Unibertsitateek 22 titulazio dual eskainiko dituzte irailetik aurrera

Mondragon Unibertsitateak, EHUk eta Deustuko Unibertsitateak hamabost gradu eta zazpi master izango dituzte: 371 ikasle orotara

Ferreira, Uriarte eta Morais, atzoko prentsaurrekoan. JUANAN RUIZ / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Unibertsitate dualak beste pauso bat eman du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Goi mailako ikasketak eta enpresako prestakuntza uztartzeko irizpideak finkatu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Datorren ikasturtean baldintza horiek beteko dituzten titulazioak zein izango diren ezagutarazi du. Mondragon Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak hamabost gradu eta zazpi master eskainiko dituzte: 371 ikasle, orotara.

Mondragon Unibertsitateak hamar gradu eta bost master eskainiko ditu eredu dualean; EHUk, lau gradu eta bi master; eta Deustuko Unibertsitateak, gradu bat. Eskaintza ingeniaritza eta arkitektura ikasketekin lotuta dago, nagusiki: 22 titulazioetatik hamazazpi daude ezagutza adar horien barruan. Horrez gain, unibertsitateek eredu duala graduen espezializazioetan eskainiko dute gehien: hamabi graduetatik hiruk izango dituzte harremana enpresekin lehen ikasturtetik.

Hiru unibertsitateek eredu dualaren baliagarritasuna nabarmendu dute. Mondragon Unibertsitateak nabarmendu du bere ikasleen %80k prestakuntza jaso duten enpresa berean jarraitu dutela lanean, ikasketak amaitu ostean. EHUren arabera, eredu duala «gaurko unibertsitate mailako hezkuntzaren erronketako bat da». Horregatik, hiru campusetan eskainiko ditu gradu eta master dualak. Deustuko Unibertsitateak iragarri du ildo horretan sakonduko duela: hiru urtean bost gradu eta lau master eskainiko ditu.

Lau irizpide nagusi

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak azaldu du eredu duala ez dela berria: aurreko ikasturteetan unibertsitate batzuk ildo horretan egin dutela lan. Ordea, aurten finkatu dituzte unibertsitate ikasketa dualek bete behar dituzten baldintzak. Lau nabarmendu ditu. Batetik, ikasleek gutxieneko ordu kopuru bat bete beharko dute enpresetako prestakuntzan: graduetan, kredituen %25 eta %50 artean, eta masterretan, %40. Gradua lortzeko gainditu beharreko kreditu kopurua ez da aldatuko; hots, enpresan jasotako prestakuntzak ordezkatuko ditu beste ikasgai batzuk.

Beste baldintzetako bat da gradu edo master amaierako lanean islatuta egon beharko duela enpresaren eta unibertsitatearen arteko loturak. Hirugarrenik, enpresaren eta unibertsitatearen ordezkariek batzorde bat osatu beharko dute, ikaslearen ibilbidearen koherentzia bermatzeko. Azkenik, enpresak zenbait konpromiso hartu beharko ditu eskaintza duala egiterakoan: lantokiko tutorea zehaztea, eta ikasleei egiten duten lanagatik ordaintzea, kasurako.

Enpresaren eta ikaslearen arteko harreman profesionala fintzeke dago. Lanbide Heziketako eskaintza dualera bideratutako kontratu zehatz bat onartu zuen Espainiako Gobernuak. Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak azaldu du ezin dela kontratu hori baliatu unibertsitate dualaren kasuan. Egoera bideratzeko negoziazioak martxan daudela esan du Moraisek, eta konponbidea aurki hel daitekeela. Halaber, gogorarazi du eredu duala ez dela berria; beraz, orain arte erabili diren hitzarmenak eta formulak mantentzeko aukera dago, kontratuaren gaia argitu bitartean.

«Aldaketetara egokitu»

Hezkuntza sailburuak gogorarazi du unibertsitate duala garatzeko egitasmoa legegintzaldi hasieran finkatu zutela. Orduan erabaki zuten unibertsitateak «eduki praktiko eta profesional» gehiago eskaini beharko zituela. «Gizartea aldatzen ari da, eta, horrekin batera, ikasleen prestakuntzak ere aldaketa batzuk izan behar ditu, errealitate berri horretara egokitzeko helburuarekin». Uriartek gaineratu du ikasleek errealitate profesionala ondo ezagutu behar dutela, laneratzeko prozesua hobetzeko.

Eva Ferreira Unibasqeko zuzendariak zehaztu du eskaintza dualak balio «kualitatiboa» duela, enpresen eta unibertsitateen arteko lotura horri esker. «Ikasketa prozesu osoan elkar elikatzen dute egunerokoan sortzen diren arazoak eta unibertsitatekoak ezagutzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.