Indarraren erabilerak bereizten ditu sedizioa eta matxinada

2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Espainian, orain arte, bi pertsona kondenatu dituzte matxinada delituagatik: Antonio Tejero eta Jaime Milans del Bosch militarrak. 1981eko otsailaren 23koestatu-kolpe saiakeraren erantzule izateagatik zigortu zituzten, eta matxinada delituagatik ezar daitekeen zigorrik handiena jarri zieten: 30 urteko espetxe zigorra. Zigorra osoki bete aurretik atera ziren, ordea, kartzelatik. Prozesu subiranistaren buruzagiek indarkeria erabili zutela argudiatuta, matxinada egozten die fiskaltzak, eta, gehienez, 25 urteko zigorra eskatu du haientzat. Estatuko abokatuak, aldiz, sedizioa leporatzen die, eta kartzela zigorra txikiagoa da; gehienez, hamabi urtekoa kasu honetan. Matxinada delitua ezartzeko beharrezkoa da indarkeria egon dela kontsideratzea; ez da sedizioaren kasua.

Dena den, beste aldagai batzuk ere hartu behar dira kontuan bi delituak bereizteko orduan. Espainiako Zigor Kodearen arabera, matxinada jasota dago konstituzioaren kontrako delituen artean, eta zigortzen ditu, besteak bestek, lurraldearen zati bat independente izendatzea helburu dutenak. Biolentziaren erabilera egon dela kontuan hartzeko, armak erabili behar dira, edo indarkeria modu «larrian» erabili pertsonen kontra.

Sedizioa ordena publikoaren kontra egiten diren delituen artean tipifikatuta dago. Zigortzen ditu modu publikoan eta zalapartatsuki egiten diren altxamenduak, «legezko bideetatik kanpo edo indarrarekin, legeen ezarpena eragotzi» asmo dutenak. Sedizio delitua egiten dutenak buruzagiak badira, kartzela zigorra hamar eta hamabost urte artekoa izan daiteke.

Iazko urriaren 27ko aldebakarreko independentzia deklarazioaren aldeko mozioak sustatu eta onartzeagatik, azken urtean prozedurak ireki dituzte sedizioagatik zenbait udalen eta zinegotziren aurka. Dena dela, den-denak artxibatu dituzte, ez zelako egon ez protesta ekintza iskanbilatsurik, ez eta herritarrei ekimenarekin bat egiteko deialdirik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.