Literatura

Denborak itxarotea esan nahi du

Youssef Fadelek gizarte militarizatu baten argazkia egin du 'Txori urdin arraro bat nirekin hegan' lanean: azken hogei urteetako Maroko. Protagonista senarraren bila ariko da, ezkutuko kartzela batean dute eta.

Youssef Fadel idazlea (Casablanca, Maroko, 1949). BERRIA.
2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Youssef Fadelen (Casablanca, Maroko, 1949) Txori urdin arraro bat nirekin hegan (2013) nobelaren hasieran, Zina protagonistak gaueko autobusa hartzen du, Aziz senarra aurkitzeko asmoz. «Ilun dago kanpoan zein autobus barruan», pentsatzen du Zinak. «Itzalak ikusten ditut eserleku ilaren arteko korridorean mugitzen, eta ametsetan ari den bidaiari baten marmarra entzuten dut noizean behin. Bidaiariak lo daude, bidaia hau lehena edo azkena izateko bezain garrantzitsua ez zaien seinale; besterik gabe, toki batetik etorri eta beste batera doazela dakitenen lasaitasuna antzematen zaie». Zinarentzat, ordea, bidaia honek dena alda dezake.

Zinak hamasei urte besterik ez zituen Azizekin ezkondu zenean, eta, hori baino lehen, apenas ezagutzen zuen senar izango zuena. Ezkontza gauean bertan atxilotu zuten Aziz, Hassan II. erregearen kontrako estatu-kolpea antolatzen lagundu zuelako susmopean. Zinak gaueko autobusa hartzen duenerako, hamazazpi urte dira Azizen bila dabilela.

Nobelan esaten denez, kartzela bihurturiko antzinako kasbah (gotorleku) batean daukate Aziz preso. Deskribapenaren arabera, Atlas mendikatean dago kasbah hori, 1970 eta 1980ko hamarkadetan, hots, Marokon Berunezko urteak esaten zaion epean. Kartzela ezkutu horietan, disidente politikoak giltzapetuta eduki zituzten. Ez dago argi zehazki zenbat lagun desagerrarazi zituzten presondegi horietan, eta, bizirik atera ziren presoen testigantzekhalakoetan erabiltzen zituzten metodoen izugarrikeria zabaltzeko balio izan badute ere —Tahar Ben Jellounen Cette aveuglante absence de lumiere (2001, Argi falta itsugarri hau) lanak preso baten esperientziak biltzen ditu—, hainbat datu jakiteko daude oraindik. Fadelen aburuz, berak jasan zuenak ez du batere zerikusirik ezkutuko kartzeletatik igaro zirenek sufritu behar izan zituzten baldintzekin —1974an, Gerra antzezlanean Marokoko gizarteak 1973ko arabiar-israeldar gerrari emandako erantzuna satirizatzeagatik, egilea zortzi hilabetez atxilotuta egon zen—. «Ezkutuko kartzeletan gertatu zena justifika daitekeena baino harago doa, gizakiarentzat onargarria den tratamendua baino harago».

1999an, Mohammed VI. boterera iritsi zenean, aitaren aginte garaiko torturak eta atxiloketak ikertzea onartu zuen, eta zenbait erreforma bultzatu zituen. Kanpora begira, Mohammed VI.aren plana arrakastatsua izan da. Supituan, Maroko oporretarako helmuga desiratua bihurtu da europarrentzat eta estatubatuarrentzat. Hala ere, indarkeriak eta estatu jazarpenak markatuta dago oraindik Marokoko herritarren egunerokoa. Iparraldean, Rif mendikatean, amazigek kaleak hartu zituzten 2016ko urrian —eta orain gutxi berriro ere—, eskubide politikoak eta ustelkeriaren amaiera eskatzeko protestan. Gobernuak neurrigabeko indarkeriarekin erantzun zien aktibistei. Hegoaldean, komunikabideek debekatuta dute Mendebaldeko Saharara sartzea, eta atxilotu egiten dituzte sahararren eskubideen aldekoak. Ezkutuko zenbait kartzela indarrean daude oraindik ere; erregearen kontrako disidenteak eramaten dituzte haietara, maiz CIAk lagunduta. Ustelkeria bera sakona da gaur egun ere. Herrialdeko aberastasuna eta boterea erregeak eta bere aholkulariek —makhzen esan ohi zaie— osatutako elitearen esku dago.

Nola ulertzen den denbora

Gizarte militarizatu bat da Txori urdin arraro bat nirekin hegan-ek azaltzen duen azken hogei urteetako Maroko. Orain, soldadu marokoarrek betetzen dute Aziz umea zela Rabaten edonon topa zitezkeen frantses soldaduen tokia. Haiekin tratatu behar du Khatimak, Zinaren ahizpa nagusiak, hasieran prostituta gisa, eta gero andre frantses batengandik herentzian jasotzen duen tabernan.

Zinak Aziz desagertu zen egunean bertan ekin zion senarra bilatzeari, hark lan egiten zuen airezko indarren basean, kartzeletan, ministerio zein bulegoetan. Batzuetan Khatima ahizpa nagusiaren laguntzarekin, gehienetan bakarrik, azken hamazazpi urteetan isiltasunak bildutako gertakariak argitzen saiatu da. Lehen hamalau urteetan buru-belarri aritu zen bilaketan, eta, unerik gorenean, jeneral garrantzitsu bat zein erregea bera ezagutu zituen. Baina ez zuen argitzerik izan senarra zehazki non zuten. Hiru urtez bilaketa eten ostean, gizon batek pista gehiago emango dizkio, eta itxaropena berrituko. Azizen bila egingo duen azken bidaia izango da hau, eta espero ez bezalako ondorioak izango ditu bientzat.

Denbora giltzarri da Txori urdin arraro bat nirekin hegan-en, batez ere nola ulertua den. Denbora historikoari begira, bi egun dira garrantzitsuak: 1972ko abuztuaren 16a, Aziz atxilotzen duten eguna, Oufkir jeneralak antolaturiko arrakastarik gabeko estatu kolpeari jarraituz airezko indarrek Hassan II.aren hegazkinari eraso egiteagatik; eta 1990eko maiatzaren 21a, ezezagun bat Zinak lan egiten duen tabernara sartzen den eguna, Azizen gaineko informazioa duela. Azken gertakari horrek jartzen du abian 24 ordu besterik irauten ez duen eta sei narratzaileren ahotsean (Aziz, Zina, Khatima, Baba Ali eta Bengazi kartzela zaindariak eta Haneda txakurra) azaltzen zaigun narrazioa. Sei narratzaileek ikuspegi subjektibo bat ematen digute denboraren igarotzeari buruz: Aziz eta gainerako presoentzat, denbora bete beharreko zerbait da, hutsuneak irents ez ditzan; Zinarentzat, berriz, denborak itxarotea esan nahi du, senarrak ezkondu ziren gauean egin zion promesa bete dezan (itzultzerakoan musu emango ziola).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.