Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Gobernu koalizio eta itunak (I). 1986-1990. Jose Antonio Ardanza.

Lehen koalizioa, PSErekin

1986an, EAJren barne zatiketaren ondorioz iritsi zen Ardanza Ajuria Enera. PSEk eserleku gehiago lortu zituen bozetan, baina lehendakaria, azkenean, EAJkoa izan zen.

Lehen koalizioa, PSErekin.
Edurne Begiristain.
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehen gobernu koalizioa Jose Antonio Ardanza lehendakariaren eskutik sinatu zen, 1986an: EAJren eta PSE-PSOEren artekoa izan zen.

EAJren barne zatiketaren ondorioz iritsi zen Jose Antonio Ardanza jeltzalea Ajuria Enera, 1986an.Urtebete lehenago EAJtik kanporatutako kideek EA alderdia sortzea erabaki zuten, eta Carlos Garaikoetxea orduan lehendakari zenak dimisioa eman zuen. Hain justu ere, aurreko hilabeteetan, Lurralde Historikoen Legeari buruzko eztabaidak eta EAJren barruan buruzagitza nork eskuratuko izan ziren tirabira gogorrek dimisioa ematera bultzatu zuten Garaikoetxea, eta alderdikideak bitan banatu ziren. Egoera hark eraginda, hauteskundeak aurreratu ziren: 1986ko azaroaren 30ean egin ziren hirugarren legegintzaldiari zegozkion bozak.

Parte hartze handia izan zen (%71,04 ), eta PSEk irabazi zuen eserleku kopuruan, nahiz eta EAJk boto gehiago erdietsi: PSEk 19 eserleku lortu zituen; EAJk, 17; EAk eta HBk, 13na, Euskadiko Ezkerrak, 9; eta CDSk eta APk, berriz, bina eserleku.

Gauzak horrela, PSEk hartu zuen, hasiera batean, gobernua eratzeko ardura. Negoziazioak Txiki Benegas PSEko lehendakarigai sozialistak hasi zituen. Alderdi sozialista gutxiengoan zegoen, eta koalizioa egiteko beste aukerarik ez zuenez, akordioa erdiesteko lehen saioak EA eta EErekin egin zituen. Elkarrizketek luze jo zuten,baina porrot egin zuten. Hiru hilabete baino gehiago iraun zuten alderdion arteko harremanek, baina Gizarte Segurantzaren eskumenari buruzko negoziazioan egin zuten talka sozialistek eta EAk. Garaikoetxeak ez zuen amore eman, eta negoziazioak hautsi egin ziren. Artean, Eusko Jaurlaritza berria eratu gabe zegoen, eta egoera politiko nahasiak eta sektore ekonomiko eta sozialen presioak Benegas lehendakari izateari uko egitera bultzatu zuten.

EArekin eta EErekin hasitako negoziazioen porrotaren ostean, sozialistek jeltzaleekin negoziatzen hasi beste aukerarik ez zuten izan orduan. EAJ akordioa lortzeko prest agertu zen, baldin eta lehendakariajeltzalea bazen. PSEk onartu egin zuen baldintza hura.

Aurreko esperientzia

Mitxel Unzueta EAJko kideari egokitu zitzaion koalizio gobernua eratzeko elkarrizketak hastea. Negoziazioak azkar joan ziren, eta akordioa lortu zuten bi alderdiek. Aurreko legealdian bi alderdien arteko elkar-ulertzea egon izanak erraztu egin zuen adostasuna: izan ere, 1985ean, EAJ PSErekin negoziatzen hasi zen, gobernuari egonkortasuna emango zion akordio bat lortzeko.

EAJk eta PSEk urtebete lehenago hasitako negoziazioek koalizio ituna lortzeko oinarriak ezarri zituzten gerora. Bi aldeak asetzeko moduko akordioa izan zen; izan ere, lortutako hitzarmenarekin sozialistek ere lortu zuten etekinik: aurrekontuaren %80 kudeatzeko aukera izan zuten, eta EAJk beste sailburu izan zituzten gobernuan (sei), besteak beste.Koalizio gobernu horren lehendakariorde PSEko Ramon Jauregi izan zen.

Bi alderdiok lortutako akordioari esker, Ardanza lehendakari izendatu zuten, 1987ko otsailaren 27an, gehiengo osoz. EAJren17 boto, PSEren 19 eta CDSren biren babesa jaso zuen. HB, EA, EE eta APko gainerako 24 legebiltzarkideek zuri bozkatu zuten. Hura izan zen HBk Eusko Legebiltzarrean parte hartu zuen lehen aldia, eta Juan Karlos Ioldi euskal presoa izan zen HBko aurreneko lehendakarigaia. Kartzelatik atera, Eusko Legebiltzarrera eraman, eta lehendakarigai gisa mintzatu zen Ioldi.

Ardanza lehendakariaren inbestidura saioaren ondoren sinatu zuten ofizialki koalizio akordioa, eta orduan ekin zioten hura garatzeari. Akordio hura metodologikoa izan zen, batez ere: besteak beste, EAJk konpromisoa hartu zuen lege egitasmo oro PSErekin adosteko, eta PSEk, berriz, Jaurlaritzaren egitasmoak atzera ez botatzeko eta lehendakariaren aurkako zentsura moziorik ez aurkezteko hitza eman zuen. Koalizioaklegealdi osoa iraun zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.