Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Saudade

2014ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Nork kontatzen dizun, batekoa ala bestekoa da saudade portugeseko hitzaren esanahia. Bakardadea, nostalgia eta melankoliarekin zerikusia dutela esango dizute gehienek, baina ez duela horietako bakar bat esan nahi, ez bada guztiak batera. Bizi gabekoaren nostalgia, hori omen da definiziorik zehatzena beste askoren ustez. Ederrena, behintzat, bada. Egiazkoena zein den, auskalo. Eta gutxi inporta.

Saudade minez nago ni oraintxe, azken egun hauetan bizitakoei beha ari naizela, nire ordenagailu txikiaren aurrean jarrita, zapaldu ez ditudan kale batzuen -hiri baten- nostalgia dudalako, bizi ez ditudan gertakizun batzuen -pertsona batzuen- mira. Faltan sentitzen dut Aldo, atezain eternoa, anaia maitea. Eta faltan sumatzen dut Belinha, motxilarik gabe bizitzen erakutsi zidan kafe zaporeko beltzarantxoa, orainaren erregina.

Ipuin bat izan da dena, antzerki txiki bat. Baina zer axola dio zer izan den egiazko eta zer gezurrezko, bizitza bera antzerki hutsa baino ez bada, bizitza bera amets bat soilik baldin bada, eta ametsak amets, besterik ez. Zer axola dio zer den benetakoa, ikuspuntua aldatzearekin batera aldatu egiten bada egiaren edo gezurraren norabidea: Aldorentzat eta Belinharentzat gu gara gezurrezkoak, ni naiz faltsua.

Ordenagailua itzali, eta kantari noa, Sara Montielek abesten zuen doinua lagun: teaaatro, la vida es puro teaaatro!

PD: Hau ustekabea! Aldoren mezu bat jaso dut oraintxe bertan mugikorrean: «Argentina, decime qué se siente... Ondo segi, koldarmari!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.