Jon Rahm

Muturreraino lehiakor

Barrikako golf jokalariak estu hartu du Dustin Johnson, Munduko Txapelketako finalean. Kolpe bateko aldeagatik galdu du PGAko lehen sailkatuaren aurka. Augustako Mastersa izango du hurrengo erronka, datorren astean.

CHRIS COVATTA / EFE.
ainara arratibel gascon
Donostia
2017ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan agerian geratu da Jon Rahm golflariaren maila. Barrikako (Bizkaia) jokalariaren kolpeneurtuekin aho zabalik geratu dira golfzale asko. Torneo guztietan erakutsi du azpimarratzeko zerbait. Austinen (AEB) jokatutako Munduko Txapelketako finalean ez da gutxiago izan. Estu hartu du egungo golf jokalaririk onena: Dustin Johnson estatubatuarra —PGAren sailkapenean aurrekoa da—, eta amore ematen ez duen golflari horietako bat dela erakutsi du, muturreraino lehiatzen dela. Finala ia galduta izan arren, burua hotz izan, hortzak estutu, eta azken zulora, hemezortzigarrenera, luzatu zuen Johnsonen aurkako lehia. Orain, hamalaugarren dago PGAren zerrendan, eta haren hazkundeak ez du mugarik. Augustako Mastersean izango du hori erakusteko hurrengo aukera. Datorren astean jokatuko da, eta, haren maila ikusita, jakaberdea jantzita ikusten dute askok.

Igandea luze joan zen Rahmentzat. Johnsonen kontrako buruz buruzkoaren aurretik, finalerdi gogorra jokatu zuen Bill Haas estatubatuarraren aurka. 3-2 irabazi zuen Rahmek. Azken partida baino ez zen geratzen. Finala, ordea, ez zuen ondo hasi. Urduri zirudien, eta ohikoak ez dituen hutsegiteak egin zituen. Zortzigarrenen zuloan bost zulo azpitik zihoan. Lehia erabakita zirudien.

Egoera horretan, edozein golflarik amore emango zuen. Txapelketan erakutsitako joko ederrarekin konformatuko zen, eta finalera iristeko lorpenak aseko zuen. Baina Rahm konformaezina da. Urduritasuna alde batera utzi zuen, eta arriskatuz, eta zorte apur batekin, egoera iraultzea lortu zuen. Zuloz zulo, kolpez kolpe, aldea murrizten joan zen, eta pentsaezina lortu zuen, partida azken zuloan erabakitzea.

Oraingoan ere arriskatuta egin zuen. Baina ez zuen asmatu. Approach kolpea motz geratu zitzaion, eta ondorengo kolpea indartsuegi joan zitzaion. Lehia iraultzen lagundu zion zorte apur horrek izkin egin zion orduan. Eskura utzi zion garaipena Johnsoni. Putt erraz eta motz batekin irabazizuen. Loriatik kolpe bakarrera geratu zen Rahm.

Austinen lortutako garaipenari esker, milioi bat dolar (918.786 euro) poltsikoratu ditu, eta beste koska bat igo du PGAren zerrendan. Hamalaugarren da sailkapenean. Puntu batera baino gutxiagora du hamar onenen artean sartzea. Zerrenda hori da Rahmek izan duen bilakaeraren lekuko. Iazko abenduan 137. zen zerrendan.

Haren hazkundea geraezina da. Baina abiadurak ez du kezkatzen Rahm: «Ematen du gauzak azkarregi doazela nire kirol ibilbidean. Baina ni lasai nago. Erlojupean bizitzera ohitu naiz, eta aurreikuspen ikusgarrienak gainditzera». Historiako golflaririk onena izan nahi du. Amateur zenetik du hori buruan. «Jack Nicklausek hemezortzi txapelketa handi irabazi zituen, eta nik gutxienez hemeretzi nahi ditut», esan zuen orduan. Marka hori urruti dauka, baina jada gainditu ditu Nicklausek ezarritako beste hainbat mugarri. Adibidez, 2014an Munduko Txapelketa irabazi zuen amateurretan. Parraren azpitik 23 kolperekin gailendu zen, eta Nicklausek 1960an ezarritako marka txiki utzi zuen.

Arrastoa uzten jarraitu nahi du Rahmek. «Irabaztetik harago, golfa beste maila batera eraman nahi dut. Diruak ez nau itsutzen. Amateur nintzenean bezain zoriontsu naiz, gehien atsegin dudana egiten ari naizelako: golfean jokatu», adierazi zuen urte hasieran. Burua hotz izan du beti, eta gurasoei hitzeman zien Komunikazio ikasketak amaitu arte ez zela profesionaletan lehiatzen hasiko. Iaz arte ez zuen egin.

Indar eta abiadura handiko kolpe luzea dauka, zuzena. Garaierak —1,89 metro luze da— asko laguntzen dio horretan. Dena den, gertuko kolpeetan ere jokalari gutxik dute haren zehaztasuna.Konbinazio horrek eraman dugoi mailara. «Jonek magia dauka, eta oso berezia da. Kaskezurrean zerbait sartzen zaionean, egin egiten du. Lortu arte ez du bakerik izaten. Uste osoa du bere buruarengan», gogorarazi izan du haren lehen entrenatzaile Joseba Del Carmenek. Estu hartu ohi du bere burua, eta argi mintzatu izan da hobetu beharreko gauzen inguruan: «Ez naiz oso trebea makila luzeekin. Gutxi erabiltzen ditut, eta hori nabaritu egiten da».

Izaera oldarkorrekoa

Haren prestatzaileek ere hobetu edo findu beharreko beste gauza bat ikusten dute: izaera. Gaztea izanik, oso oldarkorra da, eta amateur zenean behin baino gehiagotan zigortu zuten, etsipenak eta amorruak jota makilak lurrera botatzeagatik.

Egungo entrenatzaile Tim Mickelsonek ere zigortu egin zuen unibertsitateko estadioko eskailera guztiak korrika igotzera, antzeko arazo bat izan zuelako. Pixkanaka ikasi du jokabide hori neurtzen, eta duen energia kanalizatzen. Baina irabazten doanean ere izugarri haserretzen da kolperen batean huts egitean. «Gorroto dut galtzea, eta azkenerako borrokatzen naiz. Inork ezin naugaraitutzat eman». Austinen ondo erakutsi du hori Rahmek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.