Arrauna

Segidaren garaipena da

Oriok bigarren urtez segidan lortu du Euskotren ligako koroaren jabe egitea. Haren nagusitasunaren erakusle da bi jardunaldiren faltan irabazi duela liga. Ane Arruti eta Laida Arruti arraunlarien arabera, «talde osoa funtsezkoa» izan da 'San Nikolas' ontzia lehen postuan kokatzeko.

Nadeth Agirre Orioko patroia, Ondarroako bandera astintzen, herenegun. EUSKO LABEL LIGA.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Aspaldiko arraun urterik bitxienak badu lehendabiziko liga txapelduna: Orio. Matematikoki irabazi du Euskotren liga, asteburuan Hondarribian (Gipuzkoa) eta Ondarroan (Bizkaia) jokatutako estropadetan garaile izan da eta. Oriokoen ontzi bat bigarren urtez segidan izan da maila nagusiko trainerurik azkarrena, eta Zarautzen (Gipuzkoa) jokatuko diren bi estropaden faltan lortu du koroa bereganatzea: segidaren garaipena izan da.

Xanti Zabaletak prestatzen duen ontziko tostetan ari dira Laida Arruti Ansa (Aia, Gipuzkoa, 1994) eta Ane Arruti Agirre (Aia, 2001). Biei iraun egiten die igandean lortutako garaipenaren aho zapore onak hurrengo egunean ere: «Zoragarria izan zen jakitea liga horretan estropada irabazi genuela, denbora ona eginda, gainera», azaldu du Ane Arrutik. Izan ere, Oriok nahikoa zuen Ondarroako eremuan Donostiarraren aurretik geratzea, eta ez zuen hutsik egin. Bederatzi segundoren aldearekin lortu zuen asteburuko bigarren bandera eskuratzea.

«Bagenuen beldur pixka bat. Aurreko asteburuan, ez genuen ligako estropadarik izan, eta arriskutsuak izaten dira halakoak», esan du Laida Arrutik. Dena den, «gauzak ondo eginez gero» aurkariei gauzak zailtzeko moduan ikusten zuten beren burua, nahiz eta ez zuten espero bi egunetan halako aldea izatea segundoei dagokienez. «Gustura» daude. Orain arteko hamar estropadetatik zortzi irabazi dituzte Oriokoek. Donostiarrak eskuratu ditu gainontzeko bi banderak.

Ondo indartutako taldea da Kaiarribakoa, eta San Nikolas ontziari gauzak estu jarri dizkion bakarra. Ane Arrutiren arabera, «[Oriok] Iaz ia guztia irabazita, aurten lehia estuagoa izatea espero zen, eta hala izan da». Gainera, Laida Arrutik ohartarazi du ez dela erraza izan, Donostiarraz gain Arraun Lagunak eta Hondarribia ere «ondo» lehiatu direlako.

Taldekidearen antzeko irudipena du Laida Arrutik. Aiakoaren esanetan, udaberri garaian etxean entrenatzeak eragina izan du udan: «Itsu-itsuan hasi ginen, nolako liga izan zitekeen jakin gabe. Lehen bi estropadetan, antzera aritu ginen ligako lau ontziak».

Behin txapelketak aurrera egin ahala, ordea, aldeak handitu egin dira, eta Orio izan da egoera horretan hobekien moldatu den trainerua. «Bloke falta bat izan genuen hasieran, eta igarri egin zen», esan du Ane Arrutik.

Azken asteetan, «pixkanaka hobetu» dute Zabaletaren arraunlariek, harik eta asteburu borobila osatu duten arte. Arraunean ere aise aritu da Nadeth Agirrek zuzendutako ontzia; Ondarroan 32-33 palada jo zituzten minutuko, batez beste, eta presarik gabe egin zuten arraunean. Uretako lanean «inoiz baino» erosoen ari direla azaldu du Ane Arrutik: «Esango nuke momenturik onenean gaudela. Lehen estropadetan apur bat falta zitzaigun, eta asteburu honetan puntu bat harrapatu dugu, eta erakutsi dugu oso ondo egiteko moduan gaudela».

Azken estropadetan, aldeak bigarren luzeetan atera dituztela azpimarratu du Laida Arrutik, eta hori alderantziz izan dela orain arte. Lehengora itzultzea lortu dutela zehaztu du Aiako estropadalariak: «Azken bi asteetan, horretan zentratu gara entrenamenduetan, eta bi estropada hauetan lortu dugu liga hasieran bezala aritzea».

Loriaren sekretuak

Orioko traineruak urteak daramatza uretan, baina azken bi urteetan lortu du sailkapenaren puntan egotea. Bi taldekideek uste dute «egindako lana» dela horren arrazoi nagusia. Ane Arrutik azaldu du «ikusten ez diren mila gauza» daudela atzean, baina gainontzeko urteetan egindakoak fruituak eman dituela: «Harrobitik jendea heldu da, eta lan handia egon da. Urteetan lan hori guztia ondo egitea da sekretua».

Azken denboraldietan Zabaleta izan da taldeko prestatzailea. «Ondo ezagutzen gaitu», esan du Ane Arrutik: «Jakin du tresna guztiak ondo erabiltzen, eta hark egin du lan horren zati handi bat».

Laida Arrutiren ustez, entrenatzaileak eta prestatzaileak diseinatutako eta haiek betetako «plangintzaz» gain, «taldea bera» da loriaren beste gakoetako bat: «Urteak daramatzagu antzeko taldearekin lanean; asko Orio eta Aia ingurukoak gara, eta arraunaz kanpo elkartzeko aukera dugu. Teknikaz gain, estropadan laguntzen du aurrean edo atzean duzuna ezagutzeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.