen

Maialen Arteaga

Food 4 Future etorkizuneko elikagaien nazioarteko kongresua egin dute BECen. Erronka berrien giltza elikaduraren kudeaketan dagoela uste dute.
Suziriekin eta su argiekin Isuntzako kobazuloan egindako esperimentuak. ©IIIPC

Sutan, argiaren bila

Jakes Goikoetxea

Paleolitoko kobazuloetako margolanak egiteko zer-nolako argiztapen tresnak eta baldintzak behar izan zituzten ikertu du talde batek. Ondorioztatu dute esplorazio, plangintza, ahalegin eta trebetasun handia behar zutela margolanak egin ahal izateko.

Kabunker taldearen <em>Mezu bat espaziotik</em> animaziozko lanak lortu du lehen saria. ©GAZTEZULO

Kabunker taldeak irabazi du 'Gaztezulo'-ren bideo lehiaketa

Urtzi Urkizu

Epaimahaiak lehen saria eman die Andoni Carnovich, Eneko Fernandez eta Aitor Ollo sortzaileei

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna