Emakumeen Nazioarteko Eguna. ANDREA BARNO

Beti borrokan

Goi mailako kirolaria izan da. Eskubaloi jokalaria Itxakon eta Espainiako selekzioan. Gozatu du, baina beti borrokan aritu behar izan duen irudipena gelditu zaio, utzi eta gero.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Lizarra
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Aurpegian sumatzen zaio erraten ari dena egia dela. «Hagitz kontent nago; garai zoragarria da oraingoa». Zortzi hilabeteko alaba besoetan du Andrea Barnok (Lizarra, Nafarroa, 1980) hitz egiten duen bitartean. Goi mailako kirolari anitzentzat zalantzaz betetakoa da lehiaketa utzi eta hutsetik hasteko prozesua. «Ziurgabetasuna ikaragarria da; nik ere sentitu nuen». Hiru urte pasa dira Barnok eskubaloia utzi zuenetik, eta aitortu du ez duela haren falta sumatzen, orain. Itxako taldearekin eta Espainiako selekzioarekin lortutako dominak inoiz baino garrantzitsuagoak iruditzen zaizkiola nabarmendu du, hala ere. «Begirada atzera bota, eta konturatzen naizelako beti aritu behar izan genuela borrokan; beti lehian. Emakumeon lan baldintzak beti izan dira kaskarragoak».

Barnoren lehiak eta borrokak jaso zuten saririk. Baina bertze emakume kirolari anitzentzat, esperientziak eta bizipenak dira ordain ia bakarra. Lizarrako jokalari ohia ez da damutu egindako hautuaz. «Eskubaloian aritu bertzerik ez nuen nahi. Baina argi izan dezala jendeak lortu genuena lortzeko gauza anitz eman behar izan genuela, gure bizitza pribatuaren zati bat ere bai».

Horregatik, arantza bat du Barnok, bihotzean sartuta: Itxako desagertu izana. «Ezin dut sinetsi, oraindik ere, lortutako dominak, egindako ibilbidea, hori guztia hutsean gelditu izana. Inoiz existitu ez balitz bezala».

Kirola egiteko beharra

Itxako desagertu baino lehen utzi zuen Barnok taldea, 2012an. Gazteak entrenatzen aritu zen hasieran, baina eskubaloia bazter uzten joan da, ordutik. «Alabarekin aukera gutxi dut orain; eta gogo handirik ere ez dut».

Eskubaloia bazter utzi arte ezin izan du ama izan. «Bertze hainbat herritan ohikoa da; jokalariek urtebete uzten dute eskubaloia, ama izateko. Eta ez da deus gertatzen. Baina hemen ezinezkoa da. Kontratuetan ere ez da halako etenaldia egiteko aukera jasotzen; ez zaio inori halakorik egitea bururatzen», azaldu du Lizarrakoak.

Lehiaketa bazter utzi du Barnok; ez, ordea, kirola. Pilates eskolak hartzen hasi zen, eta irakaslea bera da orain. Alabarekin egoteko denbora nahi du. Eta bilatu egiten du. Badu bertze zereginik, hala ere, bikotekidearekin jostailu denda zabaldu baitu, Lizarran bertan. «Nire egunerokoa erabat aldatu da, baina aldaketa ez da txarra izan». Martxoaren 8a alabarekin ospatuko du. Barnok ez baitu borroka bazter utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.