Nagore Amondarain.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa

Ereite kualitatiboa

2012ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ereinaldiaz aritu zaigu Jon Sarasua, atontzen ari den liburuko kapitulu bat gai horren ingurumarian joango baita. Ereitearen ideia ez dela batere originala dio, ikastolen sorrerako bulkada ere horixe bera izan zelako, adibidez. Baina egungo ereitea aipatzen duenean, ez da ari ereite kuantitatiboaz, ereite kualitatiboaz baizik. Egin dugun ahalegin kuantitatiboak ez duelako hainbesteko eragin kualitatiborik izan, hizkuntzarekiko eta kulturarekiko atxikimenduan adibidez. Atxikimendua ulertzeko eta bizitzeko modua mudantzan baitago.

Hezkuntza arautuari azkurak bilatzea errepikakorra ari da izaten graduondoko honetan, eta ez da kasualitatea izango Joxe Angel Irigaraik ere aurrekoan zera esatea: «Dramatikoa da egungoa, desmartxa hau irakaskuntzan…». Euskaraz bizitzeko hautua egitera garamatzaten elementuak herren daude; ez gara gai izan motibazioa, ezagutza eta erabilera orekatzeko. Egindako lana izan da gu geu hemen idazten egotearen zutabe nagusia, baina norantz doa hainbeste urtetan egin den ahalegina? Eta ereinaldi honetan erneko denaz arduratzea dagokigu, baina kontuz Monsato haziekin eta ugaritzean ugaritzearekin, minoria izaten jarraituko baitugu denboraldi batean.

Nor ez du arduratzen hurrengo belaunaldietarako subjektu eragileen masa kritikoak? Horixe Sarasua artegatzen duten zereginetako bat. Hiztun komunitatearen ahalmen soziopolitiko eta kulturala garatzeko eragile horiek, gela barruan bazka jasota hausnarrean dauden ikasleak, skate parkekoak edo sehaskan edo likido amniotikoan daudenak izango baitira. «Euskaldun koherente eta konpetente izatea ez da hiritar estandar baten kondizio linguistiko bera» ezertan hasi aurretik barneratuta izan beharko genukeena, eragina baitu norabidea markatzerako estrategietan. Kondizio ez-estandarra horrela azaleratzea zoru labainkorra izan daiteke, eta batzuetan nahiago dugu egoera estandarraren desirarekin lan egin, fikzio bat sortuz gela barruetan. «Hezkuntza arautuan ez dira prestatzen belaunaldi berriak euskal hiztun izateko behar dituzten baliabideetan», gogorra izan behar du esatea eta, zelan ez, entzutea. Baina esperantza eta indar puntua eman beharko liguke zein hiru alderdiri erreparatu beharko geniokeen jakinarazteak; arrazoibidearen inguruko baliabideak (jakintza soziolinguistikoa), kalitatearen ingurukoak eta kultura eta sorkuntzaren ingurukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.