Lorraine Leete. Abokatua

«Iheslariak deportatzea da Greziako Gobernuaren helburua»

AITOR TXABARRI.
Lesbos
2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Errefuxiatu eta iheslarien eskubideen alde lan egiten duen gobernuz kanpoko erakunde bat da Lesbos Legal Center. Hainbat herrialdetako boluntarioek egiten dute lan han, eta Lorraine Leete abokatua da arduraduna. Hiru urte daramatza Lesbosen bizitzen eta errefuxiatuen eskubideen alde lan egiten.

Zeintzuk dira gaur egun errefuxiatuen arazo nagusiak?

Arazorik larriena da ez dituztela errespetatzen haien giza eskubideak: ez daukate aukerarik etxe duin batean bizitzeko; ez daukate aukerarik hezkuntza duin bat izateko... Europako legediak aitortzen dizkie eskubide horiek guztiak, baina hemen etengabe urratzen dituzte. Gainera, egoerak okerrera egin du Europako Batasunak eta Turkiak akordioa sinatu zutenetik. Morian dauden 20.000 iheslariak bakarrik utzi dituzte; Greziako Gobernuak berak ez die inolako laguntzarik ematen.

Iazko hauteskundeen ondoren, zentro-eskuina heldu zen boterera. Aldaketarik egin dute tarte honetan?

Argi eta garbi dago zein den gobernu berriaren helburua: deportazioak. Pertsona asko daude uharte honetan, eta horietako askok prozesu juridiko bidegabe bat jasan dute. Zer gertatuko da haiekin? Gaur-gaurkoz inork ez digu ezer argirik esan. Seguru dakidan gauza bakarra da onartu dituzten lege berriekin hemen dauden iheslari guztiak kanporatu ditzaketela inolako arazorik gabe. Alegia, poliziak kanpotar itxurako edonor geldi dezake kalean, eta paperak eskatu; hark eskura ez baditu, deportatu egin dezakete.

Zein dira norbait kanporatzeko eman beharreko pausoak?

Prozesu asko eta desberdinak daude; adibidez, Moriara heltzen diren errefuxiatuak nazionalitateen arabera banatzen dituzte. Afrikarra baldin bazara, kasu gehienetan, zure prozesua bizkortu egiten dute, Europatik azkar kanporatzeko. Legedi berriaren arabera, Afrikako herrialde gehienetan ofizialki gerrarik ez dagoenez, jarrai dezakete euren herrialdean bizitzen, eta, beraz, ez dago haiei errefuxiatu estatusa emateko arrazoirik. Baina hori, esan bezala, adibide bat besterik ez da; beste bide asko daude migratzaileak kanporatzeko.

Zer ondorio izan ditu orain arte legedi berri horrek?

Hasteko, askoz zailagoa da uhartetik ateratzeko baimena lortzea. Hori oso larria da; izan ere, Moria jendez gainezka dago, eta, kontinentera joateko baimenak ematen ez badituzte, egoerak okerrera egingo du. Adibidez, Morian mila inguru dira bakarrik heldu diren adingabeak. Horientzako eremu berezi bat jarri zuten; baina 200 lagunentzako tokia bakarrik dago. Beraz, beste guztiek kanpalekutik kanpo bizi behar dute. Hori guztiz legez kanpokoa da.

Lehen, egoera berezian zeuden pertsonek uhartetik ateratzeko aukera zeukaten asilo eskaerarekin lotutako prozesua bukatu baino lehen; orain, ez. Lehen aipatu ditugun gazteak ez dira egoera berezian dauden bakarrak; beste milaka daude berdin. Baina hori ez da dena: deportazioak ere ez ditugu ahaztu behar.

Zein da Europako Batasunaren jarrera?

Ez du ezer egiten. Orain dela egun batzuk, [Alemaniako kantziler Angela] Merkelek eta [Turkiako presidente Recep Tayyip] Erdoganek bilera bat izan zuten Turkian, egoeraz hitz egiteko. Merkelek eskertu egin zion Erdogani errefuxiatuekin egiten ari zen «lan ona». Horrek argi uzten du zein den Europako Batasunaren jarrera.

Uste duzu egoera aldatu egingo dela luze gabe?

Nire ustez, zaila da egoera hau aldatzea, kontuan izanik zer jarrera duten Europako Batasuneko estatu kideek. Egia da orain egoerak okerrera egin duela, baina [aurreko lehen ministro Alexis] Tsiprasekin ere ez geunden hobeto. Gobernuak dira egoera hau aldatzeko giltza dutenak, eta, oraingoz, ez dute ezer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.